Felipe Uriarte
Urmuga. IRITZIA

Behi bat

2021eko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Behia izango banintz, mendiko larreetan bazkatzea gustatuko litzaidake. Onenen artean onenetakoak, Enaitz eta Andreaitz artekoak, Urbia gainean. Inguru horretan, udako bero lazgarrietan ere, haizeak ederki jotzen du, belarra motz baino motzagoa da, eta berde distiratsua du kolorea. Oso maiteak izango nituen, baita ere, Aralarreko Mailopeko hainbat lur sail, batez ere Balerdipekoak, Gaintza zein Azkarate aldekoak, batez ere Zarate mendatekoak, Urreko Haitzapean daudenak. Bada inguru hartan pagadi borobil bat, bai, borobila, eta haren barruko gerizpean ederki izango nintzateke eguerdi beroetan. Orhiko larreak oso kuttunak izango nituzkeen, Ibarrondoa gainean daudenak batez ere, mendebalera begira; ilunabarretan hozten hasten duenean, azken eguzkian gozo izaten da. Eta nolako larreak, nolako belar fina! Orhiko behia, Orhipean laket!

Zaila dirudi behi bat hain urrun dauden larreetan batetik bestera ibiltzea, baina, behi bat izango banintz, betile luze-luzeen jabe izango nintzen, nire begi handi arrauzkarak babesteko. Eta nire nagusia, tuntun halakoa, nitaz zeharo maiteminduta edukiko nuen. Eta batetik bestera eramango nindukeen bere 4x4ko dotorean; gurdia ipiniko zion atzean, eta leihotik begira joango nintzateke. Bera pozik, ni zoriontsu ikusita; eta ni, nagusiari eskerturik. Badakit beste animaliek zer esango zuketen. Ez dela ongi behi bat aldetik aldera horrela ibiltzea, saltinbankien antzera. Esango niekeen ni ez nintzela saltinbanki bat, behi nomada baizik. Eta nola moldatuko zinateke Frantzia alde horretan? Muuu beharrean Meee esaten dutela, eta ez zaiela pitorik ulertzen? Aizue, Muuu edo Meee, zer axola dio? Behien artean ulertzen ez bagara, jai dugu! Eta horrela komeriak. Ai!, betile handiko behi aberatsa banintz, mendian larrez larre nenbilke!
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.