'Ethan Frome'

Her(r)i(h)otzaren mugetan

Idazlea: Edith Wharton. Itzultzaileak: Miren Arratibel eta Aintzane Atela. Argitaletxea: Erein, Igela eta EIZIE.

2022ko azaroaren 13a
00:00
Entzun

Edith Wharton idazle estatubatuar entzutetsu eta sarituaren Ethan Frome eleberri laburra euskaratu dute Miren Arratibel eta Aintzane Atelak, Erein eta Igela argitaletxeekin eta EIZIErekin elkarlanean. Jatorrizko bertsioaren izenburu bera dakarren itzulpena XIX. mende bukaerako eta XX. hasierako Ingalaterra Berrian girotuta dago. Mintzagai dugun nobelak, badu, baina, Whartonen lan gehientsuenekiko berezitasun txiki bat: kasu honetan, eleberriak klase ertain-altuko bizilagunak ez, ezpada landa eremuko Starkfield txikiko herritar xeheak bistaratzen dizkigu. Elurrezkoak dira deskribatzen diren paisaiak, hotzak neguko egunak, eta zuriak pertsonaien bizitzak, batez ere Ethan Frome protagonistarenak, maitasun istorio tragiko baten pertsonaia nagusia izaki.

Maitasun ezinezkoa gai errepikakorretako bat dugu arte adierazpen eta garai guztietan. Hizpide dugun obra motibo diakroniko eta unibertsal horren adibide argi bat dugu; ez da, hortaz, gai aldetik originala, bai, ordea, gaia tratatzeko eta kontatzeko moduan. Pretentsio handirik barik, itzulinguruak eta betegarriak albo batean utzi eta soiltasunetik dakartza istorioko gertaera eta pertsonaia guztiak. Zuzen eta artez kontatzearen aldeko hautua egin zuen idazleak obra idazterakoan, eta modu berean hezurmamitzen dira pertsonaien barne munduak ere. Nago, itzultzaileek ere premisa horri men egin eta erabili duten erregistro linguistikoarekin hori bera transmititu nahi izan dutela. Alde horretatik, azpimarratzekoa iruditzen zait Arratibelen eta Atelaren lana, beste hizkuntza batera ekarri arren, jatorrizkoaren esentzia mantentzeko giharra dutela erakutsi baitute, irakurketaren sinesgarritasunaren eta jariakortasunaren mesederako.

Narratzaileak ere badu berea. Hirugarren pertsonako kontalari bat agertzen zaigu, zeinak aktiboki parte hartzen ez badu ere, istorio barrutik diharduen. Bere presentzia pertsonaia bezala, obraren lehenengo eta azkeneko orrialdeetan da nabarmena. Gainontzekoan, nitasunetik diharduen ahots hori, frometarren bizitzetan urtzen da, hain non, Ethan Frome eta enparauen nondik norakoez hitz egiterakoan, pertsonaia izatetik, kontalari «tradizional» bat izatera pasatzen den, horrek dakarren pertsona gramatikalaren aldaketa eta guzti. Egia da joko narratibo horrek ez nauela ezustean harrapatu, idazleak, obraren hitzaurrean, erabilera horren zergatia luze eta zabal azaltzen baitu, baina, ez da izan, traman sartu aurretik, espero nuen erabilera. Kontakizunaren plano diegetiko edo narratiboen joko biziagoa espero nuen, liburua irekitzearekin batera aurkitu dudan narratzaile pixka bat detektibea kontuan izanda, Edgar Allan Poek Rue Morgueko hilketak lanean egiten duen antzeratsu, esate baterako. Idazlearen hautuaren zergatia ulertzen dudan arren, eta nahiz eta argi izan hizpide dugun obra ez dela polizia-nobela bat, aitor bekit alderdi horrek nire espektatiben horizontearekin talka egin duela. Hortaz, gai ohikoa erabili arren, esan daiteke idazleak erakutsi duela irakurle hau harritzeko trebezia nahikorik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.