Txinako armadak ariketa militarrak hasi ditu Taiwan inguruan

Armada aireko eta itsasoko maniobrak egiten ari da sei eremutan. Taipeik erantzun du «gerrarako prestatzen» ari dela, «gerra nahi izan» gabe

Itsasontzi bat, atzo, Txinako armada ariketa militarrak egiten ari den itsasoan. RITCHIE B. TONGO / EFE.
ander perez zala
2022ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Nancy Pelosi AEB Ameriketako Estatu Batuetako Ordezkarien Ganberako presidentea Taiwanera joan eta biharamunean, Txinako armadak azken urteetako ariketa militarrik handienak abiatu ditu. PLA Askapenerako Herri Armada aireko eta itsasoko maniobrak egiten ari da Taiwan inguruko sei eremutan, eta, besteak beste, bi misil balistiko bota ditu Matsu uharteetatik gertu, Reuters berri agentziaren arabera.

PLA indar erakustaldia egiten ari da, Pelosiren egonaldiagatik; izan ere, Pekinek argudiatu du AEBetako agintariak Taiwanekiko beraren subiranotasuna urratu duela. Txinako Global Times egunkariak esan du igandera arte iraungo duten ariketa militar horiek «inoiz ikusi gabeak» direla, eta «misil konbentzionalak» Taiwandik pasatuko direla, «lehen aldiz».

Taiwango Defentsa Ministerioak herenegun iragarri moduan, Txinako armadaren maniobrek aire eta itsaso eremuak ixtea eragin dute sei gune horietan, eta itsasontzien eta bederatziehun bat hegazkinen ibilbideak aldarazi dituzte. Ministerio horrek beste ohar bat atera zuen argitara atzo, eta nabarmendu zuen «gerrarako prestatzen» ari dela, «gerra nahi izan» gabe: «Ez dugu atzera egingo Taiwanen subiranotasunari eta segurtasunari dagokionez».

Tentsioa, hortaz, nabarmen handitu da Taiwango itsasartean. AFP berri agentziaren arabera, PLAko iturri batek adierazi dio egunotako ariketak «egiazko borrokarako prestatzeko» antolatu dituztela, eta uharteko armadari ohartarazi dio «neurri zorrotzak» hartuko lituzketela Txinakoarekin «nahita topo egingo» balu edo «ezustean tiro egingo» balu.

AEBen ustez, tentsioaren «goraldi nabarmena» eragin dute Txinaren ariketek. Washintonek USS Ronald Reagan hegazkinontzia Taiwandik gertu utzi du, Jack Kirby Etxe Zuriko bozeramaileak jakinarazi duenez, «egoera zaintzeko».

Txinak hamarkadotan argudiatu du bere lurraldearen parte dela Taiwan, eta Xi Jinping Txinako presidenteak esana du Txina eta Taiwan —ofizialki, Txinako Errepublika— «berriz elkartuko» dituela.

Kongresuaren atarian

Gainera, Pelosiren bisita ez da garairik egokienean gertatu Txinako Gobernuarentzat. Herrialdeko buruzagiak hilabete honetan dira elkartzekoak urteroko bilera bat egiteko, Beidaihen, eta hor eztabaidatuko dituzte aferarik garrantzitsuenak.

Gainera, udazkenean, Txinako Alderdi Komunistak XX. Kongresua egingo du, eta, hain zuzen, bilkura horretan, Xik hirugarren agintaldia eskuratu nahi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.