Txema Ramirez de la Psicina

Gerra (a)hotsak

2022ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Bonba hotsak, garrasiak, hildakoak, odola, arima urratzen diguten negar malkoak,... egunero ikusgai, nonahi. Ezin ihesik egin. Planeta honetatik baja ematekotan egon naiz, baina ez dut horretarako leihatilarik topatu. Galaxiaz okertuko nintzen akaso. Tokatu zaigun garaian bizi gara. Ez dago besterik. Pandemiaren zamari gerraren dramak hartu dio gaina. Bistakoa da kezka jendearen aurpegietan. Eta begietan. Begi urdindunen gerra, titulatu du bere zutabea Madrilgo kazetari batek. Gerra eta herra etxe atarian dira.

Errealitatea konplexua da. Oraingo inbasioa hasi baino lehen, 2014-2022 urtealdian, NBEren arabera Ukrainan 14.000tik gora hildako eta milioi bat inguru desplazatu izan dira. 2013ko azaroan Kieveko Independentzia plazan hasi zen matxinadak —euromaidan famatuak— Mendebaldeko komunikabideen arreta handia bereganatu zuen. «Ukrainak Europan sartu nahi du», zen lelo nagusia Mendebaldeko komunikabideetan. Hedabide berberek, ordea, bizkarra eman diote Donbassko gerrari. Bertan izandako gertaera larriak apenas agertu diren gure agendan. Han, Ukrainako armada izan da eskolak, ospitaleak eta zibilak bonbardatu dituena, baina irudiok gutxitan iritsi zaizkigu.

Lehendik komunikazioaren mundua aztoratu samar bazegoen ere, orain gerra garaian, alde bateko zein besteko, ia infinituraino biderkatu dira zentsurak, gezurrak eta desinformazioak. Ezin konta, ezin denak aipatu. Sarritan, kosta egiten da gertaeraren muinera iristea. Noam Chomsky komunikabideen aztertzaile zorrotza da. Ukrainako inbasioaren harira, bizi dugun egoeraren larritasunaz ohartarazi du egin dioten azken elkarrizketan (ctxt.es): «Gizateriaren historiaren une erabakigarrian gaude. Ezin da ukatu. Ezin da ezkutatu». Kazetaritzaren ikuspuntutik, hiru apunte xume begitandu zaizkit gerra honen inguruan. Honatx hiru ardatz posible: gerraren protagonistak, emakumeen errepresentazioa eta totalitarismoaren gorakada.

Gerraren protagonistak: Volodimir Zelenski eta Vladimir Putin. Oso estilo, janzkera eta komunikatzeko modu desberdinak erabiltzen dituzte (Igor Susaetak kazeta honetan aipatu bezala). Gertukoa eta zuzena lehena, hotza eta gogorra bigarrena. Volodimirri nabari zaio interpretazio mundua menperatzen duela. Ederki kudeatzen du zirraren zaldiko-maldikoa. Vladimirren zehar begirunea, ordea, arimaren plegurik ñimiñoena ere izozteko gai da. Heroi eta bilau perfektu hauen errepresentazioa ezin hobeto egokitu zaio ikuskizunaren dinamikan instalatuta dagoen egungo sistema komunikatiboari.

Zein da emakumeen agerpena gerra honetan? Buruzagi politiko edota militarren artean bi emakume soilik ikusi ditut: Irina Verestxuk Ukrainako lehen ministro-ordea, eta Maria Zakharova Errusiako Atzerri Ministerioaren bozeramailea. Beste guztiak gizonezkoak dira, mahai negoziatzaileetan nahiz agerpen publiko nagusietan. Egia izango ote da gizonezkook gerra besterik ez dakigula egiten? Ohiko estereotipoak inoiz baino gordinago ageri dira gerra honetan: emakumeak —negarrez eta izu aurpegiz— mugak zeharkatzen, alboan umeak eta aitona-amonak dituztela; gizonak, armak eskuetan, lubakietan. Frontean dauden emakumeak, ia ikusezinak. Bide batez, intsumisorik ez al dago gerra honetan?

Totalitarismoaren gorakada

Gerran informazioa kontrolatzea funtsezkoa da. Gerraren luzapena da, beste fronte bat. Batzuek albiste faltsuen aurkako borroka erabili dute aitzakiatzat ahots disidenteak mututzeko. Beste batzuek kazetari edo komunikabide deserosoei etsai edo espioiaren etiketa ezarri diete beren jarduna zentsuratzeko edota kartzelan sartzeko (Pablo Gonzalez kazetariak Rzeszoweko —Polonia— kartzelan jarraitzen du). Totalitarismoa eta ahots disidenteen errepresioa etengabe doa gorantz mundu osoan.

Horrez gain, beste elementu kezkagarri bat ageri zaigu. Aspaldikoa da, gerra izan edo ez. Komunikabideek batzuen eta besteen propagandan kulunkatzeko duten ohituraz ari naiz. Informatu beharko liguketenak, askotan, informazio-iturri ofizialek esandakoa erreproduzitzera mugatzen dira. «Honek hau esan du. Besteak, berriz, beste hau». Kito, hor amaitzen da kontakizuna. Hor bukatzen da kazetariaren lana. Baina nik jakin nahi dut zer, zergatik eta nola jazo den kontatzen ari zaigun hori.

Egoera benetan paradoxikoa da. Izan ere, inkestek esaten diguten bitartean herritarrok hedabide handiez dugun mesfidantza gero eta handiagoa dela, datuok erakusten digute, ordea, hedabide berberak kontsumitzen ditugula gero sare sozialetan. Onar dezagun zintzoki: hedabide hegemonikoetan kazetaritza librea ez da nagusi; kasik hilzorian dagoela esango nuke. Kazetaritza asketzat hartzen dut, iturriak kontrastatu ondoren, herritarrei errealitatearen kontakizun minimoki koherentea eskaintzen saiatzen den jardun profesionala. Kontua ez da batzuek objektibotasuna edo inpartzialtasuna deitzen duten ergelkeria hori bermatzea. Ez, ez da hori kontua. Onestasun intelektualez ari naiz, gezurrik ez esateaz, gertaerak bere testuinguruan kokatzeaz, sentimenduekin hain modu arinean ez jokatzeaz.

Gaur, inoiz baino gehiago, komunikabideen jarioa emozioen mende dago. Boterearen inguruko komunikazio-kabineteek zirrara horiek ederki fabrikatzen dituzte, kazetarien agenda mugatuz eta gure mundu-ikuskera baldintzatuz. Spin doctors-ak benetakoak dira. Egunero koipetzen dituzte boterearen meningeak. Egunero administratzen dizkigute goizero, eguerdiro, gauero irentsiko ditugun pilula emozionalak. Egun, hori da kazetaritza hegemonikoa.

Kulpa guztia ez da, ordea, komunikabide edo kazetariena. Gure esku ere badago zerbait egitea: begirune kritikoz jokatzea, informazio-iturriak alderatzea... Bai, badakit. Horretarako denbora eta heziketa behar dela. Eta gaur egun, «ez dut astirik» da esaldi tipikoa gure solasaldietan; eta heziketa komunikazioan... gure curriculumetan baliabiderik ez duen asmo ederreko proposamena baino ez da.

Bizkitartean, gerrak aurrera jarraitzen du: Ukrainan, Donbassen, Yemenen, Sirian, Palestinan, Saharan... Albisteak testuinguruari zor dio bere izana, arrainak urari bezala. Gerra hotsak izutzen eta itsutzen gaitu. Hotsak ahotsak ezkuta litzake, polikromia monokromia bihurtuz. Kazetaritza librerik gabe, hilik gaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.