Euskararen legea aldatzeko «ausardia» eskatu diote Nafarroako Gobernuari

Kontseiluak deitutako elkarretaratzera ehunka herritar bildu dira Iruñean, mila baino gehiago. Bilbaok ohartarazi du legea dela arazoaren oinarria

Nafarroako Gobernuaren egoitza aurrean atzo egin zuten elkarretaratzea. IDOIA ZABALETA/ FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2019ko urriaren 20a
00:00
Entzun
«Ausardia, ausardia eta ausardia». Ehunka herritar elkartu ziren atzo eguerdian Nafarroako foru jauregiaren aurrean, eta amaieran, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak eskaera hori egin zion Nafarroako Gobernuari. Haren ustez, euskaldunak babesgabe utzi ditu euskarari buruzko foru dekretuaren aurkako epaiak —orain bi aste kaleratu zuen Auzitegi Nagusiak—, eta horri aurre egiteko gobernuak «bi bide» baino ez ditu: «Bereizkerian eta gehiegikerian oinarritutako iraganeko politiketara itzultzea, edo benetan berdintasuna, kohesioa eta justizia ardatz izango dituen politika bat abiatzea».

Hain zuzen ere, berdintasuna, kohesioa eta justizia zioten hiru kartel handiri helduz, bertan ziren Nafarroako euskalgintzako elkarteetako ordezkariak eta deialdiarekin bat egin zuten sindikatuetako kideak. Ordu erdi iraun zuen elkarretaratzeak, eta amaieran, Paul Bilbaok, Imanol Pascual ELAko Nafarroako arduradunak eta Imanol KarreraLABeko arduradunak hartu zuten hitza.

Bilbaok «larritzat» jo zuen epaia, berdintasunaren, justiziaren eta kohesioaren printzipioekin «zuzenean talka» egiten duelakoan. «Paradoxikoa da teorian eskubideak zaintzeko egon behar lukeen erakunde batek hizkuntz eskubideak bermatzeko neurrien kontra egitea». Hala ere, Bilbaok gaineratu zuen 1986ko Euskararen Legea dela arazo nagusia: «Herritarrak babesgabe uzteaz gain, neurri ausartak hartzeko oztopo ikaragarriak jartzen ditu». Kontseiluaren ustez, hori erakutsi du epaiak. «Larria da, baina bagenekien gerta zitekeela».

Horregatik, Pascualen ustez, «ezinbestekoa» da Euskararen Legea aldatzea, zonifikazioa amaitzeko eta eskubideak bermatzeko. «Betiko tokian» ikusten ditu PSN, Navarra Suma eta hainbat sindikatu, tartean UGT edo Afapna. Erakundeontzat euskara «B mailako» hizkuntza dela salatu zuen, baina «bereziki kezkagarritzat» jo zuen gobernuaren jarrera. Gobernuari eskatu zion epe motzera epaiari kasazio helegitea jartzeko. Imanol Karrerak, berriz, aldarrikatu zuen «euskararen aldeko borroka» «langileena ere badela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.