Eskola-segregazioa eta euskara

Jose Manuel Martinez
2021eko urriaren 1a
00:00
Entzun
Ikasturte berria. Azaleratu egin dira berriz hezkuntza sistemak lehendik zituen arazo sistemikoak, urtebetez estali dituen COVID-19aren uholdea igaro ahala. Gure lotsak eta hutsak: eskola-segregazioa eta euskararen ezagutza ez nahikoa. Biak gero eta nabarmenagoak eta, nire ustez, txanpon beraren bi aldeak.

Eskola-segregazioa:kale egiten ari gara

Euskadiko Eskola Kontseiluak, hainbat GKEk, Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak eta hezkuntzako adituek behin eta berriro berresten dute: EAEn dugun sistema publiko-pribatuak maila sozio-ekonomiko baxuko ikasleak segregatu egiten ditu, sare publikora baztertuz.

Hau da Francisco Luna ISEI-IVEI ebaluaziorako institutuko zuzendari ohiaren diagnostikoa: «…euskal hezkuntza sistemak, 40 urtean diharduelarik hezkuntzan eskumen guztiak baliatuz, arazo larriak ditu barne ekitaterik eza dela bide, eta segregazio egoera larriak ageri ditu, ia eskandaluzkoak. Laburtu ezinik gabiltza muturreko maila sozioekonomikoetako ikasleen arteko distantziak, hezkuntzan egin dugun inbertsioak ez dirudi efizientea kanpo ebaluazioetako emaitzei begiratuz gero, gure sisteman ghettoen tankera hartzen ari dira zenbait zentro eta ikasle talde, erantzukizunen banaketa ez da orekatua aniztasun mota oro hartzeari dagokionez…».

Zein dira segregazio nabarmen horren ondorioak? Bi abiadurako ikastetxeak, integrazio falta, marjinazio poltsak (Save the Childrenek ohartarazi du 18 urtetik beherakoen %25,3 —41.515 haur eta nerabe— pobrezia larrian edo gizarte-bazterketa arriskuan daudela Euskadin, eta 26.543 gabezia handiekin bizi direla), arrakala soziala eta, ziur aski delinkuentziaren gorakada. Ekuazioa erraza da: edo integrazioa edo marjinazioa.

Euskara: ez dira helburuak lortzen

Euskalduntze arloan, gauzak aurrera joan arren, Hezkuntza Sistemak helburuak ez dituela lortzen dio ISEI erakundeak egin duen azken Ebaluazio Diagnostikoak (2019). Horren arabera, Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleen %34,1ek ez dute lortu erreferentziako euskara maila (B1), ezta DBHko 2. mailako ikasleen %53,3k berea ere (B2).

Beherakada are eta nabarmenagoa da hezkuntza itundu-pribatuan. Indize sozioekonomiko eta kultural baxukoa, errepikatzailea edota atzerritar jatorrikoa —ISEIk dio—, hori da, oro har, euskaraz aritzeko zailtasunak dituztenen argazkia. Ezin da garbiago esan.

Erabilerari dagokionean, 15 eta 29 urte bitarteko gazte euskaldunen artean euskararen erabilerak behera egin duela erakusten du Gazteen Euskal Behatokiak iazko martxoan argitaratu duen Euskadiko Gazteen Egoeraren diagnostikoak.

Segregazioa eta euskara

Ez da zaila irudikatzea eskola segregatu bateko ikasgela batean zein izan daitekeen inoiz ama edo gero arte hitzak entzun ez dituzten bertako umeen abiapuntua euskararen aurrean: ezjakintasuna, harridura, etxekoen aldetik motibaziorik eza. Nola murgildu euskal kulturan eta euskaraz, prekaritatean bizi eta etorkizun iluna duten ume horiek? Nola konbentzitu euskaraz egin dezaten sare sozial integratzaile bat osatu gabe? Nola sortu sare integratzaile hori bere eskolan denak haiek bezalakoak badira, ume segregatuak, alegia? Zer interes du euskarak inoiz bere ezagutza eskatuko ez dioten lanpostu batean egotera behartuta dagoenarentzat, inoiz administrazioan lekurik izango ez duenarentzat? Zertarako ikasi euskara nire inguruan inork ez badu erabiltzen?

Familia behartsuen indize handia duten eskoletako umeei kentzen diegu euskara normaltasunez ikusteko aukera eta besteekiko elkarbizitzarako gaitasuna lantzekoa, pertsonalki eta sozialki aberastu ahal izateko. Euskara bihurtzen ari gara klase ertainekoen hizkuntza? Ekuazioa erraza da: edo integrazioa euskararen munduan edo marjinazio erdalduna.

Segregazioarekin guztiok galtzen ari gara, eta etorkizuneko gizartearen elkarbizitza eta euskaraz egiteko eskubidea kolokan jartzen da. Segregazioa oztopo bat da eta euskararen normalkuntzaren aurka jokatzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.