martxelo otamendi
HIZPIDEAK

Barrionuevo eta irakurketa kritikoa

2022ko azaroaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Iraganaren irakurketa kritikoa nola egin behar duen ez dakienak irakur beza herenegun Espainiako Barne ministro sozialista Jose Barrionuevok eskaini zuen elkarrizketa. Hortxe topatuko ditu eredua, oinarrizko irizpideak, dekalogoa, biktimekiko enpatia... Irakurketa kritikoa besteek egin behar dute, ez boterean egon direnek.

Elkarrizketa horretan, GALen garaiko Barne ministroak onartu egiten du Jose Maria Larretxea etakidea bahitzea agindu zuela, eta, inork dudarik eduki ez dezan, tonu harroan aitortzen du.

Elkarrizketan bada puntu bat bahiketa agindu zuela aitortzea bera baino larriagoa, oso ondo adierazten duena gerra zikinarekin egon zen konplizitate zabala. Honela dio: «Nik onartu nuen Kongresuan egindako agerpenean nik agindu nuela [Larretxea] atxilotzea eta ekartzea... Ez zuen ondoriorik eduki, eta Auzitegiak ez zuen [auzirik] ireki...». Hipokrisia deitzen dio Barrionuevok, eta aditzera eman askok ontzat eman zutela jokabide ilegal hura.

Jarraituko al diote Barrionuevoren aitortza bideari gure Barne sailburu ohiek? Onartuko al du, adibide bat jarrita, ardura horretan egondako sailburuak tematu egin zela ETAri leporatzen Muskiz eta Artxandako bonba-karteren erantzukizuna, adierazle guztiek Barne Ministerio barruko borroketara eraman arren?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.