'Hamahiru ipuin'

Herriaren historia, jendearen istorioak

Idazlea: Luisa Carnes. Itzultzailea: Danele Sarriugarte Mochales. Argitaletxea: Erein.

2022ko azaroaren 13a
00:00
Entzun

Euskarara ekarritako Luisa Carnes autore espainiarraren lehenengo liburua da Hamahiru ipuin, idazleak hainbat urtetan zehar idatzitako narrazioen bilduma, 2017an Hoja de Lata argitaletxeak publikatua eta orain Ereinen eskutik euskal literaturara iritsitakoa. Frankisten garaipena dela-eta exiliatu behar izan zuen Mexikora Carnesek, zeina PCEko militante eta errepublikazale sutsua baitzen. Han hil zen 1963an, eta ipuinok ere badira bizi-ibilbide horren erakusle, Espainia errepublikarrean, gerra eta frankismo garaian zein 60ko hamarkadako Mexiko eta Amerikako Estatu Batuetan girotuta daudenez gero.

Gizarte errealitatearekin estuki lotutako kontakizunak dira guztiak, baina gertakari handiei ez ezik, eguneroko gorabeherei ere erreparatzen diete ipuinek. Areago, balirudike Carnesi horrek axola diola gehien, bien arteko sinbiosiak, gertaera handiek, gizartearen aldakuntzek norbanakoengan dituzten ondorioek, alegia. Hori horrela, jende apalaren bizitzetara zuzentzen du begirada idazleak, Historiaren baitako istorio txikietara, eguneroko xumera. Horixe egiten du gerra aurreko Madrilgo bizimodu urbanoa marrazten duten Tranbian, Bikiak eta Emakume itsusia narrazioetan. Errutinan itotako ametsak eta eguneroko triskantza isilak azaleratzen dira horrelakoetan. Carnes abila da deskribapenetan, gai da objektu domestiko ezdeusenen bidez pertsonaien egonezina adierazteko edota pertsonaien karakterizazio bizi eta sinesgarriak bizpahiru pintzelkadatan emateko. Noizbehinka kutsu poetikoa ere eransten die horiei, sinesgarritasuna eta errutina airea kaltetzeraino batzuetan. Gerra ardatz duten kontakizunak gordinagoak dira, hala emakume preso errepublikazaleak protagonistatzat dituen Salataria nola iheslarien barku bidezko ihesa kontatzen duen Iparrorratzik gabe. Aipatzekoa da azken horretan amatasuna nola jorratzen duen Carnesek, aski modu kritikoan, baina era berean harengan indar gizatiarra ikusiz, Ama ereilearen unea saiakera itxurako testuan antzeman daitekeen bezala.

Deskribapen joriak eta gerraosteko Espainia frankistaren estanpak eskaintzen ditu idazleak preso politiko baten askatzeaz diharduen Etxean narrazioan. Mexikon girotutako kontakizunak —Mulatoa eta Familiako albuma— aurrekoak baino indargabeagoak iruditu zaizkit, nahiz eta bigarrenaren asmo jostari eta umoretsua atsegina den. Halaber, AEBetan kokatutako Smith jaun andreak izenekoari behartuegia iritzi diot, maitasun harremanaren hasiera tentuz eta xehetasunei adi idatzita badago ere. Carnesek kamera itxurako ikuspuntua darabilenean du indarrik handiena, iruzkin sotilek doi apaindua, Akelarre kontakizunean bezala, zeina kanpo fokalizazio eraginkorrarekin zinema batean Elvisen pelikula berria ikusteko sortutako algaraz aritzen baita. Beste testu batzuetan igarritako asmo ironikoa erakusten du autoreak Atezaina-n, klase-erdiaren otzantasuna agerian utziz. Esanak esan, luxu handia da Carnes euskaraz gozatu ahal izatea, irits dakizkion irakurleari Historiaren barneko istorioak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.