Albistea entzun

Gerra Ukrainan. Errusia

Oinordeari uko egiteko asmorik ez

Gerra Hotza amaitu zenetik, Errusiak hainbat gatazka militarretan parte hartu du; ia beti, bloke sobietarraren parte izan diren herrialdeen lurretan. Moskuk eutsi egin nahi dio SESBen garaian izan zuen eraginari.
Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Berasategi Otamendi -

2022ko martxoak 5

Gerra Hotza amaitu zenetik, 1991. urtetik, Moskuk ahaleginak eta bi egin ditu SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna desagertzearekin batera inguruko herrialdeen gainean galdu zuen eragina berreskuratzeko, neurri batean behintzat. Ordutik, Errusiak bost gatazkatan esku hartu du zuzenean, bere tropak SESBeko kide izandako lurraldeetara bidalita: Georgiara, Txetxeniara, Kirgizistanera, Kazakhstanera eta Ukrainara. Eta batasunaren parte izandako beste lurralde bateko gerran zeharka parte hartu du, gatazkaren aldeetako bati militarki lagunduta: Transnistrian. Horrez gain, 2015etik aurrera, SESBena zen eremutik kanpo ere engaiatu da borrokan: Siriako gerran parte hartu du, Baxar al-Assad presidentearen alde lerratuta.

Gerra Hotzaren hondarrean, SESB desegin eta haren kide ziren herrialdeak estatu independente bihurtu zirenean, errusiar etniako hogei milioi herritar gelditu ziren Errusiako mugetatik kanpo bizitzen. Estatu sortu berri horietako gutxiengo errusiarraren babesa izan da Moskuk gehien erabilitako argudioa SESBeko errepublika izandakoetan esku hartzeko.

GEORGIA

1991ko abenduan SESB desagertu baino hilabete batzuk lehenago aldarrikatu zuen independentzia Georgiak, apirilean. Hego Osetiak eta Abkhaziak, ordea, ez zuten estatu horren parte izatea onartu.

Tentsioa bi gerratan lehertu zen. Hego Osetian, 1990 eta 1991 bitartean, 2.000 hildako izan ziren, eta Abkhazian, 1992 eta 1993 bitartean, 10.000. Lur horietan bizi ziren 300.000 georgiarrek ihes egin zuten, jazarpen etnikoaren ondorioz. Errusiak independentistak babestu zituen bi gatazketan. Abkhaziak estatu propioa aldarrikatu zuen, eta Hego Osetiak, Errusiako Federazioko Ipar Osetia-Alaniarekin bat egiteko borondatea agertu.

Georgiak Hego Osetiako hiriburu Tskhinvaliri eraso egin zion 2008an, eta Errusiako armadak esku hartu zuen, erasotzaileak kanporatzeko. Bost eguneko borroketan, 600 hildakotik gora izan ziren. Egun gutxiren buruan, Errusiak Abkhaziaren eta Hego Osetiaren independentzia aitortu zuen.

TXETXENIA

Txetxeniak 1991n aldarrikatu zuen independentzia, SESB ofizialki desegin baino hilabete lehenago. Hiru urtez, estatu independentea izan zen de facto, baina Errusiak bere lurraldetzat zeukan, eta Moskuk armada bidali zuen Txetxeniara 1994. urtean, Kaukasoko lurraldea kontrolpean hartzera. Uste baino erresistentzia gartsuagoarekin topo egin zuen, eta, 1996an, Errusiak tropak erretiratu zituen.

1999an Vladimir Putin Errusiako egungo presidentea boterera heltzearekin batera, ordea, Moskuk «terrorismoaren kontrako operazioa» hasi zuen Txetxenian, Errusiak independentista txetxeniarrei leporatu zien atentatu odoltsu sorta baten ostean. Errusiako tropek Grozni hiriburua hartu zuten 2000. urtean, eta Kremlinek operazioa amaitutzat jo zuen 2009an. Gatazkak dozenaka milaka hildako eragin zituen bi aldeetan.

TRANSNISTRIA

Moldaviak 1991ko abuztuan aldarrikatu zuen independentzia, eta NBE Nazio Batuen Erakundeak 1992ko martxoan aitortu zion nazioartean. Aitortzaren egun berean hasi zen Moldaviaren eta estatuaren mugen barruan zegoen Transnistriaren arteko gatazka armatua. Errusiaren 14. Armadak Transnistriako miliziak lagundu zituen: hasieran, entrenamendua eta armamentua eskainita, baina, gerraren amaieran, erabakigarria izan zen zuzeneko esku hartze militarrarekin.

Garaipenaren ondotik, Transnistria herrialde independente bat da de facto, nazioartean eragile gehienek estatu gisa aitortzen ez duten arren. Errusiarena da duen babesik garrantzitsuena, eta haren tropak hartzen ditu bere lurretan.

KIRGIZISTAN

Kirgizen eta uzbekoen arteko borrokek dozenaka hildako eragin zituzten 2012an, Kirgizistango Ox hirian, eta herrialdeko gobernuak Moskuri eskatu zion tropak bidaltzeko, hiriaren gaineko kontrola berreskuratze aldera. Ordutik, Errusiak tropak ditu Kirgizistanen. 2013an, gobernuak agindu zuen AEBek herrialdean zuten base militarra ixteko, eta, 2017an, Errusiako tropen presentzia berritzea adostu zuen beste hamabost urterako.

KAZAKHSTAN

Protesta jendetsuak eta liskar bortitzak piztu ziren Kazakhstanen aurtengo urtarrilaren 2an. Petrolio gas likidotuaren garestitzearen ondorioz hasi ziren mobilizazioak, eta borroka larri bihurtu Almaty hirian, estatuko handienean: 240 hildako eta 10.000 atxilotu baino gehiago izan ziren.

Kazakhstango Gobernuak laguntza militarra eskatu zion Errusia buru duen eta SESBeko kide izandako sei herrialdek osatzen duten ODKB Segurtasun Kolektiborako Itunaren Erakundeari, «mehatxu terrorista» ezabatzeko. Aliantzak 2.000 soldadu bidali zituen, gehienak errusiarrak.

Kazakhstango Parlamentuko ikerketa batzorde batek Nursultan Nazarbaiev presidente ohiari eta haren hurbileko zirkuluari leporatu zien protestak sustatzea.

UKRAINA

Errusiak Krimeako penintsula anexionatzeko operazio militarra egin zuen 2014an, hango biztanleek erreferendum bidez Errusiarekin bat egitearen alde bozkatu ostean. Ukrainak eta nazioarteko estatu gehienek ez dute inoiz galdeketa hori onartu, eta legez kanpokotzat daukate Errusiaren anexioa.

Urte berean, gerra hasi zen Donbassen, matxino errusiazaleen eta Ukrainako indarren artean. Eskualdean, independentzia aldarrikatu zuten Donetskeko eta Luhanskeko herri errepublikek, eta Kremlinek horien independentzia aitortu zuen joan den otsailaren 21ean, Errusiak Ukrainaren kontrako eraso militarra hasi baino hiru egun lehenago.

SIRIA

Baxar al-Assad Siriako presidenteak babes militarra eskatu zion Errusiari 2015ean, lau urte lehenago herrialdean piztu zen gerra zibilerako. Moskuk aireko erasoak hasi zituen EI Estatu Islamikoaren eta Al-Assaden oposizioko indar islamisten kontra. Errusiaren bonbardaketek Siriako gerraren joera aldatu zuten, eta, 2017ko abenduan, Putinek EIren porrota iragarri zuen.

Errusiako armada Sirian dago oraindik. Bi base militar ditu herrialdean: Hmeimimeko aerodromoan eta Tartus portuan. Azken hori garrantzi estrategiko handikoa da, Errusiari Mediterraneorako irteera errazten diolako.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Jendea behin-behineko kanpalekuetan, Hatayn. Etxera itzultzeko beldur dira asko. / ©Erdem Sahin, EFE

Giza laguntza iritsi da Siria ipar-mendebaldera, lurrikara gertatu eta lau egunera

Arantxa Elizegi Egilegor

Turkiatik Siria iparralderako pasabide bakarra dago zabalik. Damaskok ohartarazi du bere eskuetatik igaro behar duela laguntza orok «terroristengana edo talde armatuengana» iritsi ez dadin, horrek, ordea, kanpoan uzten ditu oposizioak kudeatutako eremuak. Azken datuen arabera, 16.000tik gora dira hildakoak.

Lurrikarak Ekialde Hurbilean

Sirian egoera «jasangaitza» dela ohartarazi dute nazioarteko GKEek

Mikel O. Iribar

Ekialde Hurbilean 15.000tik gora dira hildakoak. Erbesteratu kurduek eskatu dute giza laguntza Kurdistango Ilargi Gorriaren bitartez emateko. Turkiako presidentea kaltetutako eremuetan izan da

Kasko Zuriak, erreskate lanean, atzo gauean, Idliben, Siria iparraldean. ©YEHYA NEMAH / EFE

Dagoeneko 15.000tik gora dira Ekialde Hurbileko lurrikaretan hildakoak

Mikel O. Iribar

Askok autoetan eta kalean lo egin dute, etxera itzultzeko beldur. Milaka dira kaltetuak, eta lurrikarak are gehiago okertu du Siria iparraldeko eta Kurdistango egoera. Erreskate taldeak hondamendi eremuetara iritsi ezinik dabiltza.

AEBetako presidente Joe Biden, Kongresuko agerraldian. / ©Jacquelyn Martin, EFE

Biden: «Txinak gure subiranotasuna urratzen badu, geure burua babestuko dugu»

Arantxa Elizegi Egilegor

Estatuaren egoerari buruzko agerraldia egin du AEBetako estatuburuak. Besteak beste, Ukrainako gerraz eta droga trafikoaz aritu da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...