Jeuneten 'The Young and Prodigious T.S. Spivet' filmak itxiko du Zinemaldia

Hiru dimentsiotan filmatu du 'Amélie'-ren zuzendariak, Kyle Catlett eta Helena Bonham Carterrekin

Jean-Pierre Jeuneten The Young and Prodigious T.S. Spivet filma. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Juan Luis Zabala
Donostia
2013ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Amélie film ezagun eta arrakastatsuaren zuzendariaren orain arteko azken filma emango dute, irailaren 28an, Donostiako Zinemaldiaren amaierako galan: Jean-Pierre Jeunet zinemagile frantziarraren The Young and Prodigious T.S. Spivet (Frantzia-Kanada). Jeunetek berak aurkeztuko du filma Kursaaleko auditoriumean eta Antonio Elorza belodromoan, aldamenean filmean lan egin duten bi aktore nagusiak dituela, Kyle Catlett eta Helena Bonham Carter.

The Young and Prodigious T.S. Spivet filma hiru dimentsiotan egina dago. T.S. Spivet du protagonista, Montanako rantxo batean bizi den 12 urte eskaseko jeinua. Kartografiarako eta trepeten asmakuntzarako duen talentu izugarriak laster izango du ordaina. Zientzia erakunde batek prestigio handiko saria emango dio, eta herrialde erdia zeharkatu beharko du haren bila joateko. Filmean parte hartu duten aktoreen artean, Kyle Catlett eta Helena Bonham Carterrez gain, Judy Davis, Callum Keith Rennie, Robert Maillet eta Dominique Pinon daude.

Amélie ez ezik, Delicatessen (1991) eta La cité des enfants perdus (1995) filmak ere zuzendu ditu Jeunetek, biak Marc Carorekin elkarlanean, eta biak arrakasta handiz. Alien Resurrection (1997), Un long dimanche de fiançailles (2004) eta Micmacs à tire-larigot (2009) dira Jean-Pierre Jeunetek zuzendu dituen beste film batzuk.

Ikasleen Topaketako lanak

Bestetik, Zinema Ikasleen Nazioarteko XII. Topaketa irailaren 25etik 27ra egingo dela jakinarzi dute antolatzaileek, eta baita hautatutako film labur eta eskolen zerrenda ezagutarazi ere. Frantzia, Alemania, Serbia, Mexiko, AEB, Iran, Lituania, Argentina, Suitza, Hungaria, Espainia, Kuba, Polonia eta Israelgoak dira hautatutako eskolak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.