Fukushimako hondamendia. 10. urteurrena

Munduko zentralen segurtasuna kezkaz ikusten dute hainbat adituk

Edu Lartzanguren.
2021eko martxoaren 11
00:00
Entzun
Gaur 440 erreaktore nuklear ari dira lanean munduan —zentral batek erreaktore bat baino gehiago eduki ditzake—, 33 herrialdetan, World Nuclear Associationek emaniko datuen arabera. Beste 15 bat erreaktore ari dira eraikitzen 16 herrialdetan, gehienak Txinan, Indian, Errusian eta Arabiar Emirerri Batuetan.

Baina, oro har, gain behera doa industria hori. Three Mile Islandeko (AEB, 1979) istripuak sortu zuen kezka, Txernobylgo istripuak (Ukraina, 1986) baieztatu zituen beldurrak, eta Fukushimako hondamendiak eman zion, beharbada, azken kolpea amets atomikoari.

Alemania aitzindari izan zen: Fukushimaren ondoren, bere 17 erreaktoretik zortzi itxi zituen, eta datorren urterako gainerakoak itxiko dituela agindu du. 1996. urtean, sistema horrekin sortu zuten munduko argindarraren %17,5. Gaur %10 pasatxo baino ez da, eta espero da are gehiago jaistea etorkizunean, berriztagarriek indar handiagoa hartu ahala.

Fukushimako hondamendiaren urteurrenaren harira, testu bat argitaratu dute Kiyoshi Kurokawak, Japoniako Legebiltzarrak Fukushimako istripua ikertzeko eratu zuen batzordeko buruak, eta Najmedin Meshkati ingeniaritza industrialeko irakasleak, Kalifornia Hegoaldeko Unibertsitatekoak. Haien arabera, segurtasuna da oraindik energia nuklearraren erronka nagusia. Fukushimakoa «gizakiek eginiko hondamendia» izan zela nabarmendu dute, naturaren indarrek eragindakoa, bai, baina aurreikusi eta saihesteko modukoa. Salatu dutenez, hura gertatu zen halako instalakuntzak gainbegiratzerako legedia «laxoa» delako Japonian, eta zentrala kudeatzen duen konpainiak ez zuelako «segurtasun kultura eraginkorrik».

Adituok ohartarazi dutenez, «zantzu kezkagarriak» ikusten dituzte AEBetan ere, nuklearren inguruko arauak «higatzen» ari direlako, eta zentral nuklearrek ikasteko eta nazioarteko segurtasun neurriak hartzeko presioari«kontra» egiten diotelako.

Golkoko herrialdeen arteko lehiaz ere ohartarazpena egin dute, Arabiar Emirerri Batuetan egiten ari diren zentralaren eta Egipton egin nahi dituztenen harira. «Interesa dute denek segurtasun nuklearrean eta larrialdietarako erantzun kolektiboan. Eskualde osoa izan daiteke airetiko erradiazioaren biktima, eta uraren kutsadurarena, istripua gertatzen bada golkoan, edonon».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.