Eskoziako prozesu independentista. Alderdi politikoak

Nola irabazi erreferendum bat (egiteko aukera)

Eskoziako Gobernuak iragarria du bigarren bozketa 2023 amaitzerako egiteko nahia. Londres ezezkoan dago. Bi iritzi zabalduta daude: egin egingo dela, baina ez 2023an.

Zazpi urtez agintean. Nicola Sturgeon, iazko maiatzean, Eskoziako Parlamentuan. FRASER BREMNER / SCOTTISH DAILY MAIL /EFE.
jon olano
Edinburgo
2021eko urriaren 31
00:00
Entzun
Datarik ez badu ere, bigarren erreferendumari buruzko eztabaida pil-pilean dago Eskozian, hura egiteko asmoak berak alderdi eta hedabide guztiak jartzen baititu gaiari buruz hizketan. Eskoziako Gobernuak iragarria du, COVID-19aren izurriak modua emanez gero, 2023. urtea amaitzerako egin nahi duela bigarren kontsulta, baina Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroaren ezezkoak eta baimen faltan Eskoziako Gobernuak urratsik ez egiteak gerta daitekeenari buruzko ate ugari zabaltzen ditu. Bi ideia daude orokortuta: 2023an ez dela bozkatuko, baina, noizbait, galdeketa egin egingo dela.

Lehen bozketatik zazpi urtera, SNPk beste erreferendum bat du jomugan, batez ere kontuan hartuta brexit-ari buruzkoan, Eskozian, Europako Batasunean jarraitzearen aldeko botoa nagusitu zela. Gainditu beharreko lehen galbahea, ordea, Downing Streeten dago. Eskoziako Gobernuan Johnson bera daukate trabatzat, uste baitute ez duela izan nahi Eskoziaren independentziari bide eman zion lehen ministroa, eta haren estrategia guztia erreferendumaren ukazioan oinarritzen dela: «Johnsonek ez du blokeoa eta atzerapena ez den estrategiarik. Hori ez da posizio jasangarria demokrazia serio batean». Gobernuak etengabe darabil demokraziaren marko diskurtsiboa: «Eskoziarrek zeresana izango dute erreferendum libre eta garbi batean, demokrazia nagusitu behar delako eta nagusituko delako».

Haatik, «pazientzia» nahi du gobernuak. Izan ere, Johnsonen jokabideak bi aukera zabaltzen ditu: independentziaren alde bozkatuko ez luketen batzuek ere babestea, Johnsonekin kritiko. Beste aukera: independentismoan SNPrekiko aurkakotasuna areagotzea, pazientzia galtzea. Pazientzia, erreferendumak legez onartua eta adostua izan behar duelako: etxe barrura nahiz nazioartera begira. Eskoziako eragileen artean Katalunia aipatzen den aldiro, egin behar ez den bidearen adibide gisa aipatzen da.

Patxada estrategikoa, beraz. Gobernuak asmoa du 2023a amaitzerako erreferenduma egiteko, baina askok zalantzan jartzen dute eguna. Pazientzia eskatuta, gobernuak atea zabalik uzten du epeak malgutzeko, baina gobernuan ez daude bereziki kezkatuta horrek sor dezakeen haserrearekin: prozesua berehala aktibatzeko eskatzen duen Alba Alderdiak ez zuen ordezkaririk eskuratu maiatzeko bozetan.

Bozkatuko dela ziurtzat daukate Eskoziako Alderdi Kontserbadorean ere. «Ezin zaio beti ezezkoa eman», aitortu diote toryen iturriek BERRIAri. Kontua da noiz den garai egokia, eta pandemiak aukera eman die kontsultaren aurka egiteko. «Egoerak aldakorrak dira, eta lehentasunak ere bai. Agian ez da izango urtebeteko edo bi urteko epean, baina gerora...». Badago aldaketarako aukera; gaur ezin dena bihar posible da.

Alde horretatik, garrantzitsuak izango dira berez 2024an egitekoak diren baina 2023ra aurreratu litezkeen Erresuma Batuko hauteskundeak. Espero da Johnson izatea lehen ministro berriz ere, baina SNPren emaitzei gertutik erreparatuko diete kontserbadoreek; independentistek beste behin emaitza onak lortuz gero, nabarmen lautuko litzateke bigarren galdeketarako aldapa.

'Devo-max' hipotesia

Erreferenduma lortzeko bidean litekeena da garrantzi handia izatea Alderdi Laboristak, 2023 edo 2024ko hauteskundeen ostean Alderdi Kontserbadorea gutxiengoan balego Westminsterren. Haatik, ez dirudi laboristek bigarren galdeketarako bidea errazteko asmoa dutenik; urri hasieran eginiko konferentzian, Keir Starmer Erresuma Batuko laboristen buru berriak iragarri zuen Gordon Brown lehen ministro ohia jarriko duela Eskoziari eskumen gehiago emateko batzorde baten buru. Berdintsu hitz egin du asteotan Anas Sarwar Eskoziako laboristen buruak ere, SNP kritikatuz erreferendumera deitzeko asmoa iragartzeagatik.

Laboristek etxe barruan daukate dilema; Eskozian dituzten botoen herenak inguru independentistak dira, eta, Eskozian behintzat, eztabaida horretan erakutsitako jarrerak zigortu egin du alderdia. Posizio horrek ere ez dio aparteko mesederik egin Londresen, hamarkada bat daramanez gero oposizioan eta toryen kopuruetatik urrun.

Hori horrela, Eskoziari eskumen gehiago itzultzearen aldeko ideia edo Erresuma Batuaren federalizazioa babesten du laborismoak. 2014an, devo-max aukera botopaperean nahi zuen Alex Salmond Eskoziako orduko lehen ministroak, baina baztertu egin zuen David Cameron Erresuma Batukoak, eta azkenean bi aukera baino ez ziren jaso. Halere, inkestetan independentismoak gora egin ahala, kontserbadoreek, laboristek eta liberal demokratek promes bat adostu zuten bozketaren atarian: Eskoziari ahalmen politiko handiagoa ematea.

Bigarren erreferendumari begira, devo-max ez da aukera bat, gobernuaren iritziz; erreferendumaren baldintzak negoziatu beharko lituzkete bi gobernuek, eta Eskoziakoa ez dago prest, gaur-gaurkoz, eskumen gehiago itzultzearen aukera botopaperean jasotzeko. Kontserbadoreek uste dute aukera hori izango balitz irabazi egingo lukeela, jendeak nahiago duelako «aldaketa leun» bat, baina ez dute aukera errealista gisa ikusten: aukera federalaren arazoa da ez dagoela horren eskaririk edo nahirik Ingalaterran, eta Alderdi Laboristak planteatzen duela gainbehera doalako egungo marko politikoan.

Berdeen abagunea

Instituzionalki, aukerak eta arriskuak ditu bloke independentistak. Batetik, Sturgeonen lidergoa eta haren iraupena kontuan hartu beharreko aldagaiak dira; ezker-eskuin aitortzen diote kudeatzaile ona eta komunikatzaile hobea dela, baina haren figuraren nabarmentzeak albo kalte bat ere sortzen du SNPn: hain da luzea haren itzala, beste ezein lidergo posible ez baita ageri alderdiaren ortzimugan. Sturgeonek zazpi urte daramatza agintean, SNPk hamalau gobernuan, eta lehen ministroak hamabi egingo ditu legealdia amaitzean. Inor gutxik espero du berriro aurkeztea, eta, beste hautagairik trebatu edo lidergoak zabaldu gabe, SNPk arazo bat izan lezake laster.

Denborak esango du SNPk kudeaketaren higadura nozitzen duen, baina independentismoak badu abantaila bat duela urte batzuk ez zuena: Alderdi Berdearen hazkundeak beste eskaintza instituzional bat aurkeztu die SNPrekin aspertu litezkeenei. Laborismoarekin gogaituta dauden boto emaileetatik edan dute berdeek azken urteetan, eta litekeena da jario horrek horrela jarraitzea. Independentismoaren zakua handitzea ere eragingo luke horrek. Kide eta boto emaile gazteak dute Berdeek, eta, SNPk bezala, asko ugaritu zuen militante kopurua 2014ko bozketaren biharamunean; hiru egunetan 1.300 kide izatetik 9.000ra igaro zen.

Horixe da Berdeen helburua: laboristen ur nahasietan arrantzatzea. «Laboristek beste alderdi guztiak gorroto dituzte, baina are gehiago gorroto dute elkar», entzun zitekeen alderdiak urriaren 9an eginiko konferentzian. Bi soslai bereizten dituzte boto emaile laboristen artean: Jeremy Corbyn buruzagi ohiaren ildokoak, egungo ildoarekin gogaituta «berez» Berdeetara joaten ari direnak. Haatik, bada beste soslai bat: laboristekiko oso fidela, 50 urtetik gorakoa, industrialdeetakoa, Berdeen proposamen batzuk bere lanposturako mehatxutzat hartzen dituena (nagusiki, petrolioaren eta erregai fosilen arloko beharginak).

Edonola ere, alternatibarik eza da SNPren abagune nagusia; apenas daukan lehiakiderik independentismoan, eta, batez ere, ez dauka oposizio sendorik unionismoan. Oposizioaren lehen indarra Alderdi Kontserbadorea delako eta horrek asko zailtzen duelako unionismoak alternatiba bateratu bat aurkeztea. Horixe izan liteke indepentziaren atea zabal lezakeen giltza: unionismoaren kanpaina kontserbadurismoak zuzentzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.