Koronabirusa

AstraZeneca 60 eta 69 urte artekoei jarriko diete Hego Euskal Herrian

Jaurlaritzak Madrilen hartutako erabakia beteko du, baina salatu du EMAren aholkuak ez direla aintzat hartu. Ez dute argitu txertoaren bigarren dosia jaso behar dutenekin zer gertatuko den

Jendea txertoa hartzeko zain, Donostiako Anoetako estadioan, joan den martxoaren 30ean. GORKA RUBIO / FOKU.
Edurne Begiristain Oihana Teysyre Koskarat
2021eko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko administrazioen txertaketa estrategiak aldarazi ditu herenegun Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoek AstraZeneca txertoa 60 urtetik beherakoei ez emateko hartutako erabakiak. EMA Sendagaien Europako Agentziak txerto horren eta odolbilduen arteko ustezko loturaz egin duen ikerketa ezagutzera eman ondotik hartu zuten erabakia Madrilek eta erkidegoek, eta atzo, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak utzi egin zioten 60 urtetik beherakoei AstraZenecarekin txertatzeari. Iluntzean, baina, txerto hori jasotzeko gehienezko adinaren langa igotzea erabaki zuen Espainiako Osasun Ministerioak, 69 urteraino. Ministerioaren asmoa da 60 eta 65 urte artekoen txertaketari segida ematea, eta, hori bukatuta, 66 eta 69 urte artekoak txertatzen hastea.

Atzo, AstraZenecaren txertoa jaso behar zuten ehunka herritarren hitzorduak bertan behera geratu ziren Hego Euskal Herrian. Esaterako, Donostiako Anoetako estadioan atondutako txertaketa gunean AstraZenecaren lehen dosia jartzeko hitzordua zuten pertsonei jakinarazi zieten bertan behera uzten zutela txertaketa, behin-behinean. Atzorako 400 pertsona zeuden deituta Anoetan, baina ez zieten AstraZenecaren lehen dosia jarri. Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzen du txertaketa gune hori, eta arratsaldean jakinarazi zuen pertsona horiei Pfizer etxearen txertoa jarriko dietela, gaur. 918 lagun deitu dituzte gaurko gizarte eremuko langile eta erabiltzaileak, besteak beste eta denei jarriko diete Pfizer txertoa. Gainerako txertaketa gune handietan —Donostiako Illunben, Bilboko Casillan eta Gasteizko Lakua frontoian— Pfizer eta Moderna txertoekin txertatzen jarraitu zuten, AstraZenecaren dosi guztiak joan den astean agortu zirelako.

Eusko Jaurlaritzak atzo argitu zuen ez duela bat egiten AstraZenecaren txertoa 60 urtetik beherakoei ez jartzeko erabakiarekin, eta horregatik jo zuela abstentziora Madrilen egindako bileran. Osasun Sailetik argudiatu zuten «arrazoi teknikoak» kontuan izan gabe hartu dela erabakia, hau da, EMAk AstraZenecaren txertoaren erabileraren alde emandako aholkua aintzat hartu gabe. Hala ere, akordiorako eta lankidetzarako konpromisoa agertu zuen Jaurlaritzak. Nafarroako Gobernuak, berriz, ohar bidez jakinarazi zuen aurrerantzean ere AstraZeneca txertoarekin txertatuko dituela 60 eta 65 urte artekoak, baina txertaketa eten egingo duela 60 urtetik beherakoetan. Aste honetarako AstraZenecaren txertoa jartzeko hitzordua zuten pertsonei jakinaraziko zaie bertan behera geratu dela. 21.000 lagunek jarria dute Nafarroan lehen dosia.

Bigarren dosia?

Maiatzean, AstraZenecaren bigarren dosiak jartzen hasi beharko lukete Hego Euskal Herriko administrazioek, baina oraindik ez dago argi 60 urtetik beherako pertsonen txertaketarekin zer gertatuko den. Zalantzak argitzeko bizpahiru asteko epea dago, eta bi aukera daude mahaigainean. Lehena: dosi bakarrarekin geratzea, betiere egiaztatuko balitz AstraZenecaren dosi bakar batek %70eko babes maila eskaintzen duela. Bigarrena: Pfizer edo Moderna etxekoa izatea bigarren dosi hori. Hain justu, Sendagaien Europako Agentzia entsegu klinikoak egiten ari da botika etxe ezberdinetako bi dosi hartzearen inguruan.

Ipar Euskal Herrian, Frantziako Osasun Aginte Gorenak gomendatu du 55 urtetik beherako herritarrei bakarrik jartzea AstraZeneca txertoa. Isabelle Blanchard Baionako ospitaleko medikuak baieztatu du 55 urtetik gorakoei ez dietela jartzen. Zehaztu du, «parte handiz», osasun langileak izan direla txerto hori jarri dutenak, eta kezka erakutsi du lehen dosia jarria duten 55 urtez beherako osasun langileentzat. Oraingoz, osasun agintariek ez dute zehaztu bigarren dosiarekin nola jokatu behar den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.