Koronabirusa. Felipe Tapia. Max Planck institutuko ikerlaria

«Estrategia aniztasuna lagungarria izango da txerto bat lortzeko»

Tapiak uste du lehenengo txertoak prest egongo direla urte amaierarako. Zehaztu du lehen sorta ez dela nahikoa izango herrialde guztiak hornitzeko. Txerto ez-aktiboen erantzuna sendoa izango dela uste du.

BERRIA.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Koronabirusaren kontrako txertoa nola egin daitekeen argitu ondoren, hurrengo erronkari heldu beharko zaio: milioika dosi ahalik eta denbora tarte laburrenean ekoizteari. Helburu hori lortzeko ari da lanean Felipe Tapia ingeniari kimiko txiletarra. Max Planck institutuko ikerlaria da Alemaniako Magdeburg hirian, baita Contivir ikerketa proiektuaren sortzaileetako bat ere. Haren taldeak 1,1 milioi euroko finantzaketa jaso du berriki, Alemaniako Gobernuaren eta Europako Batasunaren eskutik.

Zer lan ari zarete egiten Max Planck Institutuan koronabirusarekin lotuta?

Hainbat motatako txerto hautagaiak ari dira garatzen koronabirusaren aurka. Gu hildako birusekin ari gara lanean. Birusa sortzen dugu, eta gai kimiko batekin hiltzen dugu. Txerto ez-aktiboen produkzioan ari gara. Horiek ekoizteko prozesu ahalik eta eraginkorrena garatzea da gure lana. Nire taldeak birus kultiboak egiten ditu bioerreaktoreetan, txerto ez-aktiboak eskala handian ekoizteko.

Zer berezitasun du garatzen ari zareten ekoizpen prozesuak?

Erreaktore jarraituen bidezko ekoizpena ari gara lantzen. Jarraian lan egiten duten erreaktoreak ohikoak baino bi bider azkarragoak dira, eta, beraz, ekoizpena askoz ere ekonomikoagoa da. Diru laguntza garrantzitsua jaso dugu Alemaniako Gobernuaren eta Europako Batasunaren aldetik: milioi bat euro inguru. Txerto hautagaiek fase guztiak gainditzen dituztenean, txertoak ekoizten hasiko gara erreaktoreekin.

Noiz egon liteke txertoren bat ekoizten hasteko prest?

Hedabideetan irakurtzen ditugun aurreikuspen gehienak 12-18 hilabete artekoak dira. Kalkulu horiek txerto ez-aktiboen orain arteko prozesuetan oinarritzen dira, baina ez dakigu zer gertatuko den bestelako estrategiak garatzen ari diren txertoekin. Moderna, Inovio eta Bioentech enpresak mRNA motako txertoak lortu nahian ari dira, eta, esaten dutenez, txerto ez-aktiboak baino azkarrago ekoitziko lirateke. Adierazi dute abendurako txerto kopuru esanguratsu bat izango dutela prest, baina, teknologia berria denez, ezin dugu ziurtatu hala izango denik.

Gaitzaren kontrako txertoak lortzeko estrategia bat baino gehiago garatzen aritzea onerako da, ala kalterako?

Estrategia aniztasuna lagungarria izango da txerto bat aurkitzeko prozesuan. Hura azkartzen lagun dezake. Nik uste dut txerto ez-aktiboek erantzun sendoa emango dutela. Mota horretakoak ari dira garatzen Txinan. Txerto ez-aktibo bat onartuko dela uste dut, teknologia horrek dagoeneko 70 urteko ibilbidea baitu merkatuan. Kontua da, larrialdi egoeran gaudenez, ezin dugula soilik mota horretako txertoen menpe egon. Nazioartean estrategia posible guztiak ari dira babesten, gaitzaren kontrako erantzuna ahalik eta azkarrena izan dadin. Ea azarorako edo abendurako baden modua lehenengo txerto sortak ekoizteko.

Txinan garatzen ari diren bakuna ez-aktiboak emaitza onak lor ditzakeela egia izan arren, ez da ziurra milaka milioi dosi ekoizteko gaitasuna izango ote duten. Arazo hori gainditzeko, beste mota bateko teknologia garatzen ahalegintzen ari dira. Adibidez, txerto birkonbinatuak, mRNA motakoak eta abar.

Herrialde guztietan txertoa eskuragarria izateko beharraz ohartarazi du Osasunaren Mundu Erakundeak.

Herrialde gehienek ez dute txertoa beren kabuz ekoizteko ahalmena. Industrializatutako hainbat estatuk ere beste batzuekiko mendekotasuna dute. Noski, pentsa daiteke txerto bat garatzea lortzen duten enpresek beren herrialdeetako biztanleria immunizatzea lehenetsiko dutela. Helburu hori lortzen dutenean soilik hasiko dira atzerrira txertoa esportatzen.

Beraz, txertoa mundu osora zabaltzeko denbora gehiago beharko da oraindik.

Lehenengo txertoen ekoizpena ez da nahikoa izango munduko biztanleria hornitzeko, baina, segur aski, biztanleria talde jakin batzuei txertoa jartzeko aukera izango da. Agian, talde estrategikoei: ospitaleetan lan egiten dutenei, adinekoei, kutsatzeko arriskurik handiena dutenei...

Txerto bat garatzeko prozesuan derrigorrezkoa da segurtasun neurri zorrotzak betetzea, arriskuak ahal bezain beste murrizteko. Arau horiek malgutu beharko lirateke pandemia egoeran?

Pandemia batean, arlo guztiak daude estu. Ekoizleak txertoa ahalik eta lasterren lortu nahian ari dira, eta agintariek larrialdiaren presiopean erabaki behar dute txerto bat onartzen duten ala ez. Baliteke txerto bat garatzeko ohiko prozesuak hamar urte irautea, eta guk ezin dugu horrenbeste itxaron. Horrek arrisku handiagoa hartzea dakar; txertoa jartzen hasteko garaian probabilitate jakin bat dago albo kalteak agertzeko. Baina nik uste dut mundu osoa dagoela ados pandemia garaian erabakiak azkarrago hartzearekin, eta horretan ari dira.

Koronabirusaren mutazioei buruz ez da askorik argitu oraindik. Nola eragin diezaioke horrek txertoen eraginkortasunari?

Birusa ugaritzen ari da. Pertsonatik pertsonara jauzi egiten ari den heinean mutatzen ari delako, gripearen birusa mutatzen den bezala. Horregatik hartu behar izaten da urtero gripearen kontrako txertoa. Hori oso garrantzitsua da. Izan ere, txertoa motelegi egiten bada, gaur egun zabaltzen ari diren birusekin, eta birusa azkar mutatzen bada, hemendik sei hilabetera aterako diren txertoak ez dira horren eraginkorrak izango ordurako hedatzen arituko diren birusen aurka. Hori da txertoa ahalik eta azkarren garatzeko beste arrazoietako bat.

London School of Hygiene and Tropical Medicine zentroaren ikerketa batek dioenez, birusaren spike proteina eraldatzen ari da mutazio batzuetan. Horrek egoera zailtzen du?

Hain justu, spike proteina da txertoak garatzeko oinarri moduan erabiltzen ari dena. Bereziki, mRNA motako txertoa garatzeko. Oxfordeko Jenner institutukoek proteina hori bakartzea lortu zuten duela bizpahiru hilabete, eta adenobirus izeneko birusaren azalean txertatu dute. Adenobirusak hotzeria arrunta eragiten du, baina spike proteina azalean duela gorputzaren erantzun immunologikoa piztea bilatzen dute. Birusa mutatzen denean spike proteina aldatzea da arazorik handiena. Horren ondorioz, gerta daiteke gorputzak mutatutako birusa ez identifikatzea koronabirusaren aurreko bertsioarekin, eta birus berri bat balitz bezala jokatzea.

Lehen txertoa lortzen bada, errazagoa da haren mutazioei aurre egiteko txertoa ekoiztea?

Birus berri batentzako txerto bat garatzen duzuenean, galdera asko sortzen dira ikuspegi biologikotik harago. Argitu behar da zer produktu erabiliko diren txertoa egiteko, nola desaktibatuko den birusa, nola gordeko den, nola eramango den txertoa hotz katea ahula den herrialde pobreetara... Arazo horientzako erantzunik ez da izango lehenengo txerto bat lortu arte. Ondoren, mutazio berrientzako txertoak behar badira, aurreko txertoen esperientzia baliagarria izango da, eta hurrengo txerto sortak errazago ekoitziko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.