jon olano
ANALISIA

Gruyere estatutua

2021eko irailaren 11
00:00
Entzun
Datorren hilabetean beteko dira 42 urte Euskal Autonomia Erkidegoko estatutua onartu zenetik. Jakina da hura zer testuingurutan adostu eta onartu zen, zein ziren estatutuaren beharrezkotasunari eta antzutasunari buruzko garai horretako arrazoiak. Baina, batez ere, gaur egun jakina da estatutu eredu horrek zer eman duen; zuloz beteriko autogobernu bat, Gruyere gazta baten parekoa.

Hamarkadotan, askotarikoak izan baitira aitortutako autogobernuaren urraketak; LOAPA legea izan zen lehenbizi, guztientzako kafea orokortu zuena; gero etorri dira estatutua bete gabeko 42 urte, eta, bitartean, Europako Batasunaren integrazio prozesu bat, estatuen boterea indartu duena, baita autonomia erkidegoei dagozkien alorretan ere. Eta, batez ere, Espainiako botere exekutiboaren eta judizialaren ekinaldi bat egon da, Eusko Legebiltzarrak eta Nafarroako Parlamentuak onartutako legeak auzitara eramanez, judizialki baliogabetuz eta Madrilek euskal instituzioenak diren eskumenei buruz arautuz.

Zenbakietan: 1980 eta 2018 bitartean, euskal erakundeek 129 helegite eta eskumen gatazka aurkeztu zituzten Espainiako arauen aurka, eskumenak urratu zituztelakoan: 127 Jaurlaritzak, eta bi Nafarroako Gobernuak. Madrilek, berriz, EAEko 56 legeren eta Nafarroako seiren kontra jo du. Gainera, euskal erakundeei dagozkien 50 eskumen baino gehiago Espainiako Gobernuaren esku daude oraindik.

Jaurlaritzak liburu batean jaso ditu orain urraketa horiek: Higadura isila. Urteotan lan mardula egin da autogobernuaren mugei buruzko diagnostikoa egiteko, eta hain zuzen, horixe jasotzen dute liburuan bildutako txostenek: zenbakiez harago, Madrilen esku hartzeak euskal erakundeen gaitasuna murrizten duela eguneroko erabakiak hartzeko; besteak beste, hezkuntzan eta osasungintzan.

Hori horrela, interesgarria izango da ikustea liburuak zer ibilbide egiten duen, kontuan hartuta lana zer garaitan argitaratu den ere; teorian, estatus politiko berriari buruzko eztabaida berriro aktibatzekoa denean. Bi norabide posible ditu, gutxienez: porrot egin duen eredu baten frogagiri bihurtzea, eta, horrela, beste harreman eredu baterako akuilu bilakatzea; edo, oraindik ere, Gernikako Estatutua izan zitekeena baina sekula izatera heldu ez dena jartzea xede gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.