Albistea entzun

HIZPIDEAK

Azken foroa

Oihana Elduaien Uranga -

2023ko martxoak 18 - @oihanaelduaien

Elkartu eta entzun. Hitz egin. Entzun. Jardun. Aritu. Buelta alde batera, buelta bestera. Gaiari ertzak atera, erdiguneak lekuz aldatu. Bueltaka-bueltaka, norabait iritsi arte. Jarduera batzuen emaitzak ikustea ez da erraza. Emaitza ez delako berehalakoa, eta, askotan, ez delako ikusten den zerbait. Baina, bueltaka- bueltaka aritze horrek eragin egiten du. Foro Sozial Iraunkorra VI. eta azken foroa egiten ari da egunotan. Ezberdin pentsatzen dutenak zerk batzen dituen azterka egin dituzte hamar urte. Lortu dute erabat urrunduta eta gaiztotuta zeuden harreman batzuk berreskuratzea, eta gizarte uzkurdurak apur bat goxatzea. Izan ditu emaitzak: ikusi besterik ez dago duela hamar urteko egoera eta gaurkoa. Eta aldaketa horretan, jarduteak eta elkar entzuteak berebiziko garrantzia izan du.

Jarrera horretatik urruti dago Macronek erretreten erreformarekin oraingoan izan duena. Entzun ez, eta bueltarik eman ere ez. Zuzeneko bidea hartu, eta parean jarri zaionaren gainetik pasatu. Jendearen eguneroko bizitzan eragin itzela duen erabaki bat hartu, jendeari entzun gabe. Ezker-eskuin, denen gainetik, izaera demokratiko zalantzazkoa duten neurriak baliatuz. Zertarako daude, baina, politikariak? Kosta ahala kosta beren asmoak aurrera eramateko, edo gobernatzen duten tokiko biztanleen bizitza errazteko neurriak hartzeko? Batzuetan jakin behar da buelta eman, eta hasierako asmoetan atzera egiten.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.