Herriko bozak. Ondorena

Ez kutsatzeko bermerik gabe

Frantziako Gobernuak COVID-19aren aurka jarritako neurriak oso urriak izan dira Ipar Euskal Herriko bozkalekuetan. Jende multzo handiak elkartu dira, erraterako, Ziburuko herriko etxean.

Herritar batzuen eskuak, bozetako gutun azalak irekitzen, herenegun arratsaldean, Donapaleun. GUILLAUME FAUVEAU.
maddi ane txoperena iribarren
Ziburu
2020ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Edozein igandetako edozein arratsalde izan zitekeen. Mutil talde handi bat dago Ziburuko plazan, palak eskuetan, kiroleko arropa soinean eta aurpegiak gorri: izerdia nabari zaie urrundik. Pala partida bat jokatu berriak dirudite, eta solasean ari dira, bata bertzearengandik hurbil —inondik ere ez metro batera—. Urrats batzuk harago, herriko etxeko atarian, jendea dabil sartu-irtenean: gehienak zaharrak dira, eta pauso motelean doaz; guti, baina tantaka. Inor ez dago aho maskarekin, are gutiago eskularruak jantzita. Eta elkar agurtzen dute, bozei buruzko pronostikoak egiten dizkiote elkarri, patxadaz ari dira. Ziburuko herriko etxea (Lapurdi) Ipar Euskal Herriko bozkalekuetako bat da, eta normaltasun usaina du: Frantziako Gobernuak koronabirusaren aurka iragarritako segurtasun neurrietarako, normaltasun handiegia. Edozein igandetako edozein arratsalde izan baitzitekeen herenegungoa. Edo, bederen, edozein bozetako edozein igande arrunt.

Arratsaldeko bortzetan ez da jende anitz ageri bozkalekuaren barnean: Isabelle Dubarbier eskuineko zerrendaburua eta bere kide batzuk bozkatzeko mahaiaren bueltan dira, udaletxeko langile batzuk han-hemen... Parte hartzea zenbatekoa izan den galdetu die kazetariak, eta «%54» idor bat jaso du arrapostua, Dubarbieren ahotik: «%54, oraingoz». Baina azken orduan ez da République Française idazkidun gutun azalik sartuko kutxa gardenera. 2014ko herriko etxeetako bozetako lehen itzulian %68,94 izan zen parte hartzea Ziburun: aldea nabarmena da.

Gela ttipi bat da herriko etxeko bozkalekua, eta boto kutxa bat baino ez du; hiru bozka kabina ondoan, erridau banarekin —eskuaz ireki eta ixtekoak—. Sarreraren ondoan dagoen mahai ttipi batean eskuak garbitzeko xaboi poteño bat ezarri dute ohartarazpen batekin: «Nahieran erabiltzeko soluzio hidroalkoholikoa». Eta ate ertzean bertze afixa ttipi batzuk daude eskuak garbitzea gomendatzen dutenak: gomendatu... baina inork ez du inor behartzen horretara. Emakumezko udaltzain bat hurbildu da xaboi potera, koronabirusaz solas eginez, erdi txantxetan: «Ez al du usain xelebrea honek?». Eta eskuak igurtzi ditu, irribarrez.

Jendetza, emaitza egarri

Arratsaldeko seiak hurbildu ahala, gero eta jende gehiago hurbiltzen hasi da: 18:00etan itxiko dituzte boto kutxak, eta emaitzen egarri datoz herritarrak. Elkar agurtzeko, aireari ematen diote musu, alegiaz: «Koronabirusa, badakizu...», eta irriak.

Botoak kontatzeko tenorea heldu denean, eskularruak banatu dituzte kontaketa egin behar dutenen artean, baina parez pare eta elkarren aldamenean eseri dira. Eta jendea dago inguruan, agertuz doazen boz paperei adi begira. Jarri dute pantaila handi bat bozkaleku ñimiñoko paretetako batean, eta jendea gero eta gehiago: zutik, jarria, bata bertzearengandik hurbil, elkar ukitzen... Eta gela ttipiko leihoak, berriz, itxita: giza berotasun sargoria dago airean. Kazetariak, berehala, burura: «Hemen COVID-19a duen inor baldin badago, akabo ortziralean abiatutako berrogeialdia». Hasi dira emaitzak ailegatzen, eta jendearen erreakzioak haiekin batera: frantses eskuindarren aieneak eta euskaldun ezkertiarren oihu euforikoak. Azken bozkalekuko datuekin baieztatu dira batzuen poza eta bertzeen samina: abertzaleek irabazi dute. Besarkadak eta musuak; kontsolamenduzkoak eta goresmenezkoak. «Hemen COVID-19a duen inor baldin badago...». Akabo berrogeialdia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.