Albistea entzun

Heriotza galdekatu zuen autore eszenikoa

Gaur duela 100 urte jaio zen Ingmar Bergman, XX. mendearen bigarren erdian Europan izen zen zuzendaririk garrantzitsuena akaso. Zinemarako eta telebistarako egindako lan existentzialek arrasto nabarmena utzi dute ondorengo belaunaldietan.
Ingmar Bergman zinema zuzendaria 1963ko argazki batean.
Ingmar Bergman zinema zuzendaria 1963ko argazki batean. AP PHOTO Tamaina handiagoan ikusi

Andoni Imaz -

2018ko uztailak 14

Haginetako mina baduzu, mihia beti hara doa. Beti zara zaurien kontziente». Atmosfera ilun, dramatiko eta etsigarri batek inguratu ohi du Ingmar Bergman zuzendaria, existentziaren zauriak irudikatzen gutxi bezain abila. Bizitzaren ezinegonak eragindako galderak biltzen ditu bere obrak, sinesmenari, maldizioei, egiari eta heriotzari erantzunak atera nahian.

1918ko uztailaren 14an jaio zen, Uppsalan (Suedia), familia luthertar batean. Zorrotza zuen aita, artzain protestantea bera, eta haren sermoiekin hezi zen Bergman gaztea, mortifikaziorako joera handiarekin. Bekatua, zigorra, aitortza eta barkamena zituen oinarrian jaso zuen hezkuntzak, eta horiek ezarri zuten zinemagileak gurasoekin —aitarekin, batez ere— eta jainkoarekin izango zuen harremana.

Fantasia handiko mutikoa zela dio, askotan zer gertatu zen benetan eta zer bere irudimenean ez bereizteraino. Erlijioan fedea galdu ostean, egiaren bila aritu zen bere lanean —batzuetan iradokiz ilusioaren bidez besterik ezin dela atzeman—, baina gezur asko kontatu behar da egiara bidean, eta zaila da bereiztea zenbat duten gezurretik edo mitotik Bergmanek bere buruaz esandakoek.

Bigarren Mundu Gerraren ondoren ekin zion filmak zuzentzeari, orduko gizartearekiko jarrera errebelde batekin akaso, baina gerra aurreko lanak gogorarazten dituen jarraitutasun estetiko batekin. Lehenengo filmaketak tamalgarriak ziren, zuzendariak berak ondoren adierazi zuenez, baina antzerkitik zetorren mise-en-scène landu bat ere igar zitekeen haietan. Autorearen filmografian errepikatuko ziren pertsonaiak agertzen hasi ziren —manipulatzailea, nihilista edo bizizale zinikoa—, anbiguotasun moralarekin jokatzen zuen dagoeneko, eta gero eta handiagoa zen Italiako neorrealismoaren eragina. Hala, Fängelse (Presondegia, 1949) iritsi zen, Ingmar Bergmanek berak oso-osorik sortutako lehen filma, eta ondorioz, lehen autorretratua.

Baina aurreneko arrakasta ez zen 1953ra arte iritsi; Sommaren med Monika (Uda Monikarekin) filmean, Harriet Andersson aktorea aurkitu eta erotismoari bide eman zion zuzendariak. Europa iparraldeko neorrealismoa suspertzen hasia zen, eta Monikaren emantzipazio begiradaren atzean film eder bezain izugarri bat ondu zuen Bergmanek. Egia da, halere, arrakastaren zati handi bat filmaren eduki erotikoak eragina izan zela.

Sekula ez zen erregistro bakarrean iltzatuta geratu, eta horren erakusle dira hurrengo filmetan egin zituen aldaketa bortitzak. Haren izen ona nazioartean zabaldu zuten Sommarnattens leende (Uda gaueko irribarreak, 1955) antzinako komediak, Det sjunde inseglet (Zazpigarren zigilua, 1957) alegoria metafisikoak eta Smultronstället (Basa marrubiak, 1957) road movie existentzialak.

Elkarren artean alde handia dagoen arren, diptiko bitxia osatzen dute Zazpigarren zigilua-k eta Basa marrubiak-ek; bi bidaia heriotzara, bi bilaketa, baina esperantza askatzaile batekin. Heriotzaz eta bizitzaren zentzuaz aritu zen Bergman garai hartako filmetan, jainkorik eza eta humanismoaren dekadentzia ardatz hartuta. Protagonista bakoitzak bere bilaketa dauka: herioari berari xake partida baterako erronka luzatuta, edo oroitzapenetan murgildu eta haietan barna bidaiatuta.

Hurrengo filmetan, zuzendariak kontatzen du nola bizi duten pertsonaiek, barrenetik eta gorputzetik —aurpegitik, batez ere—, jainkoaren existentziarik eza baino gehiago, haren agerpenaren falta, jainkoaren isiltasuna. Garai hartakoak dira Såsom i en spegel (Ispilu ilunean zehar, 1961), Nattvardsgästerna (Jaunartzaileak, 1963), Tystnaden (Isiltasuna, 1963) eta, bere obraren gailurretako bat: Persona (1966).

Zinemaren osteko aroa

Zinema utziko zuela iragarri zuen 1982an, Fanny och Alexander (Fanny eta Alexander) bere azken filma zela adieraziz. Erdizka bete zuen bere hitza, telebistarako beste hainbat film egin baitzituen ondoren. 60ko hamarkadatik hasia zen telebistarako ekoizpenak egiten, eta horrela jarraitu zuen XXI. mende hasierara arte. Scener ur ett äktenskap (Senar-emazteen eszenak, 1973) filma, esaterako, telesail modura aurkeztu zuen, eta amaitzerako hiru milioi pertsonak jarraitu zuten Suedian telebista bidez —herrialdeko biztanleen erdiak—. Esperimentaziorako nahi beste aukera izan zuen Bergmanek telebistarako egin zituen lanetan, eta ezin da esan horiek bigarren mailakoak direnik, bere unibertsoaren barruan narratiba eta espresio forma berriak landu baitzituen.

Jenioaren itsasargia

Baltikoko Faro irla aterpe izan zuen Bergmanek bere bizitzako azken urteetan, mundutik bakartuta. Film baterako dekoratu bila zebilela egin zuen topo harekin, eta Persona maisulana bertan filmatu zuen, besteak beste. Azkenean, 85 urterekin, Faroko hondartza batean eraikia zuen etxera joan zen bizitzera; edo hiltzera. 2007ko uztailaren 30ean hil zen —Michelangelo Antonioniren egun berean—, eta kostako da zinema modernoaren aitek haien filmen bidez egindako galderek utzi zuten arrastoa ezabatzea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Denis Martinez eta Olaia Valle dantzariak, Barakaldo antzokian, <em>Esna</em> obraren entsegu batean. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

'Esna' ikuskizuna ondu dute Marie de Jongh eta Doos konpainiek

Olatz Enzunza Mallona

Dantza eta antzerkia uztartuko dituen ikuskizun bat ondu dute elkarlanean Marie de Jongh eta Doos konpainiek: 'Esna'. Joko esperimentu gisa definitu dute. Bihar izango da estreinaldia.

 ©Mailo Oiarzabal

Pasio baten fruituak

Mailo Oiarzabal - Gipuzkoako Hitza

Urteetan jasotako eta gordetako bertso grabazioak transkribatzea erabaki zuen Xabier Unanuek duela ia hogei urte. 42.000 bertso baino gehiagoko bilduma osatu, eta Zestoako liburutegiari utzi dio.

Soledad Sevilla erakusketaren aurkezpenean, atzo, <em>Gatza</em> oihalaren aurrean. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Soledad Sevillaren 'Nire paisaia propioa' ikusgai dago Kubo Kutxan

Naroa Torralba Rodriguez

Soledad Sevilla artistaren 'Nire paisaia propioa' ikusgai dago Kubo Kutxan. Ibilbide baten proposamena da. Berak aukeratu ditu obrak eta kokapena

<em>Ketariatik mundura</em> pastoralaren bost partaideak. ©BERRIA

Elkanoren bidaia, pastoral «ttipi» batean, bihar, Iruñean

Uxue Rey Gorraiz

'Ketariatik mundura' «nanopastorala» eginen dute bihar iluntzean Iruñean. Hiru aktore eta bi musikari ariko dira, ordu eta erdiz. Mixel Etxekoparrek idatzi du obra

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...