Opus Deik Nafarroan 70 urte. Historia eta eragina

Hemeretzi urteko «gezurra»

Pixkanakako murgiltze prozesu baten ostean eta presio handia jasanik, 16 urterekin egin zen Opus Deiko numerario Ana Azanza. 2002an utzi zuen, eta barruan bizitakoaren testigantza kontatu nahi izan du.

Opus Deiren Torreciudadeko santutegian, Rouco Varelak 2011n emandako meza. ALVARO CALVO / EFE.
joxerra senar
2022ko urriaren 30a
00:00
Entzun

Ana Azanzak gaur balitz bezala gogoratzen du 1983ko otsailaren 15 hura. «Jaungoikoak gehiago eskatzen zidala eta nire bizitza emateko unea zela esan zidaten. Ustekabe itzela hartu nuen, ezin izan nuen mezu hura barneratu, eta isildu egin nintzen. Proposamenak eragin zidala ikusi, eta bakean utzi ninduten, baina otsail hartan, aspaldian beste inor sartu ez zela ikusita, nahikoa zela eta nire ordua zela erabaki zuten. Astebetez egon ziren jo eta ke». Azanzak 16 urte zituen Opus Dein sartzeko erritua egin zuenean. Hemeretzi urte eman zituen barruan, harik eta dena «gezur handi bat» izan zela jabetu eta 2002an utzi zuen arte. Hala kontatu zuen Diecinueve años de mi vida caminando en una mentira: Opus Dei liburuan (Nire bizitzako hemeretzi urte gezur batean barna).

 

Ikusi gehiago:OPUS DEI, 70 URTEKO ARRASTO ISILA

Opus Deiren egitura barruan, kide laikoen artean ugarienak supernumerarioak dira —haiek ezkon daitezke— baina berez konpromiso maila handiena numerarioek osatzen dute. Kanpotik ikusita, mundu itxia da, apenas ezaguna. Utzi zuenetik hogei urte pasatu badira ere, goitik behera baldintzatu du bere bizitza, eta bere testigantza kontatu nahi izan dio Ana Azanzak BERRIAri.

Txikitatik apurka-apurka

Ana Azanza Iruñean jaio zen. Bere sendia oso katolikoa zen, orduko familia nafar ugariren moduan. 10 urte zituenean, amak Iruñeko supernumerarioekin harremana izan zuen, eta Isaba klubean eman zuen alabaren izena. Aisialdi elkarte hartan sukalde, gitarra eta ingeles ikastaroak egin zituen, «baita iganderen batean mendi irtenaldiren bat ere». Denak ziren neskak. «Une hartan ez gintuen horrek harritu ama eta biok. Solasaldi erlijiosoak ematen zizkiguten, eta apurka-apurka elkartearen giroan barneratuz joan nintzen». Urte batzuk pasatuta, nerabezaroan elkartera joateari uzten ziotenak bazirela jabetu zen: «Haiek bazekiten adin horrekin Opusekoek ehiza hasten zutela, eta hobe zela hainbeste ez joatea klubera. Nik, aldiz, ez nuen gaizki pentsatu».

15 urterekin hasi zitzaizkion esaten jaungoikoa atzetik zuela eta eskuzabaltasun falta erakutsiko lukeela dei hari bizkarra emanez gero. «Giro katoliko hertsian hezi eta etxeko lau hormetatik atera ez den neskato batentzat hori erloju-bonba bat da. Oso serio hartu nuen. Presioak jota, azkenean sartzeko ditxosozko gutuna idatzi arte ezin izan nintzen lasai egon».

16 urte zituen numerario izateari baiezkoa eman zionean. «Oso astun jartzen dira, jasangarritasunaren muga guztiak gaindituz. Inor ez dago prestatua jazarpen maila hori jasateko». Azkenean, amore eman zuen: «Numerario izateko konbentzitu ninduten, ez zegoela beste aukerarik. Eta hala uste nuen barruan izan nintzen denbora guztian».

Azanzak gogoan duenez, bazekien gauza askori uko egiten ziola, «maldan gora» egingo zitzaiola; baina misio sakratuaren izenean onartu zuen. Prest al dago, ordea, nerabe baten burua halako konpromiso bati heltzeko eta askatasunez egiten al du? Gaur egun, Azanzak argi du ezetz: «Ez dago askatasunik iruzur egiten ari bazaizkizu. Izan ere, ezkutatzen ari zaizkizu sakonean bokazioa baino gehiago interesatzen zaiela zure posizio soziala, adimen gaitasuna eta familiaren ondasuna. Ez dago bokaziorik, baizik eta txintik esan gabe erakundeak nahi duena egingo duten nerabeak hartu eta prestatzeko interesa. Interes hori galtzen duzunean, etekina baino esfortzu handiago eskatzen duzulako, bokaziorik ez duzula esango dizute».

Nola zen egunerokoa? Azanzaren arabera, bere bizimodua erakundeari begira egituratua zegoen erabat. «Pribatutasunik ez duzu: zure bizitza Opus Dei da».

Gutun azalak, irekita

Azanzaren esanetan, jendeak bere bizimoduko gorabeherak bikotekideari edo lagunei kontatzen dizkien bezala, han norbere barrena espiritu zuzendariarekin hustu eta partekatu behar da, eta hark gomendatzen dio zer egin: «Ez duzu dirurik, irabazten duzun guztia ematen duzu, eta, zapatak erosteko edo ilea mozteko behar baduzu, eskatzen duzu. Altxatzen zarenetik oheratu arte egiten duzun guztiaren berri zuten zuzendariek; zentrora iristean iritsi zarela jakinarazi behar duzu. Senideen eta lagunen gutunak irekita ematen zizkidaten, eta nik nireak irekita eman behar nizkien jakin zezaten zer idazten nien. Logela eta kaxoiak erregistratu ditzakete, kanpoan zarenean».

Azanzaren arabera, erakundea barrutik «hierarkia hutsa» da. «Nagusia zure gain dago, guztia egin dezake. Miresten zenuen, eta beldurra zenion». Gogoan duenez, toki batean gustura egonez gero, hurrengo ikasturtean tokiz aldatu zezaketen hala komeni zela argudiatuta, eta askok urduritasunez bizi izaten zuten garai hura. «Gure bizitza haien eskuetan zegoen. Ni arduragabe bat nintzen, eta ez ninduen izutzen lurraldeko burua etorri ohi zenean aldaketak iragartzera. Gehienak aztoratu egiten ziren, aurpegi ona jarri arren barrutik artega baitzeuden».

Azanzaren arabera, Opus Deiren sorreran ez zegoen emakume kiderik, eta emakumeak egoitzak garbitzeko eta txukuntzeko besterik ez zituzten behar. Gizartearen bilakaerarekin batera, erakunde barruan emakumeak onartuz joan ziren bai numerario bai supernumerario gisa. Alta, numerarioen artean gizonezkoak eta emakumeak bereizita bizi dira, ezin dute elkar ikusi. Gero, laguntzaileen figura ere sortu zen: «Posizio sozialagatik, nondik norakoengatik, ezintasun batengatik ez dituzte ikusten numerario izateko, baina bere soldataren zentimo bakoitza eman behar izaten dute. Dirua oinarrizko kontua da sasi bokazio honetan», kritikatu du.

Izan ere, galdera hori egiten du Azanzak: «Erakunde erlijioso bat al da? Eliza katolikoaren babesik gabe ez legoke, baina benetan Elizaren zerbitzura al daude? Itxuraz ikastetxe eta unibertsitateetan doktrina katolikoa irakasten dute, baina jasandakoaren ondoren esan dezaket Opus Dei Elizaz baliatzen dela bere botere helburuetarako. Zuk, norbanako kide gisa, ezarritako boterea auzitan jarriz gero, botere horren ordezkaria ikastetxe bateko zuzendaria izanik ere, trapu zahar baten gisa eroarazten zaituzte. Ez zaituzte defenditzen, zure zerbitzu orria okerrik gabekoa bada ere».

Barne kritika gaizki ikusia da barruan. Gauzak beste modu batera ikusten hasi zenean eta enbarazu egiten hasi zenean, medikuarenera igorri zuten eta gero psikiatrarengana. «Biak ere eurek izendatutakoak. Funtsean, zalantza agertzen baduzu, errudun sentiarazten dizute, bekataria eta harrokeria adierazten duzula. Ikusi nuenean zentzugabea zela ziotena, lehen aldiz nire bizitzan euren iradokizun espiritualak alboratu nituen».

Alta, barruan zela ohikoa zen numerario askoren nekea eta eritasuna. Antsietatearen aurkako pilulak eta lasaigarriak ohikoak ziren kideen artean, eta adin batetik aurrera kide gehienek behar zuten lo egiteko pilula: «Denbora luzez gezur batean bizi bazara, sakon eragiten dizu, eta goizago edo geroago horma baten aurka egingo duzu talka. Ez badiozu zure kontzientziari jaramon egiten eta asko maite duzun Iruñetik ihes egiten, sendagaiak hartzen amaituko duzu. Ezin zara horrekin jolastu».

Irteera prozesua?

Hori gertatu zitzaion Azanzari. «Han kanpoan beste mundu bat zegoen; Iruñean ez zegoen kanpoko mundurik niretzat». Opusek bereganatzen zuen bere bizitza, baina Jaenera joan zen, urrun, Andaluiziako Gobernuaren oposizioetan irakasle postua irabazita. «Opusekoentzat, gainbehera egin nuen, zerutik purgatoriora; nik, aldiz, beste giro bat arnastu nuen, eta zein bizitza arraroa neraman ikusarazi zidaten pertsonekin egin nuen topo».

Ez zen bide erraza izan, ordea. «Sartzeko prozesua motela izan zen bezala, irtetekoa ere motela izan zen. Esnatuz joan nintzen kolpeka, sufrimendu handiz».

Haren hitzetan, zailena irtetea bera izan da. Irakasle gisa institutu batean lan jazarpena jasan zuen denbora luzez, eta gerora jakin zuen atzean erakundearen itzala zegoela. Haren esanetan, institutuko zuzendariarekin harremana zuen, eta bere kasua aztertu zuen hezkuntzako ikuskaria supernumerarioa zen. «Opusekin zerikusia ez zuen abokatu bat bilatu nuen. Hark atera nau aurrera auzi guztietan eta beste pertsona zintzo ugarik lagundu naute. Iparraldean mespretxatu den hiri umil honetan ikasi dudan laguntza ezin daiteke azaldu hitzotan», dio Jaenen topatutako jendeari esker onez.

Kostatu zaio iraganari agur esatea. «2002an atera nintzen Opus Deitik. Orain 2022-2023 ikasturtea hasi berri da, eta aurtengoa da lehen urtea Escrivarekin zerikusia duen ezein irakasle ez zaidala gerturatu. Nire bizitza irauli dut, eta eskubidea dut gaizki tratatu nauten eta nire borondate onaz baliatu diren toki batetik alde egiteko».

Nahiz eta Opusen mundua aspaldi utzi atzean, Azanzak ez du uste sakonean asko aldatu denik «Beharbada, kanpotik aldatu dira, baina ez dut imajinatzen Opus presio egin gabe. Sortzailearen irudira eginda dago, eta hark zioen ezin zela ezertxo ere aldatu». Komunitate katolikoan antzeko jokabideak dituzten beste talde batzuetatik irten direnen bizipenak ezagutu ditu, eta, ondorioztatzen duenez, Opusekoak «lehenak» dira kontzientzien manipulazioan. «Besteak imitatzaileak baino ez dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.