Ahozko literatura itzultzearen erronka

Itzulpengintzaren aje zenbait azaltzen ditu Lawrence Venuti adituak 'The Scandals of Translation' liburuan, Navajo herriaren 'Sortze istorioa'-rekin egindakoa aletuz, besteak beste.

2018ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Literatur lan bat kultur espazio batetik beste batera itzulia denean maiz gertatzen da, Lawrence Venutik The Scandals of Translation (1998, Itzulpengintzako eskandaluak) liburuan azaltzen duen bezala, lanaren arroztasuna gutxitzea kultura jasotzaileen balioetara hobeto egokitua izan dadin. Hots, kultura jasotzailea asimilatu egiten du itzulitako lanak. Beste batzuetan, aldiz, itzulpenak atzerriko testua exotizatzera jo dezake testuaren jatorriaz —beste delako hori— kultura jasotzaileak duen irudiarekin bat egiteko. Kasurik korapilatsuenetan, eta horrelakoak egon ere badaude, itzulpenak atzerriko lana etxekotzearen prozesuan otzandu eta exotizatu egin dezake aldi berean. Azken hori sarritan gertatzen da ahozko literaturaren itzulpenean. Berez hizkuntza jakin batean ahoz transmititua izateko sortua den literatura beste hizkuntza batera eta idatziz jartzeko prozesuan erronkak eta arriskuak handiak dira.

Sortze istorioa izenez ezaguna den munduaren sorrerari buruzko Navajo istorioaren bertsiorik osatuena 1880an grabatu zuen Washington Matthews izeneko folklorista estatubatuarrak, Hathali Nez xamanak navajoz errezitatu bezala. Jatorrizko hizkuntzatik ingelesera Matthewsek egindako itzulpena irakurtzen zein ulertzen erraza da, batik bat garaiko ingelesera egokituta dagoelako. Hots, gaur bertan eta ingelesez propio sortua izan dela ematen du. Hala ere, une gakora iritsita —Lehen Gizonak orein bat ehizatu eta Lehen Emakumeari ematen dionean kozinatu dezan— istorioak xarma guztia galtzen du. Matthewsen itzulpenaren arabera, oreina jan ostean Lehen Emakumeak «esku koipetsuak soinekoan garbitu eta senarra biziki haserrearazi zuen komentarioa egin zuen. Eztabaida sutsua izan zuten horren gainean eta jarraian Lehen Gizonak suaren gainean jauzi egin zuen». Egun horretatik aurrera Lehen Gizonak eta gainerako lehen gizonek emazteengandik aparte lo egiten hasi ziren eta horren ondorioz gizateria ia desagertu egin zen harik eta gizonek eta emakumeek bakea egin zuten arte.

Zer komentario motak eraman zitzakeen lehen emakume eta lehen gizon haiek hain muturreko egoerara? Matthewsen bertsioak ez du azaltzen eta ondorioz hizkuntza aldetik irakurgarri eta ulerterraza ematen duen testua, hots, etxekoa bezala, ilun eta eskuraezin —arrotza, bitxia, exotikoa— bihurtzen da.

Kasualitatez, liburu amaierako ohar pilaren artean ezkutaturik, gertaera Hathali Nezek azaldu bezala jasotzen du folkloristak. Xamanak errezitatutakoaren arabera, istorioak honela jarraitzen du: «[Jaten] amaitutakoan emakumeak esku koipetsuak soinekoan garbitu eta esan zuen: 'E'yehe si-tsod' (eskerrik asko, nire bagina). 'Zer esan duzu?', galdetu zuen Lehen Gizonak. 'E'yehe si-tsod', errepikatu zuen. 'Zergatik mintzo zara horrela?', galdetu zion. 'Ez ote nuen nik jan duzun oreina hil? Zergatik ez dizkidazu eskerrak ematen? Tsod-ek hil ote zuen oreina?'. 'Bai', erantzun zuen; 'hargatik ez balitz, zuek gizon alferrok ez zenukete ezer egingo. Hark egiten du lan guztia'. 'Akaso emakumeok uste duzue gizonik gabe bizi zaitezketela', esan zuen. 'Jakina baietz. Guk geuk emakumeok lantzen ditugu soroak eta haziak eta janaria bildu; gure soroetako uztatik eta biltzen ditugun hazi eta fruituetatik bizi gaitezke. Ez dugu zuek gizonon beharrik'. Eta eztabaidan hasi ziren. Lehen Gizona haserre baino haserreago jarri zuten emaztearen erantzunek eta amorruak jota suaren gainetik jauzi egin zuen, eta isilik eta bakardadean igaro zuen gaua».

Bi pertsona desberdin...

Generoari begira ikuspegi interesgarria eskaintzen du Navajo sorrera istorioak, Matthewsen garaiko Amerikako Estatu Batuetan edo Europan bertan arrotz, ulertezin, eta ziur aski eskandalagarri iritziko ziotena. Akaso horregatik moldatu zuen istorioa Matthewsek. Generoa, ordea, ez da modu berean ulertu garai eta gizarte guztietan, eta itzulpenen bidez arras Euroamerikarra den ikuspegia (Judith Butler bera horretan partaide izan da) inposatu da euroamerikarrak ez diren testuetan.

Hamarkada batzuk geroago, indiar amerikarrak desagertzeko zorian zeudela eta AEBak haien kultura babestearen sukarrak jota zegoenean, Hehaka Sapa (Altze Beltza) Lakota medizina gizonak esandakotik abiatuta indiar amerikarren eguneroko bizimoduari, historiari eta erlijio jarduerei gaineko kontuak bildu zituen John G. Neihardtek Black Elk speaks (1932, Altze Beltza mintzo da) liburuan. Azken hori ez zen, ordea, Hehaka Sapak kontatutakoaren itzulpen zehatza. Matthewsek Hathali Nezek errezitatuarekin egin bezala, Neihardtek sakon editatu zuen kontakizuna, Hehaka Sapa berez zen pertsona konplexua bezala azaldu ordez, estatubatuarrek indiar amerikarren gainean duten irudi erromantiko-tragikoaren bat egiten zuen erretratua eskaintzeko.

Gerora argitaratu zituzten transkripzioetako une batean Hehaka Sapa etsai zuriak akabatzeko saiakerei buruz poz-pozik mintzo da, eta handik gutxira kristau kulturan bete-betean sartuta dagoela azaltzen du. Hain zuzen, gazterik bataiatu zutenean Nicholas izena jaso zuen eta Osaba Nick bezala ezagutzen zuten tribuko denek, nahiz eta Hehaka Sapa zuen jatorrizko izen. Neihardten liburuan, ordea, ez da zurien kontrako mendeku gosearen ezta kristautasunari buruzko aipamenik egiten. Liburukoa eta grabazioetakoa bi pertsona ezberdin direla ematen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.