Albistea entzun

Literatura. 'Agur, maitea, ikusi arte'

Elefanteen hilerria

Idazlea: Massimo Carlotto. Itzultzailea: Koldo Biguri. Argitaletxea: Txalaparta.

Asier Urkiza -

2022ko urtarrilak 23

Txalaparta argitaletxeak (H)ilbeltza bekaren bidez argitaratu du Massimo Carlottoren Agur, maitea, ikusi arte eleberria, Koldo Biguriren itzulpenean. 2017az geroztik itzulpenak eta jatorrizko lanak kaleratzen dira Euskal Nobela Beltzaren Asteak sustatuko deialdiari esker, denak ere genero beltzekoak. Oraingoan nobela beltzaren autore garaikide entzutetsuenetako bat ekarri dute euskarara italieratik. Kutsu autobiografiko dezentekoa du Carlottoren eleberriak —protagonista bezala, Carlotto ere iheslari politikoa izan zen, gaztetan Lotta Continua erakunde komunistan ibilia—; autoreak, ostera, egungo Italiaren —izatez, 2001ekoa da liburua— erretratua osatzeko baliatzen ditu hainbat urte espetxean igarota jaioterrira itzultzen den Giorgio Pellegriniren ibilerak.

Pertsonaia amorala da Pellegrini, biolentoa. Mendeku gosez dabilen galtzailearen amorruak mugitzen du. Italiatik ihes egin ostean Erdialdeko Amerikako oihanetako gerrilletan zaildua, espetxea ere zapaldua, sorterrira bueltan gizarte-piramidean gora egitea du helburu bakar. Printzipio politiko oro alde batera utzita, herrialdeko ezkutuko ekonomian murgilduko da buru-belarri. Militante engaiatua zena kriminal mafioso gisa ageri zaigu, kontzientziarik gabeko hiltzailearen antzera. Ikaragarria da, bereziki, Pellegriniren emakumeekiko jokaera. Protagonistaren misoginiak irakurlea uxatzen du, beragan bainoago, arreta bere ingurukoan jartzera gonbidatuz. Generoaren ezaugarriei jarraikiz, izan ere, italiar gizartearen arrakalei so egiten die autoreak, alderdi ilunetan argi eginez. 1970eko hamarkadako langile borroken ondorengo Italia dakusagu, fortuna bilatzailez betetako urre-meatze moduko bat, negozio zikinen, lukurreriaren eta edozein eratako ke-saltzaileen biltokia. Brianese abokatuarengan, esaterako, argiro suma daiteke Silvio Berlusconi delako baten oihartzuna.

Polizia ustelak, aberastea besterik nahi ez duten morroiak, beren negozioak iraunarazteko politikara jotzen duten mafiosoak... Mundu gordin bezain egiatia marrazten du Carlottok. Mugimendu iraultzaileen porrotak sistemaren eraldaketarako federik eza, eta horrekin batera populismo berrien ernaltzea. Dagoeneko kontua ez zen gizartea iraultzea, lohitasunean igeri egiten ikastea baizik. Pellegrini bera ekinaldi kolektibo horren galeraren gorpuztea da. «Bere burua eratzen» duen indibidualista da idolo berria, langile edo ikasle erreboltariaren partez —Poliziaren sarekada etengabeen menpe oraindik ere hauek—. Anarkista espainiarrek ere sinbolizatuko lukete aipatutako guztia. Sei kapituluz osatua dago nobela, atarikoaz gain, gainerakoek kontakizuneko emakume banaren izena hartzen dutela. Emakume zapalduen istorioa ere bada, izan, liburua. Generoari dagokion estilo biziz idatzia dago. Carlottoren prosa argia da, arina, baina zartakoak ere uzten ditu han-hemenka. Ferrucio polizia ustelak dioen honek, adibidez, liburuko gizartea bikain laburbiltzen du: «Elefanteen hilerria bihurtu duk hau: hona etortzen dituk denak hiltzera».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ezker-eskuin, Arantxa Arzamendi, Mari Jose Telleria, Pello Leiñena, Aizpea Otaegi eta Andoni Iturbe. ©ERESBIL FUNDAZIOA

Musikastek «euskal musikaren hiriburua» batuko du 50. urtez

Miren Mujika Telleria

Bihar hasiko da Musikaste, Errenterian, maiatzaren 28ra bitarte. «Urrezko ezteiak» ospatuko dituzte aurten; izan ere, 50 urte bete ditu jaialdiak. Hamar emanaldi egingo dituzte, askotariko doinuekin
Maryse Urrutik idatzia da <em>Oihana</em> antzezlana. ©NAHIA GARAT
Led Silhouette dantza konpainiako Martxel Rodriguez eta Jon Lopez kideak. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Erriberriko antzerki jaialdiak inklusibotasuna izanen du ardatz

Yasmine Khris

Uztailaren 15etik 31ra egingo dute antzerki klasikoaren jaialdia. Espazio «paritario eta feminista» baten alde egin dute apustua aurten

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...