ERALDAKETARAKO LEHEN IRIZPIDEAK

Aiaraldea ekonomikoki biziberritzeko hainbat irizpide biltzen dituen txostena onartu du Eusko Legebiltzarrak. 26 milioi eurorainoko plan bana egiteko galdegin die Jaurlaritzari eta Arabako diputazioari. Alkateek begi onez hartu dute txostena, baina esan dute bide luze baten hasiera dela.

Aiaraldean biztanle gehien dituen herria da Laudio, Amurriorekin batera. Bi herri horiek dituzte langabezia tasarik handienak ere. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2021eko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrak onartu du Aiaraldea eskualde «kolpatua» dela ekonomikoki, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu dio berehalako talka plan bat eta luzera begirako erakundeen arteko plan estrategiko bat egiteko hura suspertzeko. Zehazki, 26 milioi arteko inbertsioak egiteko oinarri batzuk ezarri dizkio. Eskualdearen egoera sozioekonomikoa aztertzeko legebiltzarreko lantaldearen txostenak biltzen ditu irizpide horiek. Azaroko azken osoko bilkuran onetsi zuten testua.

EH Bilduren ekimenez, aurreko legealdian jarri zuten martxan lantaldea, eskualdearen bilakaera ekonomikoak arduratuta. Izan ere, urteak dira burua altxatu ezinik dabilela. Industria sektorearen eraldaketak, batetik, eta elkarren segidako krisi ekonomikoek, bestetik, ataka estuan jarri dute bilakaera ekonomikoa. Askotariko erakunde, elkarte eta enpresatako ordezkari eta eragileek parte hartu dute lantaldean: 40 lagunek denera, eta nork bere argazkia erakutsi du, ondoren mapa orokorrago bat osatu ahal izateko.

Txostenak zehazten du, besteak beste, ibarrak 1990eko hamarkadan jaso zuela aurreneko «kolpea», industria ehuna desagertzen hasi zenean. 2008ko krisiak, ordea, «larriagotu» egin zuen kolpe hori, eta artean orduko egoerari buelta eman ezinean ari zenean iritsi zen COVID-19aren krisia, zeinak «arazoa handitu» besterik ez duen egin. Industria da eskualdeko ekonomiaren motorra; Aiaraldeak «menpekotasun handia» dauka sektore horrekiko, «batez ere bertan dauden industria enpresa multinazional indartsuekiko».

Hasiera baino ez

Ander Añibarro Laudioko alkateak (EAJ) «begi onez» hartu du legebiltzarraren txostena, batez ere bide luze baten norabidea zehaztu duelako. «Oso albiste ona da legebiltzarrak eskualdearen egoera aztertu eta txostena onartu izana, plan bat egingo delako eta dirua ekarriko duelako Aiaraldera. Eta hori ekonomia berpizteko lehen oinarria izango da». Ohartarazi du, halere, hasiera baino ez dela, orain Eusko Jaurlaritzari eta Arabako Foru Aldundiari baitagokie irizpide horiek aintzat hartu eta ekintzak zehaztea. «Txostenak hainbat gidalerro ditu, baina ez ditu egin beharreko ekintzak zehazten; gomendio batzuk baino ez ditu ematen. Zer egingo den plan estrategikoetan erabakiko da; beraz, itxaron egin beharko dugu oraindik ondorioak ateratzeko. Goizegi da oraindik ezer esateko».

Laudio da krisiak gehien jo duen herrietako bat, Amurriorekin batera. Eskualdeko bi herri nagusiak dira, biztanle gehien bizi diren bi herriak dira, eta langabezia tasarik handienak dituztenak: hurrenez hurren, %13,5 eta %15,6, txostenean adierazi dutenez. Gainerako herriak txikiagoak dira biztanle kopuruari dagokionez, eta tasa ere apalagoa da gehienetan. Batez ere, Bizkaikoak diren ibarreko herrietan: Arakaldon, Arrankudiagan, Urduñan eta Orozkon.

Herri horiek ere aintzat hartu ditu legebiltzarrak eskualdearen azterketa egitean. Administratiboki eskualde berekoak ez badira ere, lotura estua dute Aiaraldearekin, bai arlo ekonomikoan, bai sozialean eta laboralean. «Gu biei begira gaude: Arabari eta Bizkaiari», adierazi du Txutxi Ariznabarreta Arrankudiagako alkateak (EH Bildu). «Beti esaten digute gure industria-erreferentzia eremua Basauri edo Galdakao ingurua dela, baina hemen jende askok lan egiten du Laudion eta Amurrion».

Bada, muga politiko oro gainditu eta eremu naturalari erreparatzea galdegin du Ariznabarretak. «Nerbioi eta Ibaizabal ibarren garapen eta politika industriala planteatu behar da, Urduñatik hasi eta Bilboraino. Hor politika batzuk garatu behar dira probintzialismoaren gainetik». Hain zuzen, legebiltzarrak ere «beharrezkotzat» jotzen du erakunde harremanen eredua hobetzea, «koordinazio falta» dagoela ondorioztatu baitu lantaldeak. Bada, horri aurre egiteko, erakunde arteko mahai bat sortzea proposatzen du.

Tokitik eragin

Alkateek ere uste dute elkarlana ezinbestekoa dela. «Nork bere ahalmen eta eskumenen arabera tira egin beharko du», azpimarratu du Añibarrok. «Udalok, adibidez, ez daukagu industrian eragiteko eskumenik. Intentzio guztiak ditugu, baina ahalmenik ez, eta are gutxiago dirurik. Beraz, uste dut lan handia daukagula hurrengo hilabeteetan mahai horretan».

Ildo beretik hitz egin du Ariznabarretak ere: «Kasu gehienetan udalok ez daukagu eragiteko gaitasunik; gure ahalmen eta baliabide muga guztiak gainditzen dituzte, eta uste dugu horretan lagunduko dutela plan estrategikoek eta egin daitezkeen inbertsioek».

Hori izango da, hain zuzen ere, udalen egitekoa aurrerantzean: tokitik eragitea. Hala berretsi du Añibarrok ere: «Zertan egongo garen? Bada, ideiak ematen, laguntzen eta egin beharreko ekintzak aurrera eramaten. Gure esku dagoena egingo dugu». Izan ere, jarduera ekintzak Jaurlaritzak eta diputazioak erabaki beharko badituzte ere, udalek ere badute zeresana horretan.

Ariznabarretak, esaterako, lau zerrendatu ditu funtsezko gisa: ur zikinen araztegia Arrankudiagara iristea, oraindik ibaira bideratzen dituztelako; industria guneak eraberritzea, erakargarriagoa eta lehiakorragoa izan dadin laguntzeko; Nerbioi eta Ibaizabal ibaiak biziberritzea, herrietako eta auzoetako mugikortasunari begira; eta trafiko astuna herritik ateratzea. «Ikusiko dugu ea talde honek eta planek zerbait mugitzen duten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.