«Egiazko beldurra zer den jakin dut»

Ukrainatik, Brasildik eta Afganistandik ihes egin behar izan duten hiru emakume beren bizipenez eta jazarpenaz mintzatu dira, Zehar-Errefuxiatuak erakundeak elkartuta. Asiloa lortzeko prozedura errazteko eskatu dute.

Khamad, Falçao eta Dadfer, erdian, Zehar-Errefuxiatuak elkarteko kideekin babestuta. BERRIA.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2022ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Itxaropenik eza. Izua. Ihesa. Emozio eta bizipen gordinak izaten dituzte ahotan errefuxiatuek, jaioterritik alde egitera behartutakoek, askotariko gerrek erbesteratutakoek. Ukrainako bonbardaketetatik ihesi iritsi berri da Euskal Herrira Skarlet Khamad; talibanen jazarpenetik ihesi, Khatera Dadfer; eta LGTBI komunitatearen aurkako gorrototik ihesi, Fernanda Falçao. Hiru emakumeok elkartu zituen atzo Zehar-Errefuxiatuekin elkarteak Bilbon, Iheslarien Nazioarteko Egunaren atarian —astelehenean izango da—, haien ibilbidearen berri emateko. Esker onez mintzatu ziren, abaroa eman dien gizartean eroso. «Hemen segurtasuna sumatzen dut. Lasai ibil naiteke kalean, jendeak agurtzen nau, errespetatzen naute. Duintasuna daukat», nabarmendu zuen Falçaok.

«Ni gaur hemen egon ahal izateko bizia eman duten trans pertsonei eskaini nahi dizkiet lehen hitzak; ni, emakume trans beltz bat, hemen egoteko bizia eman dutenei». Jaioterrian, Brasilen, justiziaren arloan egiten zuen lan Fernanda Falçaok, baina giza eskubideen aldeko jardunak jarri zuen arriskuan: «Ageriko lana egiten dutenei jazartzen zaizkie. Brasilen gerra bat dago, eskubideen aurkakoa. Eskubiderik oinarrizkoena, bizitzekoa, hori ere ez dugu transek; erraz hiltzen edo mutilatzen gaituzte, presidenteak baimenduta».

Khatera Dadfer ere nesken eta emakumeen eskubideen defentsan aritu izanak jarri zuen talibanen jopuntuan: «Afganistanen neskek ezin dute ikasi, eta emakumeek ezin dute lanik egin. Talibanek ez dute eskubiderik eman nahi: askatasunaren etsaiak dira. Horrek asko zaildu zuen nire bizitza». Gobernua hartu zutenean sumatu zuen ihes egiteko premia: «Nire bila ari ziren. Haien indarkeriaren biktima naiz».

Falçaok aitortu du jaioterrian egindako azken garaian etsia hartu zuela: «Ez nuen esperantza handirik: hiltzeko prestatuta nengoen. Transen bizi itxaropena 28 urtekoa da Brasilen». Langa hori gainditu du hark: 31 urte ditu orain. «Babes programen bidez, leku batetik bestera ibili nintzen, eta, hala, egun bat gehiago egiten nuen bizirik, eta beste bat, eta beste bat...».

Skarlet Khamadek, ordea, bat-batean irten behar izan zuen Ukrainatik, otsail amaieran, Errusiako armada Kiev ingurua bonbardatzen hasi zenean. «Goizalde batean, zarata arraroak entzun, eta leihotik misilak ikusi genituen erortzen. Ezin genuen sinetsi. Egiazko beldurra zer den jakin genuen: ezin da hitzez azaldu nolako izua sentitzen duzun uste duzunean bonba bat eror daitekeela zure etxean. Alde egitea beste aukerarik ez zitzaigun geratu».

Bizi berrian ere, trabak

Hutsetik hasi behar izan dute hirurek. 22 urte ditu Khamadek, eta Ukrainan unibertsitateko azken ikasturtea amaitzen ari zen: «Bizitza lasaia nuen, normala; 2014tik gauzak aldatzen ari ziren, baina, gutxienez, etxean geunden. Ez da batere erraza ulertzea hutsetik hasi behar duzula berriro». Dena den, lokarri bat du oraindik jaioterriarekin: «Unibertsitateko azterketak egiten ari naiz orain, online».

Dadfer duela hamar hilabete atera zen Afganistandik, eta ez du lehen egunen oroitzapen onik: «Bi hilabetez egon nintzen logela oso txiki batean, ia janik gabe, alabarekin, hura gaixo zegoela... beldurrez, familiagatik ere bai». Gaiaz hitz egiteak barruak mugitu dizkio, baina erantsi du orain «zoriontsu» dagoela Euskal Herrian: «Hemen seguru nago. Oso ondo».

Falçaok ere azpimarratu du gustura dagoela egun, baina salatu du asilo estatutua eskuratzeko prozesua korapilatsua dela: «Luzea da, eta erronka asko daude... Hasteko, Poliziarekin ordua hartzea: ez da batere erraza. Banekien asiloa eska nezakeela, baina ez teknikoki zer pauso eman behar nuen. Eta beti duzu hanka sartzeko beldurra». Dadferek aitortu du ez zekiela eskubide hori zuenik ere. «Baina, ihes egitean, inork ez du pentsatzen laguntza bat edo beste eska dezakeenik», gaineratu du Khamadek.

Aurrera begira daude hiru emakumeok. Khamadi, ordea, zail zaio etorkizuna marraztea: «Ez dakigu zer gertatuko den». Dadferek, berriz, egonkortzeko aukera ikusten du: «Gaztelania ikasten ari naiz, ahalegin handia egiten». Falçao gogoz mintzatu da hurrengo pausoei buruz: «Beti izan naiz neure kabuz moldatzeko gai, eta, orain, besteek zaintzen naute; beraz, neure burua zaintzeko gai izan nahi nuke berriro. Baina kezka horiek onak dira: bizirik nagoen seinale. Eta Brasilen ez nuen neure burua bizirik imajinatzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.