Luizia Zaldibarko zabortegian. Hondakinen kontrola

Egon daiteke beste Zaldibar bat?

Administrazioak ez daki nora botatzen diren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako obretako materialen %26 eta Nafarroako %16, Ihoberen eta Hondakinen Planaren arabera. «Kontrol falta» eta zaborra «negozio» bihurtzea salatu dute hainbat ahotsek.

Irati Urdalleta Lete.
2020ko otsailaren 16a
00:00
Entzun

Eta nire herriko zabortegian gauza bera gertatuko balitz? Hori da jende askok Zaldibarren (Bizkaia) gertatutakoaren harira egin duen galderetako bat. Orokorrean, informazio falta dago hondakinak lurperatzen diren leku horiei buruz. Batzuetan, ezaguna da non dauden, baina ezezagunagoa zein hondakin jasotzen dituzten eta horretarako zein kontrol igaro behar dituzten.

Zabortegiak nola sailkatzen diren jakitea da oinarrizkoena. Hain zuzen, hiru motatakoak daude: material ez-arriskutsuenak plastikoa, beira, papera...; arriskutsuenak amiantoa, merkurioa...; eta inerteenak lurra, adreiluak, hondarra.... Hala ere, zabortegiek kategoria bat baino gehiago izan ditzakete, baldin eta zelda bereiziak badituzte eta zabortegi mota bakoitzari dagozkion legeak betetzen badituzte. Hori da, esaterako, Verter Recycling 2002 SM zabortegiaren kasua. Berez, Zaldibarkoak, material inerteentzat izan arren, bazuen baimena amiantoa jasotzeko ere. Legeak dioenez, amiantoa jasotzen den leku horretan ezin da beste materialik eduki, eta hermetikoa izan behar du.

Euskal Herrian, orotara, 37 zabortegi daude obrako, inerte edo ez-arriskutsu gisa katalogatutako hondakinak hartzeko. Zehazki, hamabi daude Bizkaian, bederatzi Gipuzkoan, bederatzi Nafarroan, lau Araban, bi Lapurdin eta bat Zuberoan.

BERRIAri Eusko Jaurlaritzak zehaztu dionez, baimenak emateko orduan, zabortegiek erakutsi behar dute material horiek jasotzeko gaitasuna dutela. «Ziurtagiri bidez erakutsi behar dute lurrak eta instalazioak egokiak direla, kokapena ona dela...».

Espainiako uztailaren 28ko 2011/22 Legearen arabera, administrazioari dagokio zabortegiak zaintzea, ikuskapenak egitea eta kontrolatzea, eta edonoiz izango du aukera zabortegiaren jokaera egokia dela ziurtatzeko. Hala ere, zenbaitek ez dute uste legea behar bezala betetzen denik. BERRIAk solaskide izan ditu zabortegi bateko gerentea izandako pertsona bat —ez du izenik eman nahi—, Gongorako (Nafarroa) zabortegian kontrol lanak egiten zituen Jesus Arbizu ingeniaria eta Iparraldean ingurumenaren aldeko mugimenduak biltzen dituen CADE taldeko presidente Victor Pachon.

Zabortegi bateko gerente ibilitako solaskideak bi arrazoi posible ikusten ditu Zaldibarren gertatutakoaren atzean. Batetik, azaroko euriteetan jarri du arreta. Uste du Zaldibarko arazorik larriena zela dena irekita zegoela, hau da, plastikoarekin estali gabe. Azaldu duenez, Ingurumen Baimen Bateratuak agintzen du jarduera hektareaka egin behar dela. Hau da, zaborra lurperatzen ari diren eremuan hektarea bakarra soilik egon daiteke plastikoarekin estali gabe. Horren arrazoi posible bat ere eman du: Zaldibarko zabortegiak Elgoibarko araztegira isurtzen zituen lixibiatuak lurperatutako hondakinetatik ateratzen den likidoa. Lixibiatuek araztegia honda dezakete, eta gerentearen susmoa da Zaldibarkoak mugatik gertu zebiltzala. «Hori ez gertatzeko, lixibiatua disolbatu nahiko zuten. Nola disolbatu? Euri urekin. Euri urak sartzen utziz gero, lixibiatuarekin nahastuko dira, eta kontzentrazio txikiagoa izango du». Bestetik, «diru gosea» aipatu du. «Langileak denbora guztian kamioiak husten ari ziren. Ez zeukaten denborarik isuritakoa ondo egokitzeko, lurrak ondo jartzeko...».

«Eusko Jaurlaritzak, teorian, kontrol zorrotza egiten du, baina batzuekin zorrotza da, eta besteekin bigunagoa», salatu du gerente ohiak. Azaldu duenez, urtero egin behar dira Ingurumen Sailera bidaltzeko kontrol txostenak, eta ikuskaritzak ere egiten dizkiete. Nafarroaren kasua ere antzekoa dela esan du Arbizuk: «Paperean denak oso ondo funtzionatzen du». Praktikan, ordea, bestelakoa da egoera, haren ustez, eta gertutik ikusi izan ditu jokabide desegokiak. «Iraungi gabeko jogurten kamioikadak botatzen zituzten urte osoan, lurperatutako pilak zeuden... Eta, nire ustez, Gongorako zabortegia onenetako bat da».

Eusko Jaurlaritzak bestelako iritzia dauka. Ziurtatu du ingurumen baimenean ezarritako jarraipena egiten dutela: «Begiratzen ditugu sartzen diren materialak eta zaborren lixibiatuak, bisitak egiten dira...».

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan derrigorrezkoa da materialei jarraipena egitea. Hau da, zaborra sortzen denetik zabortegira iritsi arte kudeatzen duten denek erregistratu behar dute nork eman dien eta beraiek nori pasa dieten. IKS-eeM izeneko sistemaren bidez egiten da hori. Baina datuek berresten dute kontrol falta. Administrazioak ez daki Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sortutako obrako hondakinen %26 nora doan, eta Nafarroan %16 da kopurua. Ihobe Eusko Jaurlaritzari atxikitako sozietate publikoak eta Nafarroako 2017-2027ko Hondakinen Planak jasotzen dituzte datuak, hurrenez hurren.

Ipar Euskal Herrian, berriz, legezko hondakindegiek baino gehiago kezkatzen dituzte legez kanpokoek. Pachonek ziurtatu duenez, 70 baino gehiago daude. Batez ere, etxeen eraispenetan ikusten du arazoa. «Txanpon batzuk ematen dizkiete baserritarrei, eta horiek zulo bat egiten dute, zabor guztia bertan sartzen dute eta gainetik lurra botatzen diote». Hori «oso arriskutsua» iruditzen zaio Pachoni, denetik aurkitu izan dutelako: gas bonbonak, pestizidak, amiantoa...

Zaborra, negozio bihurtuta

Elkarrizketatuek argi dute: hondakinen kudeaketa negozio bilakatu da. Izan ere, Euskal Herrian dauden zabortegi asko batez ere obretako materiala jasotzen dutenak pribatuak dira. «Irabaziak pribatizatzen dira, baina hondamendiak guztion artean ordaintzen ditugu », salatu du gerente ohiak. Zaldibarren sortutako kaltea milioi eurotan zenbatu behar dela esan du: «Enpresa pribatu bat da, kiebra joko du, eta nork estaliko du zuloa? Guk, beti bezala». Arbizuk ere enpresa pribatuek sortzen dituzten gorabeherak azaleratu ditu, adibide bat emanez: zabortegi horietako bati nahasita etortzen bazaizkio material arriskutsuak edo toxikoak nahiz metal astunak, ezin ditu lurperatu. Bereizi egin behar ditu, eta segurtasunezko depositu batera eraman, baina horrek kostu ekonomikoa du. Negozioaren lehentasuna «dirua ateratzea» denez, ahalik eta gutxiena gastatzen saiatzen direla ziurtatu du. «Kudeaketa publikoa beharrezko bermea da, baina ez nahikoa; jabetza ere publikoa izan beharko litzateke», erantsi du. Zabor arriskutsuak hartzen dituztenen artean ere, «lehiakortasuna» sumatzen du, ahalik eta material gehiena hartzen saiatzen direlako. «Material horiek dituenak merkeenera eramango ditu, eta ez zaio axolako gero zer egiten duten horrekin». Ipar Euskal Herrian ere pribatizaziorako joera nabari du Pachonek. «Leku pribatu batean, ezin gara sartu, ez dakigu zer gertatzen den eta estatuaren zerbitzuek ere ez», ohartarazi du.

«Bizkaian ez dakigu zer pasatzen ari den, baina hondamendi bat izan da», esan du Arbizuk. Zaldibarko kutsadura «larria eta arriskutsua» iruditzen zaio. «Krimen bat da amiantoa inerteentzako zabortegi batean sartzea». Azaldu du Zaldibarkoaren gisako zabortegiek segurtasun geruza bikoitza dutela lixibiatua eta euri urak jasotzeko, eta puskatuz gero, azpitik beste hodi bat ere edukitzen dutela. «Luiziarekin, hori guztia desagertzen da».

Tuteran ere bai

Zaldibarkoa ez dela kasu bakarra dio Arbizuk. Tuterako (Nafarroa) hondakindegian izandako «esperientzia txarra» izan du hizpide. «Tuterako zabortegikoa sinestezina da, eta ingurumenean eragin handia du». Azaldu duenez, 2013an konturatu ziren ornitologia ezaugarriengatik babestutako leku batera isurtzen zituela lixibiatuak eta «guztia» kutsatu zuela. «Ez da txantxetakoa. 2.000 ardi hil ziren, kutsatutako ura edan zutelako». Horri aurre egiteko, administrazioari «behin eta berriz» eskatu diote kontrol gehiago. «Oraindik salaketak jasotzen dituzte, ez dutelako estaltzen, gasak ihes egiteko hodiak ez dituztelako jartzen...». Sentitzen du ikuskatzaileen lanak ez duela fruitu handirik eman: «Hainbeste urtean borrokan aritu ostean, oso gauza gutxi lortu ditugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.