Katalunia. Diada

Aldarrikapen partikularrak kolektiboekin batzeko eguna

Eragile independentisten elkargune izango da gaur arratsaldeko manifestazioa, goizean nork bere aldetik ekitaldiak egin ostean

Julen Aperribai.
2021eko irailaren 11
00:00
Entzun
Pandemiaren ezohikotasunean ohikoagoa izango da aurtengo Diada, iazkoaren aldean, eta neurri murriztaileak arindu izana mobilizazioak berraktibatzeko baliatu nahi dute eragile independentistek. Jakin-min nagusia, ordea, izango da ea kaleko pultsioa osasun krisiak etxeratu zuen berbera izango den.

Ikusteko dago ea irailaren 11n independentismoak erakutsi ohi duen bateratasun irudian pitzadurak agertuko diren ala desberdintasunak gaur alboratuta geratuko diren. Arratsaldeko manifestazioa izango da horren neurgailu nagusia, goizean apenas izango baita ekitaldi bateraturik. Generalitateak lore eskaintza egingo dio Rafael Casanova Espainiako Ondorengotza Gerran Kataluniako erresistentziaren ikur bihurtu zen politikari historikoari, 09:00etan.

Ordubete geroagorako, beste omenaldi batera deitua du Arran ezker independentistaren gazte antolakundeak. Espainiako polizia indarrek duela 43 urte hil zuten Gustavo Muñoz oroituko dute, eta, jarraian, manifestazioa egingo dute, Comercial plazaraino.

Omnium Cultural erakundeak eguerdian egingo duen ekitaldiak pizgarri berezia izango du, Jordi Cuixart presidenteak parte hartuko baitu bertan. Espainiako Gobernuak ekainean onartutako indultuen ondorioz espetxetik atera osteko lehen Diada izango da Cuixartentzat, eta sinbolismo handiko ekitaldia izatea espero da.

Mobilizazio nagusia, dena den, ANC Biltzar Nazional Katalanak, Omnium Cultural eta AMI Independentziaren Aldeko Udalerrien Elkartearekin batera antolatutakoa izango da. 17:14ean abiatuko da, Urquinaona plazatik, Felipe VI. erregearen tropek Bartzelona setiatu zuten urteari keinu eginez.

Ciutadella parkearen atarian amaituko da manifestazioa, Frantziako geltokiaren aurrean, eta han egingo dute amaiera ekitaldia. Beranduago hasita, 18:30ean, manifestazio horrekin bat egingo du ezker independentistak deitutakoak. Ekitaldi instituzional batekin itxiko du eguna Generalitateak, Montjuiceko gazteluan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.