Katalunia. Diada

Gazteak orain zergatik ez diren subiranistak

Generalitatearen barometroek erakusten dute orain hamarkada bat 18-24 urtekoak zirela independentistenak, eta, egun, aldiz, kontrakoa gertatzen dela. Prozesuak eragindako etsipena, ultren igoera eta COVIDa har daitezke hori azaltzeko arrazoi gisa.

Gazte batzuk, herenegun, Bartzelonan, besteak beste CUPek babestutako manifestazio batean. MARTA PEREZ / EFE.
Igor Susaeta.
Bartzelona
2023ko irailaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gazteena ez zen, ez, adin talde nabarmenena herenegun, ANC Biltzar Nazional Katalanaren Diadako manifestazioan. Datu oso esanguratsu batek hori ulertzeko argibide bat eman dezake. 2015ean eta 2016an, CEO Centre d'Estudis d'Opinio Generalitatearen organoaren barometroetan galdetzen zietenean herritarrei ea Katalunia estatu independente bat izatea nahi ote zuten, adin tarteak aintzat hartuta, 18 eta 24 urte artekoak ziren sezesioaren aldekoenak (%59). Zortzi urte geroago, azken barometroak, uztailekoak, erakusten du, hain zuzen, independentismoak boto emaile gazteenen artean duela babes txikien (%7).

«Adin jakin bat izatea ez da gauza bera garai guztietan», nabarmendu du Toni Rodon Zientzia Politikoetan doktore eta Pompeu Fabra Unibertsitateko irakasleak, telefonoz. «Lehengo gazteak motibatuago zeuden, lehentasunen artean zeukaten independentzia». Prozesu subiranista bete-betean zegoen duela zazpi-zortzi urte, eta Kataluniako agintariek herritarrei esan zieten, gutxi-asko, erreferendum bat egin eta baiezkoak irabazten baldin bazuen, herrialdea independentea izango zela. Iragarritako ondorioa ez zen iritsi, ordea. «Azalpen bat izan daiteke gazteen zati nabarmen bat etsita eta frustratua dagoela, gauzatu ez zen proiektu bat zegoelako».

Antzeko zerbait pentsatzen du Ana Flok (24 urte), nahiz eta «independentismoaren zerari» inoiz ez dion jarraitu. Uda amaierako ostiral iluntze goxo bat da, eta infusio bat edaten ari da itsasoraino iristen den Marina kaleko terraza batean. «Herritarrei promesa bat egin zieten, eta ez zuten bete».

Beherakada zerk eragin duen azaltzeko ahaleginean, Victor Celmak (26) beste arrazoi bat jarri du mahai gainean. «Nire ingurukoak proaktiboagoak ziren, auzi independentistari dagokionean: sare sozialetan, mobilizazioetan... Orain beste kezka batzuk dituzte: hezkuntza, osasun publikoa...». Ostiral goiza da Pompeu Fabrako Ciutadellako campusean, eta, ikasturtea hasi ez denez, jende gutxi dabil han. Itzulpengintza eta Interpretazioko Graduko tituluaren bila joana da Celma.

Marta Planas (21) ere horretara joan da; Politika Zientziak ikasi ditu. «Pandemia aldagai erabakigarria izan da. [Gazteak] Beste borroka batzuetan zentratu dira gehiago, eta ematen du ideologia bigarren maila batean gelditu dela». Iruditzen zaio, bide batez, COVID-19ak mugimendu independentista paralizatu zuela, eta «liderretako batzuk», Oriol Junqueras ERC Esquerra Republicanarena eta Carles Puigdemont JxC Junts Per Catalunyarena aipatu ditu, kartzelan edo erbestean izateak ez zuela lagundu —Junquerasi 2021eko ekainean eman zion indultua Espainiako Gobernuak—.

Elisabet Bescos (23) ere campusean dago, matrikulazio bat dela eta. Humanitateetako gradua egin zuen, eta, gazteenen botoaren norabideaz galdetuta, pentsakor gelditu da. «Eskuin muturraren azaleratzeak zerikusia duela esango nuke. Botoa oso polarizatuta dago: edo independentismoaren aldekoa edo eskuin muturraren aldekoa».

Urquinaona efektua deitutakoaz mintzo da, bestalde, Rodon. 2019ko urrian, Espainiako Auzitegi Gorenak buruzagi subiranisten aurkako epaiketaren sententzia kaleratu berritan, Bartzelonako Urquinaona plazan istiluak izan ziren herritarren eta Poliziaren artean. «Gazte asko zeuden han, gauzatu ez den ideia baten alde borrokan. Gertatu den guztia dela eta, gazte horiek jarrera sozial negatiboagoa dute independentzia prozesuari dagokionez».

Ostiral iluntzean Urquinaona plazatik pasatu, eta lekuaren esanguraren berri eduki gabe han daudenen artean, bi profil dira nagusi: turistak, eta atseden hartzen ari diren banaketa enpresa bateko bizikletadunak.

Politologoak pentsatzen du, gainera, independentzia babestearekin lotuta dauden aldagaien transmisio mekanismo batzuek, «beharbada», ez dutela «behar bezain ondo funtzionatzen».

'Erraz inpresionatzeko aroa'

Horrekin guztiarekin, nolabait, lotuta, zientzia politikoetan eta soziologian aztertzen duten kontzeptu bat izan du hizpide: Erraz inpresionatzeko aroa. «14 eta 22-23 urteen arteko aroa da. Hau da, urte horietan guztietan iritzi politiko bat osatzen da, eta horrek iraun egiten du». Rodonen esanetan, «ikerketa enpirikoek» erakusten dute herritarrak «iraunkorrak» direla beren «iritzi politikoan», eta mugimenduak mugatuak izaten diren arren, badela malgutasun apur bat. «Teoriaren arabera, iritzia aldatzera eraman zaitzake gertakari handi batek; halere, ez dakigu gertaera horiek zeintzuk diren». Independentziaren promesa izan liteke, adibidez. Flok gogoratu du duela hamarkada bat inguru subiranista ez ziren «asko» igo zirela «independentziaren gurdira», giroaren borborrak bultzatuta.

Erraz inpresionatzeko aroa kontzeptuaren berri edukita, Bescosek irribarre urduri bat marraztu du. Rodonen esanetan, independentismoak baditu kezkatzeko motiboak, hori kontuan hartuta. «Bai, noski. Dena den, iraganean ikusi izan dugu hau dena alda daitekeela. Adibidez, 2006-2010 inguruan, jendea zegoen ez zena, inondik inora, independentista; are, independentista ez izanda atera zen gizartera, baina estatutuaren inguruan gertatu zen guztiarengatik iritzia aldatu zuen». 2010ean, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak murriztu egin zuen lau urte lehenago erreferendum batean onartutako Kataluniako estatutu berria,

Ikusteko dago, gainera, jatorria Espainiako Estatutik kanpo eduki eta Katalunian bizi direnen seme-alabek zer hautu egingo duten. Horrek «mesede edo kalte» egin diezaioke independentismoari, Rodonek azpimarratu duenez. «Gurasoak kanpokoak direnean, lotura txikiagoa da. Baina ikerketek zera erakusten dute: gurasoak kanpokoak izanagatik zuk klase ertaineko estatus bat —barkatu estereotipatzeagatik— baduzu, eta hezkuntza maila normal bat edo batezbestekoarena baino handiagoa, independentistagoak aterako dira zure seme-alabak. Gurasoek bizimodua aurrera ateratzeko gaizki pasatzen badute, ez dira gertatzen katalanismoa gizarteratzeko mekanismoak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.