Diego Pallés Lapuente.
EGUZKI EPELEAN

Askatasunean lan egiteko ametsa

2021eko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Grabagailua piztuta, mikrofono aurrean, Giovanna Marini berrogeita zortzi urteko laborari eta kantariak zur eta lur utzi zituen bera elkarrizketatzera joan ziren etnomusikologoak. 1962. urtea zen. Bella ciao abesti ospetsua abesten ari zitzaien, baina Marinik nekazari artean ikasi zuen bertsioak ez zuen faxisten aurkako askapen-borroka aipatzen. Aldiz, bertsio hura arroz-soroetan aritzen ziren emakumeen bizimodu latzari buruzkoa zen. Nagusien makilakadak, eltxoen ziztadak, askatasunean lan egiteko ametsa: nekazarien bizitza eta borroka. Bertsio berria 1952an idatzia zen, lan-zapalkuntza horrek ez zuen Estatu faxistarik behar.

1860an, Errusian, Volgako zirgalarien abestia jaso zen —edo, behintzat, hura idazteko inspirazio gisa balioko zuten bertso eta doinu herrikoiak—. Errusiako zirgalariak ibaiertzetan aritzen ziren giza mandoak ziren, gabarrak atoian eramaten zituzten askoren artean, ur-lasterraren aurka, soinean lotutako uhal lodien bidez. Gizon-emakume pobreen artean pobreenak ziren, baina musikak haien sufrimenduaren oroitzapena gorde eta zabaldu du mendeetan zehar.

Lanaren miseriei buruzko kantu herrikoirik jaso ez denean, artistak hutsune hori betetzen aritu dira. Gogora datozkit Silvio Rodriguezen Playa Girón eta Georges Brassensen Pauvre Martin (Gaixo Martin, Anje Duhaldek bertsionatua), baita gerora abesti bihurtu ziren olerkiak ere: Miguel Hernandezen El niño yuntero (haur itzaina) edo Joseba Sarrionandiaren Lera zakurren balada (Ruper Ordorikak musikatua), esaterako.

Hamaika dira gerra eta gatazkei buruzko abestiak, hamaika maitasunaren samina hizpide dutenak, baina ez dut espero bezain sarri topatzen lanaren zapalkuntzak eragiten digun mina aipatzen duen kanturik. Eta bitxia da gero, kontuan hartzen baldin badugu ia guztion gainean dagoen zama dela, beste gizakiek ezarritako zama saihesgarria.

Aurreko milurtekoetako langileen abestien kopuru amaigabea betiko galdu dugu, baina oraindik geure artean sozializatu beharra duten hainbat errealitate daude: autonomo faltsuena, soldata iraingarriena, gizatasuna ukatzen duten lanpostuena. Iragan uztailaren 30ean, Luis Enrique Soriano bere Azpeitiko lantegian bere buruaz beste egitera bultzatu zuen nagusi ankerraren hiru urteko jazarpenarena.

Giovanna Marinik hantxe dirau, agertokietan, gitarra eskutan, gaztetan arroz-soroetako kideek irakatsitako abestia zabaltzen oraindik ere, egun Mediterraneoaz haraindi datozen jornalarien pairamena eta ametsa gogora ekarriz: «Ma verrà un giorno che tutte quante / lavoraremo in libertà».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.