Kongoko Errepublika Demokratikoa. Hauteskundeak

Gaitasuna eta talentua Kinshasako kaleetan

Kongoko Errepublika Demokratikoko hiriburuko Bumbu barrutia «auzo abandonatua» dela uste dute hango biztanleek. Haietako askok kalean egiten dute lan egunero, bizitzeko lain irabazi eta zailtasun ugariei aurre egiteko asmoz.

Papyk 29 ute ditu, eta apaindegi bat dauka Bumbun, kalean bertan. Irudian, bezero bati azazkalak apaintzen. OSKAR EPELDE.
Oskar Epelde Juldain.
Kinshasa
2018ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Kinshasa osatzen duten 24 udalerrietako bat da Bumbu. Ezin esan udal demokratikoa denik egun, hauteskunde lokalak zeharo ahaztuta geratu baitira probintzia eta nazio osokoak antolatzeko edo desantolatzeko jorratutako bidean. «Auzo abandonatua» dela dio Joel bumbutarrak, gobernuak ez duela ezer egiten bizimodu kolektiboa hobetzeko. Kaleak zaborrez beteta daude, beste edonora botatzeko aukerarik ez dagoelako. Bumbuko herritarrek gaitasun eta talentu ugari dituztela ikus daiteke kalean bereizten diren lanbide moten bidez. Horietako bat etxeetako zaborrak jaso eta nonbait erretzea da. Gurdiarekin harat-honat ibili ohi dira, ikatz meategi batetik atera balira bezala. Duinki ordaindua behar lukeen ardura bat da, baina nekez ematen die langileei eguneroko janaria irabazteko adina.

Jean Goubald musikariaren ustez, kongoarrek «gizatasuna» galdu dute, «animaliak bezalakoak» bihurtu direlako. «Iratzarri ondoren, egun horretako janariaren bila atera behar dugu». Baina gizatasuna galdu dutela dioen teoriak kontraesan asko eragiten ditu Bumbuko bizitzan. Elkarren arteko maitasuna, «gizakia eta jainkoa adiskidetu ditzakeen maitasun hori», Goubaldek esaten duen bezala, ezkutaezina da Bumbun, eta begirada eta irribarreetan iragartzen da.

Bideak zuloz beteta daude, eta, bazterretan, diplomadun edo diplomarik gabeko gazteek bizimodua atera nahian dabiltza toldoen azpian. Egunean egunekoa besterik ez dutela bizi dira; bat telefonorako kreditua saltzen, beste bat tabakoa edo bateriak kargatzeko argindarra saltzen, eta horrela langile zerrenda luze bat. Papyk 29 urte ditu, eta, kaleko apaindegi batean, Bumbuko neskei azazkalak moldatzen dizkie estalki dotore eta margotuekin. «Nik ez nuen ikasteko aukera izan, baina, nire talentuarekin, ikasi dutenek baino hobeto aritzen naiz jadanik», dio Papyk, bere buruaz harro. 500 franko (0,28 euro inguru) kobratzen du esku bakoitzagatik, eta bezeroak ez zaizkio falta, esku garbi polita izateari eta, oro har, Kinshasan estetikari ematen zaion garrantziaren adierazle. «Burua erabiltzen dut nire bizitzarako, eta horri esker lortu dut norbait izatea», dio Papyk.

Goubald musikariaren ustez, «burua agian bai, baina bihotza ere» erabili behar lukete agintariek bizitza kolektiboa hobetzeko, eta ez bakarrik pertsonala. Haren arabera, agintariak euren «poltsikoak betetzeaz bakarrik» arduratzen dira, eta «inkontzienteak» dira. «Kongok duen aberastasunekin, ez dute ezta imajinatu ere egiten nolakoak izan litezkeen gauzak herria ondo antolatuz gero». Goubalden esanetan, Mendebaldeko multinazionalen «jokoan» sartzen dira agintariak, «iraultza soziala eta kulturala oztopatzeko». Goubalden aita funtzionarioa zen, eta ama alargunak 11.000 frankoko pentsioa bakarrik jasotzen du jan, sendatu, garbitu, argia eta ura ordaindu eta den dena egiteko: hilero sei euro inguru, alegia. Gainera, ez diete ezta erregularki ordaintzen ere, batzuetan zazpi hilabeteren buruan iristen baitzaie pentsioa, diru publikoa desagertu egiten baita agintarien eskuetan. «Agintarien etika» garatu nahian aurkeztu da Goubald legebiltzarrerako hauteskundeetara.

«Soldata barregarri bat»

Aberastasun naturalekin batera, talentuak ere begi bistakoak dira Bumbun zehar paseatuz gero. Tshisungu Kambak, Gabonak direla eta, argazki estudio bat jarri du kalean, auzolagunen erretratuak egiteko. Inprimagailu txiki bat darama gainean, eta momentuan ematen ditu argazkiak. «Argazkilaria naiz, baina egundoko arazoak ditut, kamera amateurra erabiltzeagatik. Bost umeren aita naiz, eta ez zait iristen umeen eskola ordaintzeko, bitarteko faltagatik», kontatu du. Duela hamalau urte hasi zen argazkilaritzan, baina ez du modurik aurkitu kamera profesional bat erosteko. «Eskura dudan guztia egiten dut kalitate ona zaintzearren, eta begi bistakoa da oso argazki onak egiten ditudala; kamera profesional bat edukitzeko aukera banu, haurren eskolak ordaindu ahal izango nituzke, eta, zergatik ez, lursail bat erosi. Orain, ordea, soldata barregarri bat jasotzen dut», azaldu du Kambak, 500 frankoko bi billete zimurtu erakutsiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.