mikel rodriguez
HIZPIDEAK

Krimen perfektua

2022ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Vicente Lertxundi militante anarkistari omenaldia egin zioten atzo Donostian, hil zenetik 60 urte bete direnean. Martuteneko espetxea utzi eta gutxira hil zen, bertsio ofizialaren arabera, kartzelan bihotzeko gaitz bat diagnostikatu ondoren. Lertxundiren gertukoek, ordea, jipoituta aurkitu zuten militantea, eta, orduko testigantzen arabera, «hil egin naute» erran zuen zendu aitzinetik. Omenaldian salatu dute torturaren biktimek «egiarik eta aitortzarik gabe» jarraitzen dutela gaur egun, eta torturatzaileek eta haien gaineko arduradunek «inpunitate osoa» dutela.

Krimen perfektua ez dela existitzen dio literatura eta zinema beltzeko ohiko erranak. Euskal gatazkan tortura erabiltzea erabaki zutenek, ordea, bertzerik pentsatu izan dute. Lertxundiren heriotza gatazka modernoaren hastapenetan gertatu zen, frankismo betean. Aro horretatik 2014ra arte, Jaurlaritzak 4.113 tortura kasu dokumentatu ditu; Nafarroako Gobernuak, berriz, 169, 1978ra arte bakarrik.

Espainiako Estatuaren jarrera, ordea, ez da aldatu: estatuak ez du torturatu, inkomunikazio aldiko hutsune luzeetan ez da eskubiderik urratu, eta salaketa guztiak talde armatu baten asmakizunak dira. Baina hiru milioi biztanleko herri batean milaka bizipen pilatu izana errealitate handiegia da ezkutuan mantentzeko, baita estatu batentzat ere. Krimena perfektua izanen da, ikerketa inperfektuari eutsiko badio bakarrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.