Udal eta foru hauteskundeak. Gipuzkoako Batzar Nagusiak

EAJ sendotu egin da Gipuzkoan, bi batzarkide gehiago lortuta

EH Bilduk gora egin du botoetan, baina 17 batzarkiderekin segituko du. PSEk eutsi egin die bederatzi ordezkariei, eta PPk bakarrari. Elkarrekin Podemosek bi aulki galdu ditu

Maider Galardi
2019ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
EAJk berretsi egin du Gipuzkoan duen nagusitasuna. Bigarrenez jarraian, Markel Olanoren hautagaitzak irabazi ditu foru hauteskundeak, 130.589 boto lortuta, %35,6, alegia. EH Bilduk baino ia 15.000 boto gehiago bildu zituzten jeltzaleek, eta, bi taldeen artean lehia izan bazen ere, EAJ izan zen atzoko garailea Gipuzkoan. Portzentajeetan lau puntu egin dute gora jeltzaleek 2015eko datuekin alderatuta, eta, horrenbestez, lurraldean duen indarra sendotu egin du EAJk. EH Bilduk ere gora egin du botoetan, baina hamazazpi aulkirekin jarraituko du. Gainera, akordioa eginez gero, EAJk eta PSEk are gehiago indartu dezakete orain arte izandako gehiengo osoa, 29 ordezkari lortu baitituzte guztira.

«Politika egiteko modu bat saritu» da hauteskundeotan, Markel Olano EAJren ahaldungai nagusiaren ustez. Lortutako emaitzekin pozik, «umiltasunez» lan egiten jarraituko dutela azpimarratu du bart gauean: «Bide beretik jarraituko dugu. Lan egingo dugu umiltasun handiz, ez gara enfrentamenduetan eroriko».

EH Bilduk lortu du 2015eko beheraldia etetea, baina azken botoetan galdu zuen hemezortzigarren batzarkidea, PSEren mesedetan. Orain lau urte baino 12.00 boto gehiago lortu ditu Juan Karlos Izagirren hautagaitzak, 115.800 boto, alegia. Inkesten arabera, EAJrekin lehian aritzeko aukera zuen EH Bilduk, baina, azkenean, hiru batzarkideren aldea atera diote jeltzaleek koalizioari.

Hirugarren egin du PSEk, eta aurreko hauteskundeekin alderatuta, boto kopuruetan gora egin du: 62.382 boto. Azken unean lortu dute bederatzigarren batzarkidea. Orain ere hala zituzten.

Behera egin du Elkarrekin Podemosek. Aurreko foru bozetan sei batzarkide lortu zituen, eta, oraingoan, aldiz, lau. Botoetan ere behera egin du Maria Valientek gidatutako taldeak, 2015ean baino 18.974 boto gutxiago lortu dituzte: 32.831.

Boto kopuruetan behera egin arren, PPk eutsi egin dio ordezkari bakarrari. Juan Carlos Canok lortu du PPren batzarkide izatea Gipuzkoan. 19.395 boto lortu zituen aurreko hauteskundeetan, eta, orain, 2.000 boto galdu arren, eutsi egin dio ordezkaritzari. Botoen %4,7 lortu ditu.

Gehiengo osoa, sendoago

PSEk bederatzi batzarkideri eutsita, 2015eko legegintzaldian baino bi ordezkari gehiago lituzke EAJren eta PSEren gobernu koalizioak. Ikusteko dago datozen egunetan zein izango den negoziazioen bilakaera, baina Idoia Mendia PSEko idazkari nagusiak atzo gauean azpimarratu zuen «akordioetarako beldurrik» ez dutela.

Joan den agintaldian 27 ordezkari zituzten sozialistek eta jeltzaleek—gehiengoa osatzeko 26 ordezkari behar dira—. Oraingoan, berriz, 29 batzarkideren babesa luke gobernu koalizio horrek.

EAJ nagusi izan da Gipuzkoako hiru hauteskunde barrutitan: Deba-Urolan, Donostialdean eta Bidasoa-Oiartzunen. Orian, berriz, EH Bildu izan da garaile.

Parte hartzeak gora egin zuen atzoko hauteskundeetan, Gipuzkoan. %33,3ko abstentzioa izan zen, orain lau urte baino ia bi puntu gutxiago. Botoa eman zuten horietatik, 3.217 lagunek bozkatu zuten zuri, eta 3.109k, berriz, boto baliogabea eman zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.