Pastor
DARWIN ETA GU

Dostoievski debekatuta Milanen

2022ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Literaturaren historian idazle errusiarren nobelak katedralak direla—eta gainontzekoak eliza arruntak— esan zuen E.M. Forster idazle eta kritikari britainiarrak Aspects of the novel liburuan. Forsterren ustez, Dostoievski, Tolstoi eta besteren lanetako giza naturaren eta gure argi-ilunen deskribapenek ez dute parekorik.

Zer pentsatuko lukete klasiko errusiarrek Ukrainako gerrari buruz? Ezin jakin, aspaldi joan ziren eta. Hala eta guztiz ere, kultura ez dago gatazkatik libre. Asteon jakin denez, Dieter Reiter jaunak, Municheko alkate sozialdemokratak, kargutik kendu du bertako orkestra sinfonikoko buru Valery Gergiev. Sueddeutsche Zeitung egunkariak azaldu duenez, 2014an Gergiev kontratatu zutenean bazekiten hura Putin zalea zela. Hala ere, «arrazoi artistikoak» nagusitu ziren. Orain, ez. Egunkariaren arabera, Valery Gergiev ez da Ukrainako inbasioaren kontra mintzatu, bere jarrera azaltzeko presionatu duten arren. Horixe arrazoia.

Ez da egoera berdina, baina begizta urdinaren garaian Kataluniako herri bateko udaletxean lan egiten zuen laguna baztertu zuten ETAren aurkako kontzentrazioetan parte ez hartzeagatik. Lanean begiztak banatzen zituzten, baina gizonak ez zuen hartzen. Ez ETA oso gogokoa zuelako, baizik eta ez zegoelako ados demokrata ofizial haien jarrerarekin. «Hala segitzen baduzu, ez duzu promoziorik izango lanean», esaten zion nagusiak. Hala izan da.

Alemanian ez ezik, Italian ere hartu dituzte neurri eztabaidagarriak: Milano-Bicocca unibertsitateak bertan behera utzi ditu Fedor Dostoievskiri buruzko jardunaldiak. Corriere della Sera egunkariak argitaratu duenez, Paolo Nori idazle eta literatura errusiarrean adituak zuzendu behar zuen ikastaroa. Norik erabakiaren berri eman du sare sozialetan, unibertsitateak bidali dion mezua erakutsiz: «Irakasle maitea: Giovanna Iannantuoni errektoreak Dostoievskiri buruzko ikastaroa atzeratzeko hartu duen erabakiaren berri ematen dizu didaktika errektoreordetzak. Helburua tentsio handiko une honetan edozein polemika saihestea da».

Norik «zentsura barregarria» salatu du Instagramen: «Gaur egun, Italian, errusiar bizia izatea ez ezik errusiar hila izatea ere gauza txarra da». Aferak erreakzio ugari eragin ditu. Matteo Renzi lehen ministro ohiak berak kritikatu du erabakia: «Erokeria da Dostoievski ikastea debekatzea Putinen kontra egiteko». Azkenean, atzera egin du errektoreak. «Gaizki ulertua» izan dela eta ikastaroa egin egingo dela esan du. Aldaketa batekin, baina: «Dostoievskirekin batera idazle ukrainarrak ere aztertuko dira». Zertarako? «Ikastaroa berregituratzeko eta ikasleen gogoa irekitzeko mezua hedatzeko». Ikuspuntu hori errespetatzen duela adierazi du Norik, baina ez du uste Dostoievskiri buruz hitz egiteko idazle ukrainarrei buruz ere hitz egin behar denik. Ondorioz, ikastaroa emango ez duela jakinarazi du.

Zentsura eta propaganda nagusitu egiten dira gerran. Mendebaldean ere bai, ez soilik beste aldean. Hedabide errusiarrak debekatu nahi dituzte gurean. Literatura errusiarra baztertzen hasi eta errusiera ikasten dutenak edo hedabide jakin batzuez baliatzen direnak susmagarri bihurtzeko arriskua dago. Jakina da euskal gatazka delakoa gordin-gordin zegoenean Madrilgo kioskoetan zer gertatzen zen: tarteka, poliziak saltokietatik hurbil jartzen ziren kale-jantzian, euskal prentsa nork erosten zuen ikusteko. Espainian euskarazko eskolak eman edo hartzen zituzten zenbait lagunekiko interes berezia ere bazuen Poliziak.

Zer izango da geroan? Nikita Mikhalkoven pelikulak debekatuko dituzte Putinen aldekoa delako? 1988an Begi beltzak filma zuzendu zuen Mikhalkovek, Marcello Mastroianni aktorea ondoan zuela. Anton Txekhoven Txakurtxoaren dama ipuinean oinarrituta zegoen pelikula. Txekhovi buruzko ikastaroak bertan behera utziko dituzte Mikhalkoven inspirazio iturria izateagatik? Edo nahikoa izango da 1904an hildako idazlea errusiarra izatea Putinen laguntzat jotzeko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.