Hezkuntza Legearen parte izan nahi dute

Desgaitasunen bat duten hainbat pertsonak salatu dute «ikusezinak» direla EAEko hezkuntza lege proiektuan. Uste dute testuak ikuspegi «murriztailea» duela inklusioari eta aniztasunari dagokienez, eta dokumentu bat ondu dute ekarpenekin.

Elbarritasunen bat duten hainbat lagunek ondu dute dokumentua. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU.
edurne begiristain
2023ko irailaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Desgaitasunen bat duten ikasleen errealitatea ez dago ispilatuta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Hezkuntza Lege proiektuan: «Ez dira legearen iruditeriaren parte». Elbarritasun mota ezberdinak dituzten hainbat pertsonak eta arlo horretan lan egiten duten eragilezenbaitek egin dute salaketa. Uste dute lege proiektuak «modu murriztailean» ulertzen dituela inklusioarekin eta aukera berdintasunarekin lotutako esparruak, eta ondorioztatu dute desgaitasuna duten pertsonak «ikusezin» direla egitasmoan.

Hezkuntza Lege proiektuari egin dizkioten ekarpenetan jaso dituzte kexuok. Datorren asterako amaituko dute dokumentua, eta Hezkuntza Sailari eta Eusko Legebiltzarreko taldeei igorriko diete, aintzat har dezaten zuzenketetan. Urriaren 3an amaituko da lege proiektuari zuzenketak aurkezteko epea.

Eusko Legebiltzarrean tramitatzen ari diren testuarekin «atsekabeturik» daudela azaldu du Karmele Antxustegik. Ekarpenak egin dituzten eragile eta norbanakoen izenean hitz egin du BERRIArekin: «Hezkuntza lege proiektuak erakusten digu, beste behin ere, desgaitasuna, arreta bereziren bat behar duen beste edozein ezaugarri bezala, ikusezina dela».

Desgaitasuna terminoa behin bakarrik aipatzen da egitasmoan,— zehazki, II. tituluaren III. kapituluan, 34.6 artikuluan— aniztasunarekin lotutako neurriak garatzen direnean, eta hor erabiltzen den terminologia ez da guztiz inklusiboa, ekarpenekin dokumentua ondu duten pertsonen iritziz. Uste dute arauak baduela zer hobetu, eta elbarritasunen bat duten pertsonen errealitatetik ikusita, «eztabaidagarriak» direla lege proiektuaren hainbat atal.«Hutsuneak ditu», zehaztu du Antxustegik. Eta erantsi: «Hutsunerik handiena da ezdugula geure burua ispilatuta ikusten. Eta guk Hezkuntza Legearen parte izan nahi dugu».

Interpretazio zabalagoa

Egitasmoaren zioen edukiak direla-eta agertu dute kezka, lehenik eta behin. Zioetan horrela dago jasota zein den legearen xedea: «Legeak balioko du kalitatezko irakaskuntza inklusiboa eta ekitatiboa bermatzeko eta guztiontzako etengabeko ikaskuntzarako aukerak sustatzeko». Ekarpenekin agiria egin dutenek adierazidute esaldi horrek aditzera ematen duela «haur guztiak» barne hartuta daudela ikasle kontzeptuan, inguru pertsonalak eta sozialak edozein direla ere. Haatik, uste dute testuak ez duela ongi definitzen zer diren inklusioa, aukera berdintasuna eta ekitatea, eta horiek modu zabalagoan interpretatzearen alde egin dute.

«Legeak ongi jaso behar du zertaz ari garen termino horiek erabiltzen direnean», esan du Antxustegik. Zehaztasuna galdegin du: «Ez du balio ideia horiek dekretuetan garatzeak. Legean ongi lotuta geratu behar dute».

Legea aldatze aldera, esan dute inklusioa dela herritar guztiek aukera berberak izatea, eta ikasle bakoitzaren «behar espezifikoei» erantzuteko tresnak izatea. Aukera berdintasunari dagokionez, berriz,azpimarratu dute pertsona guztiek «aukera berberak» izan beharko lituzketela euren premiak asetzeko, eta, horretarako, banakako hezkuntza planak izatea proposatu dute. Uste dute ikasleen araberako baliabideak eskaini beharko lituzkeela legeak; hala nola konpentsazio laguntzak, material didaktiko espezifikoak formatu alternatibo eta eskuragarrietan, komunikaziorako laguntzak eta informazioaren teknologiak eta lagungarriak.

Hezkuntzan diskriminaziorik eza eta irisgarritasuna bermatze aldera, berriz, proposatu dute Hezkuntza Legeak neurri espezifikoak jasotzea elbarri diren pertsonentzat, horrela jasota baitago Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Konbentzioan. Antxustegik gogora ekarri du testu horretan, desgaitasuna duten pertsonen eskubideak finkatzeaz gain, botere publikoak behartzen dituztela politikoa inklusiboak hartzera.

Berme mekanismo eske

Lege egitasmoaren beste atal askoren inguruko kezka ere agertu dute. Esaterako, aniztasunaren inguruan egiten duen interpretazioa dela eta. Lege proiektuak dio aniztasuna dela «euskal eskola inklusibo baten jardueraren oinarria» , baina, ekarpenen sustatzaileek salatu dute aniztasuna terminoa ez dela erabiltzen beren ezaugarri pertsonal edota sozialengatik desberdinak direnak izendatzeko. «Baldin eta, lege proiektuan esaten den bezala, aniztasuna balio bat bada, merezi du galdetzea zer den desberdina, kasu honetan, ikasleen taldean, edo nork ezartzen duen zeintzuk diren desberdinak».

Iritzi diote legean eskutik joan behar dutela aniztasunarekiko eta ikasle guztiekiko arretak, etaikasle guztiek merezi dutela hezkuntza sistemaren konpromisoa. Bide horretan, dokumentuaren sinatzaileek berme mekanismoak ezartzeko eskatu dute, hezkuntza sistemak ikasle guztiak barne hartuko dituela ziurtatzeko. Besteak beste, inklusioa garatzeko eta gainbegiratzeko institutu bat sortzea nahi dute. «Funtsezko berme mekanismo gisa funtzionatuko luke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.