ana galarraga aiestaran
Koronabirusa. ZIENTZIAREN TALAIATIK

Konfinamendutik ateratzeko bidean

2020ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Aste Santuko oporrak amaitzearekin bat, aldaketak izango dira alarma-egoeran. Bihar Espainian eta etzi Hego Euskal Herrian, langile asko beren lantegietara itzuliko dira, eta konfinamenduak zorrotza izaten jarraituko du gainerakoentzat. Beste neurri batzuk ere iragarri dituzte, tartean, garraio publikoan eta jendea elkartzen den espazio itxietan maskarak erabiltzeko gomendioa eman dute, ECDC Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Europako Zentroaren aholkuei jarraituta. Frantzian, berriz, Emmanuel Macron presidenteak biharko hitzaldian egingo dituen adierazpenen zain daude.

Zenbait eragile politikok eta sozialek kezkak eta kritikak adierazi dituzte neurrien aurrean, eta zientzialariek askotariko azterketak eta aurreikuspenak egin dituzte. Tartean dago SEMPSPH Medikuntza Prebentibo, Osasun Publiko eta Higienearen Espainiako Elkartearen txosten teknikoa. Apirilaren 10ean argitaratu zuten, eta trantsizio-faserako, hau da, konfinamendutik ateratzeko proposamenak eta aintzat hartu beharreko alderdiak biltzen ditu.

Egileen arabera, kasu berrien beheranzko joerak aukera ematen du pandemiari eusteko neurriak mailakatuta indargabetzen joateko. Horretarako, ez dute egutegi zehatzik jarri; aitzitik, administrazioen esku utzi dute egutegia egoerara egokitzen joateko ardura.

Neurriek hiru jarduerari (zaintza, prebentzioa eta kontrola) eta hiru eremuri (osasungintza, soziosanitarioa eta populazioa) eragiten diete, eta, beharrezkoa balitz, pandemiari eusteko neurriak berriro gogortzeko aukera ere aurreikusi dute.

Hain zuzen ere, horren beldur da Tedros Adhanom Osasunaren Mundu Erakundearen burua, alegia, neurriak azkarregi arintzen badira izurria indartu egingo dela, eta COVID-19ak heriotza are gehiago eragingo dituela.

Txostenak, dena den, xehe azaltzen du zer irizpide eta jarraibide bete behar diren hori saihesteko, lehen aipatutako arlo bakoitzean, eta, beste tresna eta baliabide askoren artean, herritarrontzat ohikoak bihur daitezkeen bi aipatzen ditu: maskarak eta mugikorretarako aplikazioak.

Mugikorren bidezko kontrola oinarrizkoa izan da Txinan, eta, batez ere, Singapurren eta Hego Korean, eta uste dute hemen ere mugikorrak erabilgarriak izan daitezkeela zenbait alderditan. Adibidez, erabiltzailearen eta osasun-zerbitzuen arteko bitartekaritza zuzena izateko, edo norbaitek harremana norekin izan duen jakiteko. Hala, infekzio-kasu bat baieztatuz gero, aukera dago harekin harremanetan izan direnei jakinarazteko, eta, beraz, haiek besteengandik bakartu daitezke, infektatu gabe daudela baieztatu arte. Horren bitartez, berehala eteten da infekzio-katea.

Digitalizazio eta Adimen Artifizialeko Espainiako Idazkaritzak dagoeneko landu ditu mugikorretako aplikazioak erabiltzeko irizpideak, eta semaforoan oinarritutako kolore-kode bat proposatu dute: gorriak infekzio-susmoa adieraziko luke, bere burua bakartu eta zuzenean joan beharko luke osasun zerbitzuetara test antigeniko bat egitera; horiak harreman ez-estua adieraziko luke, eta badaezpada zorrotz zaindu beharko luke bere burua, ea sintomarik agertzen den; eta, azkenik, berdeak ez lirateke susmagarriak izango, eta bizimodu arrunta egingo lukete. Alderdi etikoak eta pribatutasunekoak ere aztertu dituzte.

Horretara iristerako (iristen bagara), aurretik beste hainbat azterketa, txosten, proposamen eta neurri etorriko dira. Ebidentzietan oinarritutakoak, adostuak eta gizarte osoaren onerako izan daitezela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.