Annan konponbide prozesuaren «aliatutzat» jo dute euskal eragileek

Aieteko Adierazpenaren sinatzaileetako bat izan zen diplomazialaria. Bake prozesuan izan zuen «engaiamendua» txalotu dute

Annan —laugarrena ezkerretik— Aieteko konferentzian, 2011ko urrian. J. E. / EFE.
jon olano
2018ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Kofi Annan Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi izandakoaren heriotzagatik samina adierazi dute euskal eragile ugarik. Izan ere, euskal gatazkaren konponbide prozesuak bidelagun izan du Annan. 2011ko urrian, Aieteko jauregian eginiko konferentzian hartu zuen parte, eta bertan plazaratutako adierazpenaren sinatzaileetako bat da. Zazpi urte geroago, ETA desegin eta biharamunean, ez zen Kanboko (Lapurdi) konferentzian izan, baina sare sozialen bidez adierazi zion babesa, azpimarratuz «elkarrizketa politikoa giltzarri» dela «bake iraunkorra» lortzeko.

Eusko Jaurlaritza eta Euskal Elkargoa izan dira Annanen jarduna goraipatu dutenetako batzuk. Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk mezu bat zabaldu du sare sozialetan; bertan, gogorarazi du Aieteko konferentzian ezagutu zutela elkar, eta goretsi egin du «ETAren terrorismoa behin betiko amaitu zedin» eginiko ekarpena: «Eskerrik asko Kofi Annan jauna, zure bake bideari jarraipena emango diogu mundu zabalean. Goian bego». Euskal Elkargoko lehendakari Jean Rene Etxegaraik ere sare sozialetan goretsi du: «Euskal Herriko bake prozesuaren sustatzaile Kofi Annan hil da. Omena bake gizon honi. Haren bizia adibide izan dadila».

Bake Bideak txalotu egin du Annanek euskal gatazkaren konponbidean izandako «engaiamendua», eta goretsi «konponbide demokratikoan sinesteko kuraia eta ausardia» izan zuela. Foro Sozialak, berriz, nabarmendu du euskal erakundeek eta gizarteak bake prozesurako «aliatu bat» galdu dutela: «Euskal Herriko bake prozesuan aurrera egitea askoz zailagoa izango litzateke Kofi Anannen eta nazioarteko komunitateko beste pertsona esanguratsuen laguntzarik izan gabe». Esker onez mintzatu da Sortu ere. Samina adierazi du heriotzagatik: «Ugariak izan baziren ere Espainiako Estatuaren eta botereen presioak, inoiz ez zuen bere iritzia aldatu. Annan Jauna beti agertu zen konponbide elkarrizketatuaren alde, bai Euskal Herrian eta berriki baita Katalunian ere, hala nola mundu osoan barrena, azken urte hauetan The Elders taldearen baitan». Izan ere, Kataluniako auzian elkarrizketarako deia egin zuen Annanek urrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.