Irailaren 10ean, Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko kontseilariordeak artikulu bat argitaratu zuen zenbait hedabidetan, Jaurlaritzaren zuriketa berdeko kanpainarekin jarraituz. Itxura eman zuen ezen gaur egungo legebiltzarrak interesberezia duela beraiek trantsizio energetiko esaten dioten horretarako pauso egokiak emateko.
Irailaren 10eko artikulua zentzugabekeria sorta bat da, ezin oso ondo jakin ezjakintasunaren ondorioz ala errealitatea ezkutatzeko asmo gorderen baten ondorioz.
Lehenik eta behin, mintzagai du zer tramite egin behar dituzten zentral eolikoen eta fotovoltaikoen proiektuek onartuak izateko. Nabarmendu beharra dago legea pixkanaka moldatuz joan direla halako proiektuak errazago ezartzeko. Zenbait muga eta murrizketa erretiratu dituzte halako zentroak errazago jar daitezen, inguru naturalaren kaltetan; hortaz, halako tramiteak ez dira jada inolako ingurumen bermea.
Mintzagai du, era berean, zer-nolako ikasgaia izan den gizartearentzat energiaren arloan besteren mende egotea. Ez dakigu oso ondo zertaz ari den, zeren ematen baitu Solariaren, Endesaren,Statkraften eta Iberdrolaren mende egotea —horrexetara garamatza Jaurlaritzaren gaur egungo politikak— ez dela besteren mende egotea. Amaia Barredok aipatzen dituen proiektuek, tramitatzeko bidean diren horiek, enpresa pribatu transnazionalen esku uzten dute energia sortzea eta banatzea. Beraz, uste dut agerikoa dela mendekotasuna.
Dioenez, ez du ulertzen nimby efektua—kabineteko norbaitek esango zion, antza, halako hitz ponpoxoak erabilita dotoreago geratuko zitzaiola artikulua—. Eta, hori esanda, berriz ere uzten du agerian nolako ulermen eskasa duen. Jendea ez dago energia berriztagarrien kontra: hori ez da hala. Berez, erreakzio sozial erraldoi bat piztu da ingurumena eta nekazaritza ingurua industrializatzeko eredu bat ezartzearen kontra, eredu horrek enpresa transnazionalei baino ez baitie mesede egiten.
Jakina, energia berriztagarria sortzeko instalazioek eskuragarriago egin behar dute energia, baita energia fosilaren kontsumoa apaldu ere, baina, betiere, eredu lokal eta demokratiko bati jarraituz sortu, banatu eta kontsumitu behar da energia. Hori lortzeko tresna bat dira energia komunitateak, baina Jaurlaritzak uzkur hartzen ditu, eta, aldiz, lurraldea arpilatzen duten azpiegitura handien mesedetan jokatzen du.
Galdera erretoriko bat ere egiten du testuan: ea non jarri nahi ote dituen jendeak energia berriztagarriko instalazioak. Bada, erraz askoa da, eta ez dago oso argia izan beharrik. Esate baterako, eskaria dagoen tokitik hurbil jar daitezke, ahalik eta energia gutxiena gal dadin hura garraiatzean. Ikusten ari gara nola nekazaritza eremuetan egiten ari diren ahaleginak instalazio fotovoltaikoak ezartzeko, baina hain justu ere leku horiexetan energia gutxiago kontsumitzen da, eta, bestalde, halako tokietan energia komunitateen bidez hornitu lezakete beren burua hein handi batean. Kontrara, ez dago horrelako presiorik industria poligonoetako estalkietan halako autohornikuntza sistemak jartzeko. Alegia: landa eremuak sekulako ahalegina egiten du, eta energia gehien kontsumitzen dutenek, berriz, ez dute interes handirik energiaren «deskarbonizazioan» beren alea jartzeko.
Hiriguneetako kontsumoari dagokionez, ez da aipatzen aukera dagoela programa bat garatu eta instalazio txikiagoak erabiliz sortzeko energia. Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak Madrilgo Unibertsitate Politeknikoari 2019an enkargatutako ikerlan baten arabera, Gasteizko estalkien potentziala hango kontsumo osoari erantzuteko eta %20ko soberakina izateko adinakoa da.
Amaia Barredo Jaurlaritzako kontseilariordearen arabera, badirudi energia berriztagarrien lurralde plan sektorialak bideratuko gaituela teknologia hori modu adostu eta ordenatuan hedatzera. Horrek hala behar luke, bai, baina kontua dajende asko dagoela lurralde plan sektorialaren gaur egungo proposamenaren aurka, ez duelako errespetatzen lurralde antolamendua, eta lurraldea arpilatzea duelako helburu. Izan ere, energiaren arloan interesak dituzten enpresek idatzi dute proposamen hori, eta errentagarritasun ekonomikoaren araura lerratua dago, ezen ez zerbitzu publiko bat ematearen araura.
Azkenik —eta aurreko kontuak bezain larria da hau—, Amaia Barredok lasai asko dio burutik «ezabatua» duela frackingaren auzia, baina ez sinetsirik dagoelako teknika hori arriskutsua dela ingurunerako eta osasunerako, baizik «planteatu ezinezkoa delako Espainiako Estatuko gaur egungo lege esparruan»: hau da, nahikoa litzateke lege esparru hori moldatzea Subillako hobia esploratzeari berrekiteko.
Arabako Foru Aldundiko Ingurumen diputatu Jose Antonio Galera ere honela mintzatu zen iazko martxoan: «Espero dut sekula ez dugula damutu beharko Subillan gasa bilatu ez izanaz». Argi dago, beraz, joera garbia dagoela aukera hori ez baztertzeko.
Ukaezina dirudi EAJk apustua egina duela lurralde osoa industrializatzeko, baita, are, ingurune naturala eta nekazaritza eremua babesteko departamentuen babesarekin ere, nahiz eta hala egitea kalte konponezina izan inguru naturalerako eta mehatxua elkarbizitzarako.
(Erredakzioan itzulia)
Kalte izugarria inguru naturalerako eta mehatxua elkarbizitzarako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu