LOMLOE legea. Montse Bassa. Hezkuntza Batzordeko ERCren bozeramailea

«Murgiltzea politizatu nahi izan dute; tresna pedagogiko bat da»

LOMLOEn gaztelera irakaskuntzarako hizkuntza ez izatea adostu dute ERCk eta Espainiako Gobernuak. Bassak uste du Kataluniako murgiltze eredua babestea lortu dutela, eta haren emaitzak azpimarratu ditu.

ERC.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Hezkuntza lege berriko (LOMLOE) alderdirik gatazkatsuenetako bat da ERCk, Unidas Podemosek eta PSOEk adostutakoa: gaztelania ez da irakaskuntzarako hizkuntza izango. Montse Bassa (Torroella de Montgri, Girona, Herrialde Katalanak) legea eztabaidatzen aritu den Hezkuntza Batzordeko ERCren bozeramailea da. Praktikan aldaketa handirik ez duela eragingo uste duen arren, «presioa» arintzeko tresnatzat du.

Katalunian, murgiltze ereduarekin 1983-1984ko ikasturtean hasi zineten, hemeretzi eskolatan, eta 1992-1993koan orokortu zenuten. Zer emaitza lortu duzue?

80ko hamarkadan, Katalunian gazteleraz hitz egiten zutenen immigrazio handia zegoen. Duela 30 urtetik, Kataluniako eskoletatik ateratzen diren ikasleek konpetentzia linguistikoa dute katalanez eta gazteleraz. Murgiltze ereduagatik izan ez balitz, ez litzateke hala izango. Arrakasta erabatekoa da. Oraingo legea negoziatzen hasi ginenean, guk lau marra gorri jarri genituen: murgiltzea; ikastetxe batek ere ez egitea sexuen bereizketa; marra gorri nagusia, eta asko kostatu zitzaiguna, konpetentziak areagotzea. Azken marra gorria erlijioa zen. Uste dugu erlijioak ez duela ikasgai izan behar eskolan, eta gutxiago notarako aintzat hartu.

Murgiltze ereduari dagokionez, zein da egungo egoera?

Arazoa PPren legearekin [LOMCE] hasi zen. Inposatu egin ziguten gazteleraz izatea hezkuntza, eta [Espainiako] Auzitegi Konstituzionalaren errekurtsoak hasi ziren. Familia batzuk gaztelerazko hezkuntza exijitzen hasi ziren. Orduan, oso argi genuen Kataluniako Autonomia Estatutuak eta Kataluniako Hezkuntza Legeak argi esaten zuela irakaskuntzarako hizkuntza katalana zela, eta guk ez genuen inola ere gure hezkuntza sistema aldatu. Praktikan, umeek segitu dute katalanez ikasten, gaztelania irakasgai izanda, baina hemendik aurrera, kendu egingo dugu PPk ezarri nahi zuen presioa.

Familia batek haurrak katalanez ikastea eskatuta, orduen %25a gazteleraz egiten zuen, ezta?

Hori zen eskatzen zutena, baina egiaz oso familia gutxik galdegin zuten. Eztabaida oso handia da Kataluniatik kanpo, baina bertan bizi den jendearen errealitatea bestelakoa da. Irakaskuntza gaztelaniaz izateko eskaera oso-oso minoritarioa izan zen: hogei familiaz hitz egiten ari gara. Jendeak baloratzen du Kataluniako eskolatik ateratzean katalana, gaztelera eta atzerriko hizkuntza menperatzea. Murgiltze eredua metodologia bat da, Europako hainbat lekutan egiten dena. Politizatu egin nahi izan dute, baina tresna pedagogiko bat baino ez da. Kataluniako ikastetxe publiko eta itunpekoetan ikasi duten guztiek bikain idazten eta hitz egiten dute katalanez.

Auzitegiek jarri al dizuete oztoporik?

Noski. Tresna pedagogiko hau politizatu dutenek Auzitegi Konstituzionalera eraman dute, eta sententzia batzuk izan ditugu. Praktikan, jarraitu dugu irakaskuntza katalanez egiten. LOMLOEk konponduko duena da epaileak ez sartzea hezkuntzaren eremuan. Garaipen handia da.

Adostu duzue gaztelera ez izatea irakaskuntzarako hizkuntza. Horrek babesa emango dizue, ezta?

Bai. Gure zuzenketarekin lortu dugu LOMLOEn ez zehaztea gaztelera dela irakaskuntzarako hizkuntza. Orain arte, Katalunian esaten genuen «katalana da irakaskuntzarako hizkuntza», eta, orain, Madrilgo gobernuak ere esaten du. Hori garaipen handia da.

Unidas Podemosekin eta PSOErekin lortu duzue akordioa. Nolakoa izan da bidea?

Negoziazio guztietan bezala: hitz egiten eta hitz egiten. Egia da gobernuan zeudenek —Unidas Podemosek eta PSOEk— hainbat talderen babesa behar zutela; bestela, ezin zuten Wert legea indargabetu. Hortaz, aldeko puntua zen gure baiezko botoa behar zutela jakitea, eta negoziazioa errazteko modu bat izan zen. Guk sinesten genuen eginbehar bat zela Wert legea indargabetzea, baina ez edozein preziotan. Nik esan nien: «LOMCEen aurka gaude, baina guk ez dugu indargabetuko ez baditugu lortzen abantaila handiak Kataluniako hezkuntza sistemarentzat».

PPk, Ciudadanosek eta Voxek esan dute auzitegietara joko dutela. Zer uste duzu erakusten duela jarrera horrek?

Argi dago jende zentralistaz inguratuta gaudela, eta saiatzen dira guztia arrazoitzen Espainiaren batasunaren bidez. Hezkuntza Batzordean ez zuten gaztelerari buruz hitz egiten, espainierari buruz baizik. Horrekin dena esanda dago. Preso politiko baten ahizpa bezala, aspaldi ikasi dut jende horri ez diodala entzungo. Lanean ari gara, ez Wert legea indargabetzeko bakarrik, baita errepublika independente batean Kataluniako lege propio bat edukitzeko ere. Espainiako Gobernuaren estatu mailako lege bat guretzat inoiz ez da izango lege ideal bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.