Hidrogenoa. Energia deskarbonizatzen

Eztabaida puri-purian

Baliatu eta bultzatu behar al da hidrogenoa berokuntza eta ibilgailu arinak deskarbonizatzeko, edo sektore horietan elektrifikazioa da aukerarik onena?

Iker Aranburu.
2021eko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Damurik gabeko hidrogenoa (no regret hydrogen) da energia sektorearen mintzagaietako bat. Mereziko al du hidrogenoa erabiltzea eta hura garraiatzeko gasbide berriak egiteaetxeak berotzeko? Mereziko al du egungo gasbideen milioika kilometromoldatzeak, edo bitartean gasbideen aztarna ekologikoa murrizteko —eta bizitza luzatzeko— gas naturala eta hidrogeno berdea nahasteak? Zertarako, beste berokuntza modu efizienteagoak espero badira, eta teorian argindarrak beteko badu toki hori?

Erregai fosilekin eta gasbideekin dabiltzan konpainia handiek uste dute hidrogenoa izan daitekeela haien jarduera deskarbonizatzeko aukera ona —bakarra ez bada—, eta agintari politikoek eta erabakiguneek haien jakintza eta azpiegituren balioa aintzat hartzea nahi dute. Gobernuz kanpoko erakunde batzuen iritziz, ordea, gasbide jabeen iraupen estrategia besterik ez dira hidrogenoari eman nahi dizkioten erabiletako batzuk, haien aktiboen bizitza luzatzeko modua. Erabilera horien alde eginda, GKEen eta zenbait analistaren iritziz, arriskua dago urte batzuetan, beste irtenbideak iristean, herrialde eta sektore batzuek euren eskuak lotuak izateko.

Debatea egon badago, eta ez soilik berokuntzan. Hidrogenoa ekoitzi egin behar da, toki asko behar da hura biltegiratzeko, ez bada presiopean edo hotzetan (-253 gradu) likidotuta biltzen. Airea bera baino finagoa da, eta iheskorra, eta, ondorioz, garraiatzeko zaila; altzairua degrada dezake; sukoia da... Horrek guztiak, besteak beste, bere efizientzia baldintzatzen du. Adibidez, nahiko garbi dago ibilgailu arinetarako bateria elektrikoak askoz ere efizienteagoak direla energia ikuspegitik hidrogeno berdea baino. Baina, beharbada, erregai pilak hobeak izango dira garraio astunean eta modu intentsiboan jarduten diren autobus edo taxi flotentzat. Eztabaida puri-purian dago.

Noraino argindarra eta bateriak, noraino hidrogenoa... Bateriak eta bero ponpak noraino iritsiko diren, adibidez, faktore garrantzitsuak izango dira. Baita haien iraupena eta kostua, edota haiek egiteko lehengaien eskuragarritasuna ere. Baterien prezioa, elektrolizagailuena, argindar berriztagarrien beraien kostua ere oso aintzat hartu beharko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.