Urmuga. IRITZIA

Hala diote

Migel Zeberio Etxetxipia
2021eko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Hamar bat egunez, buhameen modura, haranez haran gabiltza, soinu tresnak gainean, benetako urmugalari ibiltariak non, gu han, munduko zurrunbilotik urrun. Haien ibilian gurutzatzen gatzaizkie gu eta gure itzalaren atzetik datorren entzuleria.

Ibili horretan suma daiteke, ordea, beti so dugun norbait, alboko mendi tontor lerdenetik; lanbro artean edo eguzki galgetan, Mariren indarrak hor daude, onartu du gure jarduna, babestu gaitu.

Toki berri bakoitzean zain dugu gure jendea, lanerako aitzakiarik gabe, auzolanean Urmugari beretik hoberena emateko prest, nagikeriarik gabe, Anboto edo Intzako dorrepean, Aizkorri edo Tologorripean. Herri txikiak izanagatik, ez dute ekiteko grina hori galdu, eta horrek egiten du Urmuga handi.

Gurea kolorea besterik ez da; Araia, Dima, Baigorri, Zegama edo Larraungo jendarterik gabe ez da musikarik, Lizardik aurkeztu zigun Lur, Oi Lur hori eta bertako gizon-emakumeak dira Urmugak batzen dituen indarrak eta bere zentzua; noski, Mariren baimenarekin baino ezin horrelakorik sortu.

Bitartean bizitzen ari garen mikrokosmos ttipi honetatik at nonbait, Planetak, Lur Amak, biraka jarraitzen omen du betikotsu, betiko poz eta arrakaletan korapilatuta. Hala diote!
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.