Hondarribiko alkate Txomin Sagarzazuk (EAJ) proposatu du alarde parekideak eta baztertzaileak—soilik gizonak onartzen dituenak— «kointzidi» ez dezaten batzuen eta besteen ordutegiak aldatzea, «tentsioak» saihesteko. Herenegun proposatu zuen, jaietako egitarauaren aurkezpenean, kazetari bati erantzunez. Udalak BERRIAri azaldu dionez, «asmo» bat baino ez da, eta alkatea datozen egunetan biltzekoa da udalbatzako taldeekin, Alarde Fundazioarekin eta horren gertukoak diren Hondarribiko Emakumeekin—baztertzailearen aldekoak—, eta Jaizkibel Konpainiarekin.
EH Bilduk alkateari leporatu dio gatazkaren alde batekin lerratzea, erabaki horrekin alarde parekideari ikusgaitasuna kentzen diolako. «Tentsioa apaldu nahi duela esan, eta bazterkeria sustatu du. Horrek tentsioa pizten du». Gogoratu du Jaizkibelek jasoa duela ohiko ordutegian desfilatzeko baimena.
Hil hasieran, aldeak elkarrizketak hasteko prest agertu ziren, Jenny Pearce bitartekariari esker. Azkenean, bertan behera geratu zen bilera, baldintza nahikorik ez zegoela eta. Orduan agertutako «ausardia eta oreka» galtzea egotzi dio EH Bilduk alkateari.
Hondarribiko Udalak aldeekin hitz egin nahi du alardeko ordutegiaz

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu