Desazkundea aukera bakar modura

Udako Euskal Unibertsitateak, Usurbilgo Udalak eta 'Jakin' aldizkariak bi eguneko ikastaroa antolatu dute desazkundearen inguruan. Krisi ekologiko, klimatiko eta sozialari aurre egiteko hamaika hausnarketa eta proposamen bildu dituzte bertan.

UEUk urtero antolatzen dituen Jakin jardunaldiak Usurbilgo Udaberri ikastolan egin dituzte. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Iñaki Agirre Perez.
Usurbil
2021eko uztailaren 17a
00:00
Entzun
«Erronka zaila da, baina, zaila izanik ere, egin beharra dago». Hausnarketa horrekin itxi zuen Lorea Agirrek, Jakin aldizkariko zuzendariak, Usurbilgo Udarregi ikastolan (Gipuzkoa) bi egunez gidatu duen Krisi ekologiko, klimatiko eta sozialaren erdian: desazkundea beste biderik bada? izeneko ikastaroa. Guztira 11 ordu iraun du, bi egunetan banatuta, eta klima aldaketaz eta ekologiaren ikuspuntutik gizarteak dituen erronka nagusiez aritu dira Udako Euskal Unibertsitatean (UEU), hainbat aditu eta ekintzaileren hitzaldi eta esperientzien bueltan hausnartzeko eta proposamenak egiteko.

Krisi sozioekologikoa, uraren kudeaketa, inguru naturalen etorkizuna, ekofeminismoa, itsas mailaren igoera, hondakinen kudeaketa, energia eta elikadura burujabetza... Gai ugari jorratu dituzte egunotan, baina saio guztiek bat egin dute orain arteko joera orokorrak globalak zein tokikoak baztertu eta desazkundearen bidetik planetarekiko eta bertan bizi direnekiko errespetu handiagoa izango duen eredu baterantz jotzeko beharraren inguruan.

Lehendik ere denek bazekiten, ordea, ez dela formula magikorik munduak aurrean duen krisi ekologiko eta sozialari irtenbide bat emateko, baina, pesimismoan erori gabe, ikertzen eta hausnartzen jarraitzeko beharra azpimarratu zuten ikastaroko parte hartzaileek, eta horren garrantzia nabarmendu zuen Agirrek ere: «Gero eta gehiago jakitea eta informazioa egin eta konpartitzea ez da alferrik izango; ez dakit mundua salbatuko dugun, baina alferrik ez da izango».

Lau esperientzia

Atzoko jardunaldian, ikastaroa amaitu aurretik, parte hartzaileek Euskal Herriko lau proiektu ezagutu zituzten haien kideen ahotik. Hitz egiten lehenak, Goiener kooperatibako Eider Murgoitiok, energia subiranotasuna eta Goienerren funtzionamendu eredua izan zituen hizpide, eta arreta berezia jarri zuen Euskal Herriak bere energia propioa sortzeko duen gaitasunean: «Energiaren sektorea enpresa multinazional handien esku dago, ez da gardena, gure eskubideak mugatzen ditu, eta erregai fosiletan oinarritzen da. Bada, gure energiaren %95 kanpotik dator, baina gure esku dago burujabeak izan eta erabakiak hartzeko gaitasuna gureganatzea».

Burujabetzaren ildo beretik, Baztango (Nafarroa) Jauregia Etxaldea proiektuko Aitor Azkaratek azaldu du nola aldaketa batek beren funtzionamendua hobetu duen: lehen, ekoiztutako behi esne guztia Kaikuri saltzen zioten, baina orain beren kabuz saltzen dute. Hain zuzen, desazkunde prozesu bati jarraituta, lehen langile bakarra zuten tokian sei dauzkate orain, produktua ekologiko bilakatu dute, eta behien kopurua erdira murriztu dute: «'Gero eta gehiago ekoiztu, gero eta gehiago irabazi' pentsaerarekin apurtu genuen, eta desazkundearen alde apustu egin».

Hondakinen tratamenduaren arlotik, Usurbilgo Udaleko Lur Etxeberria zinegotziak eta Igor Goikoetxea teknikariak herriko atez ateko bilketa sistemari buruz hitz egin dute: hamabi urtean, gaikako bilketa %30etik %86ra areagotu da. Etxeberriaren hitzetan, Usurbilek harturiko jarrera «bilakaera» bat da, eta, alde horretatik, hondakinen kudeaketa eraginkor eta ekologikoago bat lortzeko bidean eman dituzten bi pausoren berri eman du: sorturiko hondakinen araberako zerga eta baserritarrekin elkarlanean sorturiko konpost planta.

Lurgaia fundazioko Sergio Gallegok, azkenik, basoen kudeaketari buruz hitz egin du, Euskal Herriak arlo horretan duen «arazoa» mahai gainean jartzeko. Deforestazioak eta basogintza industrialak ekarritako ondorioen berri eman du: «Egun ia ez dugu basorik, eta dauzkagunak oso egoera txarrean daude». Horregatik, 2002az geroztik, Lurgaiak hainbat tokitan 550 hektarearen kudeaketa lortu du, eta 170.000 zuhaitz eta zuhaixka landatu ditu, bertako espezieen basotze naturala sustatzeko.

Ikastaroaren arrakasta

Ikastaroak iraun duen bi egunetan 70 pertsona inguru eta maila handiko hizlariak bildu eta gero, jardunaldien «balorazio oso positiboa» egin du UEUko Irati Iciarrek: «Pozik gaude, hasteko, pandemia garai honetan ikastaroa aurrez aurre eta modu seguru eta eroso batean egiteko gai izan garelako». Gainera, nabarmendu du parte hartzaileek saioetatik kanpo ere harremana izateko eta gozatzeko tartea izan dutela, eta horren adibide da ikastaro amaieran Eli eta Manex Pagolaren eskutik gozatu zuten kontzertua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.