Zahar etxeetako auzian «gezurra» esatea leporatu dio ELAk aldundiari

Erakundearen izenik ez «lohitzeko» eskatu du Gipuzkoako Batzar Nagusietako talde jeltzaleak

Gipuzkoako zahar etxeetako gatazkaren harira ELAk deitutako protestetako bat. ANDONI CANELLADA / FOKU.
arantxa iraola
Donostia
2019ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Gizarte Politiketako diputatu Maite Peñak, eta ELA sindikatuko ordezkari Txomin Lasak; biek hartu zuten atzo hitza Gipuzkoako Batzar Nagusietan zahar etxeetako langileen gatazkaz jarduteko, eta salaketa aski gogorrak ere egin zizkioten elkarri. Lasak foru aldundiari egotzi zion «gezurretan» aritzea, eta agiriak ere «faltsutzea» gatazka horretan izan duen esku hartzea desitxuratzeko. Peñak, berriz, esan zuen diputazioak, ororen gainetik, egoitzetako egoiliarren arta ona bermatu behar duela, horretan ari dela, eta ELA, aldiz, «erabiltzen» ari dela egoiliarren senitartekoak gatazkarako. Irailetik protestan ari dira sektoreko langileak, grebak pilatzen ari dira, eta asko korapilatu da azken asteetan gatazkaren konponbidea. Horren erakusgarri izan ziren atzoko agerraldiak.

Negoziazio mahaitik kanpo, ELAk —langileen ordezkaritzaren %60 du— akordiorako oinarri bat hitzartzen jardun du patronalaren zati batekin. Lasak atzo adierazi zuen aldundiaren oniritziarekin egin dituztela negoziazio horiek. Hain justu, hori erakusten duten «frogak» eraman zituen agerraldira: posta elektroniko eta telefono bidezko mezuak. «Froga» horiek, halaber, akordiorako oinarri bat erdietsi zela erakusten dutela ere azaldu zuen ELAko ordezkariak, eta aldundiak eragotzi zuela akordio hori gauzatu ahal izatea. Hori ukatu egin du orain artean, ordea, aldundiak eta berretsi egin zuen atzo Maite Peñak horixe bera. Horregatik sindikatuaren salaketa: «gezurra» esan du aldundiak. «Badakit oso salaketa gogorrak direla, baina frogak ditut», azaldu zuen Lasak. Batzar Nagusien esku laga zituen eramandako hainbat agiri.

Patronalarekin —Adegi eta Matia 2020rekin— testu «on» bat hitzartu zutela esan zuen behin eta berriz sindikatuko ordezkariak: «Lortuta zegoen». Salatu zuen, ordea, diputazioak agiri hori hartu, «faltsutu», eta desitxuratuta aurkeztu zuela: ELAren proposamen soil bat balitz bezala. Patronalek ere egin nahi izan zuten atzo ekarpena: agiri bat igorri zuten Lan Harremanen Kontseiluko Gipuzkoako ordezkaritzara adierazteko negoziazio mahaitik kanpo ez dela «izenpetu» inolako itunik. Eta, hain justu, akordiorako oinarria sinatu gabeko testu bat dela onartu zuen Lasak, baina esan zuen adostasuna bazela horren inguruan, eta izenpetu gabe utzi zela, hain justu, lehenbailehen helarazteko aldundiari. Aurkeztu zituen «frogek» hori erakusten dutela azaldu zuen.

Finantzaketa

Ernesto Merino EH Bilduko batzarkideak eskatuta solastatu zen atzo Maite Peña Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Kritikatu egin zuen Merinok diputazioak gatazka honetan duen jarrera, eta konpontze aldera, gehiago egin behar lukeela esan zuen: «Berez, finantzaketari dagokionez, zuek zarete patronala». Hain zuzen ere, zentroak kudeatzen dituzten enpresek nekez hobetuko dituzte langileen baldintzak foru erakundeak finantzaketa ziurtatzen ez badu.

Kritiken harira, EAJ batzarkide taldeak ohar bat atera zuen atzo ELAren eta EH Bilduren jarrera gaitzesteko; biei egotzi zien «gatazka lehenestea». Peñaren lana goratu zuten: «Babes eta konfiantza osoa erakutsi nahi diogu».Atzo entzun ziren kritikak diputazioaren izena «lohitzeko» saio bat direla adierazi zuten, eta halakoak baztertu behar direla.

Agerraldiak entzutera joan ziren LAB sindikatuko —ordezkaritzaren %20 dute; negoziazio mahaian daude— bi ordezkari ere. Mahai horretatik kanpoko elkarrizketak saihestu behar direla gogorarazi zuten. Ane Sarriegi: «Herrialdeko hitzarmena herrialdeko negoziazio mahaian negoziatu behar da. Ezin da onartu ELA sindikatua ez mahaian egotea, baina aldi berean akordiorako oinarria hitzartzen egotea patronalarekin, patronala mahaian egotea baina gero kanpoan negoziatzen egotea, eta okerrena da Gipuzkoako Foru Aldundiak nola onartzen duen joko zikin hori guztia». Argi dute estrategia: «Mahaian jarraituko dugu eta, aldi berean, mobilizatzen. Greba gehiago deituko ditugu herrialdeko hitzarmena lortzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.