Migrazioa

Zeharkaldirako sareak eraikiz

Egunero heltzen dira etorkinak Irunera, Lapurdiko muga igarotzeko asmoz. Irungo Harrera Sareko kideek han egiten diete ongi etorria, eta bidaia ahalik eta modu seguruenean egiteko informazioa eskaintzen diete. Aurten, bi gazte hil dira muga Bidasoa ibaitik gurutzatu nahian.

Migrante batzuk, Irungo Harrera Sarekoen azalpenak entzuten, atzo, herriko plazan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
jone arruabarrena
Irun
2022ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Goizeko hamarretarako minutu gutxi falta zirela, han-hemenka eserita zeuden hainbat afrikar Irungo San Juan plazan (Gipuzkoa). Gurutze Gorriaren aterpetxetik zetozen; han igaro zuten gaua, bezperan hirira heldu, eta Irungo Harrera Sareko kideek ongi etorria egin eta hara bideratu ondoren.

Ikusi gehiago:Mila Font. Mugarik Gabeko Medikuen ordezkaria: «Bidean sufritu eta gero, oso gogorra da itsasoan noraezean ibiltzea»

Plazara gonbidatzen dituzte sarekoek, modu seguruan nola bidaiatu azaltzeko. Izan ere, muga inguru horretan, Frantziara edo Europako iparraldera igaro nahi zuten migratzaileen presentzia handitu egin zen 2018an, eta, ordutik, areagotu egin dira Poliziaren kontrolak. Pandemiaren eraginez, gainera, zorroztu egin dira kontrol horiek. Tarteka, «terrorismoaren mehatxua» aitzakia hartuta, Frantziako Gobernuak muga itxi izan du, eta horrek migranteak derrigortu ditu bestaldera gurutzatzeko bestelako bideak bilatzera. Berez, Schengen eremuan izanik, kontrolen helburua ezin da izan etorkinak handik ez igarotzea; Irun eta Hendaia (Lapurdi) arteko mugan, ordea, etengabeak dira kontrolak, eta Poliziak migratzaileak itzularaztea, gainera, legez kanpokoa da.

10:00ak eman zituen San Juan plazako elizako erlojuak atzo, eta elizako kanpaiek jotzen zuten aldi berean zabaldu zuen Josune Mendigutxia Irungo Harrera Sareko kideak mahai tolesgarri bat plazako aterpeak ematen zuen gerizpearen azpian, egunero egiten duen moduan. Bart Irunera heldutako migranteak segituan hurreratu ziren, eta egurrezko aulki tolesgarriak jartzen hasi ziren mahaiaren inguruan. Minutu gutxiren buruan, hamahiru afrikarrek inguratu zuten mahaia; Gineatik, Malitik eta Boli Kostatik zetozen, eta Kanaria uharteetatik lortu zuten Europara sartzea. «Atzo ere 25 pertsona iritsi ziren; azken egunetan, ohi baino gehiago etortzen ari dira», azaldu zuen Mendigutxiak. Harrera Sareko beste hiruzpalau kide ere hurreratu ziren geroago.

Laster hasi zen kide bat azalpenak ematen: Baionara nola iritsi azaldu zien, eta adierazi zien Ipar Euskal Herriko eta Frantziako herri txikietan ere harrera egingo zieten lekuak aurkituko zituztela. Bizpahiru mutil ez ziren adin nagusitasunera iristen, eta haientzako argibideak ere eman zituen: «Eskolaratzeko aukera izango duzue, eskatuz gero».

Hala ere, migratzaileek zein Harrera Sareko kideek badakite aurrean daukaten bidea ez dela erraza: «Ondo prestatu behar duzue; Poliziak harrapatuz gero, ez dute jarrera ona izango zuekin». Azaldu zienez, litekeena da Poliziak berriro ere mugaz bestaldera itzularaztea.

Lasaitasun mezu bat ere helarazi nahi izan zien, ordea: «Arazoren bat izanez gero, hona bueltatu zaitezkete. Hemen egongo gara egunero 10:00etan». Ohartarazpen garrantzitsuena, berriz, Bidasoa ibaiaren ingurukoa izan zen; etengabe errepikatu zuen: «Ez saiatu ibaitik muga pasatzen. Hamar lagun hil dira han jada».

Hain zuzen, 2022an, bi mutil hil dira ibaia zeharkatu nahian. Izan ere, migratzaileak «egunero» saiatzen dira Bidasoa igerian gurutzatzen, Mendigutxiak azaldu duenez: «Batzuk ez dira hemendik pasatu ere egiten; guk ez ditugu ikusten. Irunera iristen dira, eta zuzenean joaten dira Bidasoara edo zubira. Informazioa daukatelako, haien aurretik pasatu direnek emandako informazioa». Horregatik, garrantzitsuak dira Harrera Sarekoek ematen dizkieten azalpenak; muga pasatzeko saiakera ahalik eta seguruena izateko: «Ibaia zeharkatzen dutenek, normalean, ez dakite jendea hil dela hartan».

Azalpenak entzun ondoren, kalean gora abiatu ziren afrikarrak eta sareko kideak; atari arrunt bat dirudien ate bat gurutzatu zuten. Han dago herritar batek sareari utzitako lokala. Izan ere, sareko kideek behin baino gehiagotan salatu izan dute instituzioek ez dietela inolako laguntzarik ematen. Gela txiki bat da, goitik behera apalez betea. Arropa txukun sailkatuta gordetzen dute apal bakoitzean, etiketekin: jertseak, neguko arropa, haurrentzakoa, prakak... Arropa banatu zieten behar zutenei. «Tokiko dendek oparitzen digute arropa asko, eta beste asko herritarrek emandakoa da», azaldu zuen Mendigutxiak.

Arropa banatzen bukatutakoan, plazan elkartu ziren berriro. Prest zeuden bidaiari ekiteko. Batzuek egun gutxi batzuk itxarongo dute muga igarotzeko; beste batzuk, ordea, bestaldean egongo dira irakurleak lerro hauek irakurtzen dituenerako. Guztiak oinez urrundu ziren San Juan plazatik; azala erretzen hasi zen eguzkiaren azpian. Etsita mintzatu zen Mendigutxia: «Jada lau urte daramatzagu hemen, eta jende asko-asko-asko hiltzen ari da Atlantikoan. Bada garaia mugak irekitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.