Johnsonek atea itxi dio Eskozian independentzia erreferenduma egiteari

Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroari gutun baten bidez erantzun dio ez dizkiola emango galdeketa egiteko eskumenak. SNPko buruak. «demokrazia blokeatzea» leporatu dio Johnsoni

Johnson Ipar Irlandan izan zen atzo, parlamentuan. MARK MARLOW / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2020ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Eskoziak bigarren independentzia erreferenduma egin nahi du, baina Erresuma Batuko Gobernuak ez dio inolako erraztasunik emango. Jarrera hori oso agerian utzi du Boris Johnson lehen ministroak, gutun bidez erantzun baitzion atzo Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministro eta SNP Alderdi Nazionaleko buruari, abenduaren 19an hark Eskoziatik bidali zion eskariari ihardetsiz; erreferenduma egiteko eskumenak eskualdatzeko eskatu zion Sturgeonek. «Ezin dut horrelakorik egin», idatzi du Johnsonek.

Gutunean dio «zehaztasun osoz» aztertu duela eskaria, eta ezezkoaren oinarrian honako argudio hauek jarri ditu: Eskoziak duela sei urte independentzia erreferenduma egin eta gero, Sturgeonek —lehen ministrorde zen orduan— eta Alex Salmondek —lehen ministroak— «agindu» zutela erreferendum horrek «belaunaldi baterako gutxienez» baztertzen zuela aukera hori. Galdeketa hartan, ezezkoak irabazi zuen, botoen % 55 eskuratuta, eta horri ere heldu dio Johnsonek: «Eskoziako herriaren erabaki demokratikoa babesten jarraituko dugu, eta zuk eman zenien hitza ere bai. Ezin dut onartu independentzia erreferendum gehiago ekarriko lituzkeen eskumenak eskualdatzeko eskaria».

Johnsonen iritziz, berriz bozkatzeak Eskozia oraingo «geldialdi» egoeran utziko luke: «Politikoki ez aurrera eta ez atzera dago azken hamarkadan, ikastetxeak, ospitaleak eta lana zokoratuak baitaude Erresuma Batutik bereizteko kanpainaren eraginez». 2020a urte garrantzitsua dela ere esan dio, eta «elkarrekin lan egiteko garaia» dela.

Sturgeonek berehala erantzun zion Johnsoni, gutun bidez hark ere, eta «demokrazia blokeatzea» leporatu zion. «Erresuma Batuko azkeneko hauteskundeetan, SNP alderdiak eskuratu zituen Westminsterko Parlamenturako 59 eserlekuetatik 48, eta Eskoziako alderdietan gehien bozkatua izan zen». Uste du horrek erreferenduma eskatzeko zilegitasuna ematen duela. Eskoziaren erreferendumaren aurka daudenei mintzatuz, oso argi mintzatu da: «Badakite aukera ematen zaigunean independentziaren hautuak irabaziko duela, eta kontserbadoreek ez dute argudio onik Erresuma Batuaren batasunari eusteko». Hurrengo pausoa izango da Eskoziako Parlamentuak erreferenduma egiteko eskumenak eskatzea Erresuma Batuari.

Aurreko larunbatean 100.000 lagun bildu ziren Glasgown,All Under One Banner (Denok Bandera Bera) mugimendu independentistak antolatuta. Beste zazpi mobilizazio ere iragarri dituzte aurtengo, Johnsoni presio egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.