Literatura. 'Ene anaia femeninoa'

Amazona anakroniko bat

Idazlea: Marina Tsvetaieva. Itzultzailea: Jose Mari Berasategi. Argitaletxea: Erein/ Igela.

2022ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Edgar Allan Poe idazle (eta teoriko) entzutetsuak esango lukeen moduan, eserialdi bakar batean irakurtzeko obra apailatu du Erein argitaletxeak Igelarekin elkarlanean. Literatura Unibertsala bildumaren parte da Joxe Mari Berasategik euskarara ekarritako Marina Tsvetaievaren Ene anaia femeninoa eskutitz luzea. Hiru zati nagusitan ardaztu dute liburua: hasieran itzultzailearen oharra aurkituko du irakurleak, zeinetan protagonista dugun idazlearen biografia xehatzen den. Idazlearen lehen soslai horrek testuingurua eta markoa eskaintzen dizkio obrari, eskutitza idazten duen unean idazlea bere bizitzako zein unetan eta nola dagoen argitara ematen duen heinean. Gero dator obraren funtsa eta eskutitzean biltzen diren hausnarketa oro. Eta azken unean, Ghislaine Limonten 1989ko iruzkin bat dakar testuak, eta bertan Tsvetaievaren biografia literarioa eta mintzagai dugun obraren bilakaeraren zenbait datu ematen dira.

Marina Tsvetaievak Natalie Clifford Barney idazleari ondutako eskutitza dugu obraren funtsa, eta harreman lesbikoaren inguruko diskurtso eta hausnarketak dakartza lehen lerrora. Idazle eta pentsalari klasiko garaikidea dugu Tsvetaieva, eta oximoron horretan datza, nire ustez, idazlearen (eta obra honen) meritu handiena. Izan ere, liburuaren lehen edizioa 1918koa izan arren, aurkitu dugun pentsamoldeak ez dio garai eta testuinguru horri dei egiten, askoz ere ondorio eta kezka garaikideagoak mahaigaineratzen baititu. Euretako bat eraikitzen eta iradokitzen den emakume konstelazioaren ideia dugu: «[…] bigarrenean, arraza guziari, kausa guziari, emazte guziei bakar batengan» (34). Alegia, emakumeak gorputz kolektibo bakar bat bezala deskribatzen zaizkigu liburuan. Eta horren osagarri, aipatzen diren erreferente klasiko femenino (eta feminista) guztiak izenda daitezke; Safo, edo Amazona bera, esaterako. Azpimarragarria da, halaber, gizarteak eraiki dituen feminitate eta maskulinitate ereduak identifikatzeko eta argiro deskribatzeko egileak erakutsi duen gaitasuna, XIX. eta XX. mendeetako Errusian hazitakoa izanagatik; bai eta, amatasunaz eraiki duen diskurtsoa ere. Emakumeen arteko amatasun ezinezkoa salatzeaz gainera, «emakumeak=amak» binomio esentzialistaren indarra eta inposizioa agerian jartzen baititu.

Azkenik, itzultzailearen hautu linguistikoa ekarri nahiko nuke lerroetara; oraingo honetan, aitortu behar dut Tsvetaievaren hitzak oso urrun sentitu ditudala, urrunegi aukeran. Euskal literatura klasikotik hurbileko euskaratik dihardu itzultzaileak, eta ez dakit ez ote den erregistro jasoegia horren testuinguru intimo batetik idatzitako obra bat berridazteko. Dena den, erabilera linguistikoaren hautua gustu kontua baino ez dela ausartuko naiz esatera, aldaera horretan usatua denak biziki eskertuko baitu; eta ezin ukatuzkoa da, gainera, zuzentasunean eta aberastasun lexikoan itzultzaileak egin duen lan fina.

Dudarik barik, Marina Tsvetaieva aitzindarietako bat ere badela erakusten digu mintzagai dugun obrak. Aitzindaria emakume idazle/sortzaile bezala ez ezik, bere lanetan tartekatzen diren hausnarketa feministengatik ere. Aitzindari ahaztua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.