Ikus-entzunezko lanen ekoizleak kezkatuta agertu dira EITBk euskal gatazkaren memoria lantzen duten filmen inguruan hartu duen ildoa dela eta. Izan ere, ekoiztetxe bakar bat egiten ari da euskal gatazkaren memoriari buruzko Gogora institutuaren enkarguak, eta beste ekoiztetxeek EITBn eta Gogora-n ate joka ibili behar izaten dute, euren ekoizpenak emititzeko onespenaren bila.
Gatazka lantzen duten zenbait ikus-entzunezko lan zuhurtzia handiz hartu ditu EITBk azken hilabeteotan. Batzuk zuzenean ez emititzea deliberatu du, «lerratuegiak» direlakoan; beste batzuen kasuan, emisio eskubideak erosi ditu, Kataluniako TV3 kateak zabaldu ondoren, nahiz eta ekoizteko diru laguntza emateari uko egin zion. Hori da torturaren erabilera politikoa lantzen duen Bi arnas dokumentalaren kasua, esate baterako.
Euskal Herriak konfrontazio armatu gogorra bizi izan du azken hamarkadetan, eta ertz askotatik hel dakioke horrek eragindako sufrimendu handiari. Gertatu denaren argazki ahalik eta osatuena izateko eskubidea dute belaunaldi gazteek, euren interpretazio propioa landu ahal izateko. Atal batzuk erakustea eta beste batzuk ezkutatzea ez da modurik onena kontakizunaren ñabardurak azaltzeko. Zerbitzu publikoak aniztasuna eskaini beharko luke, jendeak nahieran erabakitzeko.

HIZPIDEAK
Gatazka, 'nahieran'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu