Koronabirusa

Hegoaldean gaur hasiko dira txertoa jartzen, zahar etxeetan

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Gaur hasiko da COVID-19aren aurkako txertaketa kanpaina Hego Euskal Herrian, eta, lehen fasean, arrisku taldeek izango dute lehentasuna, egoera zaurgarrian dauden taldeek, eta, beraz, zahar etxeetatik ekingo diote kanpainari. Ipar Euskal Herrian, berriz, urtarrilaren 4an hasiko dira, eta lehen aldian 140.000 pertsona txertatu nahi dituzte, Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren arabera.

Eusko Jaurlaritzak, atzo, informazioa eman, eta jakinarazi zuen hiru egoitzatan aldi berean jarriko dituztela lehendabiziko txertoak. Hain zuzen, Gasteizko Ajuria egoitzako, Elorrioko (Bizkaia) laguntza zentroko eta Hondarribiko (Gipuzkoa) Caser Betharram egoitzako egoiliarrak izango dira lehenak txertoa hartzen. Gaur, 405 dosi eman nahi dituzte. Hemendik aurrera, astero 16.000 txerto jartzea da aurreikuspena, 193.050era iritsi bitartean. Nafarroan, berriz, Iruñeko El Vergel egoitzan hasi nahi dute txertatze kanpaina, eta asmoa da han dauden 150 pertsonari jartzea txertoa.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, ordea, herritar batzuen etxeetara bidaltzen ari diren mezu «faltsu» baten berri ere eman zuen. Eusko Jaurlaritzaren eta Osakidetzaren logotipoa dute, eta 50 urtetik gorako herritarrei osasun etxeetara joateko deia egiten zaie mezu horietan, txertoaren lehen dosia hartuko dutela adierazita, eta bigarrena apirilean emango zaiela erantsita. Gainera, mezu horretan azpimarratzen da osasun etxera txertoa hartzera joan ezean dagokion arduradunari abisatuko zaiola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.