Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Likenbearen maisua

2015eko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Pena handiz jaso nuen joan den apirilaren 15ean, 85 urte zituela, Mawangu Mingiedi kongoar musikari handia zendu izanaren berria. Sarritan gerta ohi den lez, bere bizitzako azken urteetan baino ez zuen jaso bere talde Konono no.1-ek merezi zuen esker ona. Miresmen horrek, Belgikako Crammed diskoetxearen ateak ireki, Björk edo The Ex-ekin jotzeko aukera eman eta bere musika Paris edo Tokioko aretoetara arrakasta handiz eramatea ahalbidetu zion.

Aitak erakutsi zion likenbea fabrikatzen eta jotzen. Mingiedik, berriz, bere semeari eta Konono no.1-tik pasatako musikari guztiei irakatsi izan die. Bera zen maisua, bera zen ohol batean xafla metaliko batzuk iltzatu eta behatz lodiez xilofono baten moduan zapalduz erritmo eta doinu harrigarrienak aterarazten zituen aztia. Bera izan zen Kinshashako kaleetako iskanbilaren erdian entzungarri izan zedin, auto zaharretatik lapurtutako magnetoez baliatuz, likenbeari mikrofonoak erantsi zizkiona eta belgikar kolonizatzaileek bazterrean utzitako megafonoetara konektatu zituena. Berari esker da, azken batean, Kononoren musika hain gordina, kutsagarria, zaratatsua, frenetikoki dantzagarria eta hipnotikoki liluragarria. Bera izan da musikari elektroniko zein gitarreroekin elkarlanean aritzeko beldurrik izan ez duena eta doinu hibrido izugarriak utzi dizkiguna.

Baina Kinshashako etxean ez du ospe horretaz gozatzerik izan. Bertako musikari eta zaleek hip-hop tankerako musika sofistikatuen luxu eskuraezina hobetsi, saldu eta erosten dute. Kononotarrak arbasoen musika tribalean oinarritzean, afrikar beltzen inguruko topiko exotiko lotsagarriak hauspotu eta gizartearen garapenaren aurka egiten duela diote. Baina Alan Lomaxen moduko grabaketak egon ezean, eta Kononoren ahalegina itzela izan arren, Kongoko musika eta dantza historiko asko galtzeko zorian dago. Non da aurrerapena? Diskoen salmenta mailak soilik adierazten al du kulturaren aberastasun egoera? Kontuz, bai Kongon eta bai hemen sarritan tranpa horretan erortzen ari garelako susmoa dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.