Albistea entzun

«Alarmak pizteko» espetxealdi ostea

Euskal presoen kopurua apalduz doan neurrian, gora doa kartzelaldiaren ondoren laguntza behar duten preso ohiena. Harrera elkarteari handitzen ari zaizkio lan bolumena eta gastua, eta 60-70 urtekoen egoera zaurgarriaz ohartarazi du.
Jon Ugarte, Harrera elkarteko kidea.
Jon Ugarte, Harrera elkarteko kidea. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jon O. Urain -

2021eko urtarrilak 2 - Usurbil

Harrera laguntza elkartea 2012an sortu zen, espetxetik irten eta horren beharrean dauden euskal presoei era askotariko laguntza emateko; administrazioetan egin beharreko paper kontuak, gidabaimena berritzea, osasun arreta, lan munduratzea... Elkarteak, ordea, paradoxa bat du: 2012an, Harrera sortu zutenean, 613 euskal preso zeuden, eta orain 226 dira. Preso kopurua jaisten ari da, eta, beraz, espetxetik irten ondoren laguntza behar dutenena handituz doa: «Ontzi komunikatuak dira: kartzelan dauzkaten arazoak desagertzen dira, baina gizartean diren arazo arruntak agertzen zaizkio», azaldu Jon Ugarte Harrerako kideak (Zestoa, Gipuzkoa, 1958).

Horien zaurgarritasuna nabarmendu du Ugartek, sarri itzalean geratzen baitira aske geratzean sortzen diren zailtasunak: «Jendeak pentsa dezake preso batek, irtetean, bere burua defendatu dezakeela. Baina 25 urte barruan eman dituen batek ez du baliabiderik bere burua defendatzeko; herren dago. Jendeak ez du behar bezala antzematen hori».

Preso ohien gorakada horrek zuzeneko eragina izan du elkartearen lan bolumenean eta gastuen ugaritzean: «Haginlarietan gero eta diru gehiago joaten zaigu, oso gaizki ateratzen delako jendea, zaintzarik ez dutelako izan... Beste batzuk psikologikoki galduta irteten dira, egundoko ilusioarekin ateratzen direlako... Gero eta gehiagok adierazten digute psikologoaren beharra». Gainera, diruz ere laguntzen saiatzen dira, Espainiako Estatuak kartzelatik irten ondoren ematen dien diru kopuruari «gehigarri bat» jarrita, diru sarrerak bermatzeko errentara iristeraino. «Saiatzen gara ekonomikoki bultzada bat ematen, baina ohartzen ari gara kateatzen ari zaizkigula: laguntza mota horiek bizi artekoak bihurtzen ari zaizkigula, ez dutelako etorkizunik; haien egoera aldatzea oso zaila baita».

Kotizazio nahikorik gabe

Preso ohiaren soslaia funtsezkoa da kartzela osteko bizimodura egokitzeko aukerei erreparatzeko: Ugarteren hitzetan, egoera eta irteera ezberdinak ditu preso bakoitzak, esparru eta lagunarte jakin batean kokatzen delako. Esaterako, nabari dute herri txiki eta ertainetan errazagoa dela berregokitze prozesua, baina nekezagoa da hiri handixeagoetan. Haatik, gaur egun presondegia atzean uzten duten gehienek badituzte ezaugarri batzuk elkarrekin, Ugarteren arabera: «15-30 urteko espetxealdia bete dutenek ez dute ez prestakuntzarik, ez baliabiderik. Gazte batek, berriz, 35-40 urterekin irteten bada, oraindik ibilbide bat dauka, eta esfortzu bat egiten du egokitzeko, baina 55 urtetik aurrerakoei oso konplikatua egiten zaie».

Ugarteren hitzetan, horietako askoren etorkizuna «alarma pizteko modukoa» izaten da, «ezin direlako sartu lan mundura: ez dutelako prestakuntzarik, aldi baterako lanak dituztelako... eta, bestetik, erretiro fasean murgiltzera doazelako». Elkarteak berak lortu izan ditu kontratazio batzuk, baina aldi baterako izan ohi dira: «Adin batetik aurrera ateak irekitzea oso zaila da».

Horrek eragin zuzena du kotizazioan: kotizaziopeko pentsioa jasotzeko, hamabost urte izan behar dira Gizarte Segurantzan kotizatuta, eta iristen ez direnek kotizazio gabeko pentsioak dauzkate; lehenek, ordea, pentsio hori jasotzeko eskubidea dute, eta bigarrenei familia unitatearen irabazien arabera ematen zaie; ez dute berez jasotzeko eskubiderik. Hori «izugarrizko arazoa» dela dio Ugartek, «jendea deseroso sentitzen delako; 25 urtez karga bat izan zara, irten, eta karga bat zara oraindik ere». Bestelakoa da iheslarien kasua: haiek ere nagusiak dira asko, eta normalean ez dira ibili beren izen-abizenekin; hortaz, ez dute ezer kotizatu.

Harrerak galdetegi bat zabaldu zuen, hamabost urtetik beherako kotizazioak dituztenak zenbat diren jakiteko. 1.167 preso ohirekin harremanetan jartzen saiatu ziren, eta 734k erantzun zuten. Ondorioa da 60-70 urte bitarteko 300 preso ohi inguru daudela iristen ez direnak kotizaziopeko pentsioa jasotzeko adinako kotizaziora. Dokumentu horren emaitzek zehaztuko dute elkartearen ildoa.

Hortaz, neurri horretan ugaritu zaizkio gastuak elkarteari, baina egoera horiei aurre egiteko aurrekontua ez da beste hainbeste handitu; kontrara, COVID-19aren izurriak utzitako egoera ekonomikoak kalte egin dio Harrerari ere, kaleko salmentak, festetan bildutako ekarpenak eta abarrak bertan behera geratu direlako eta bazkidetzak ere apaldu direlako; 3.000 pertsona inguru dira elkarteko bazkide, eta 200.000 euro inguruko diru sarrerak dituzte, bazkidetzez aparte, webgunearen bitartez eginiko ekarpenak batuta. Aurtengo balantzea galerekin itxiko dute. Hori horrela, kartzelaren biharamuneko zailtasunez ohartarazi nahi die Ugartek herritarrei: «Beste arazo batean sartzen dira, eta lagundu egin behar zaie».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

KONTRAPISUAK DUEN PISUA

Iosu Alberdi

Mendeetako eztabaida da, azkenaldian sarri loratu dena: botere judizialak zenbateraino betetzen duen exekutiboaren eta legegilearen kontrolatzaile rola, eta noiz igarotzen duen herri borondatea ordezkatzearen muga. Adituek beharrezkotzat jotzen dute erakunde publikoen kontrola, baina baita «oreka» ere.
Bilbon udaletxe aurrean amaitu zen atzo GKSren manifestazioa. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Langileak «subjektu politiko independente» moduan egituratzera deitu du GKSk

Maite Asensio Lozano

Manifestazio jendetsuak egin ditu Gazte Koordinakunde Sozialistak Bilbon eta Iruñean. «Bankariak eta enpresari handiak» jo dituzte pobretzearen erruduntzat

GKSk manifestazio jendetsuak egin ditu Bilbon eta Iruñean

GKSk manifestazio jendetsuak egin ditu Bilbon eta Iruñean

Berria

'Enpresarien eta agintarien erasoaldiaren aurrean, gazte langileok borrokara!' lelopean, langileak «subjektu politiko independente» moduan egituratzera deitu du Gazte Koordinakunde Sozialistak

 ©JON URBE / FOKU

«Adostasun berriek ahalbidetu dute bake prozesua»

Irati Urdalleta Lete

Foro Sozialaren bidea ixtear da, baina hor dago eginikoa: hamabi aholkuetatik 11 beteta edo betetzear. Eta egitekoak: adibidez, biktimen «asimetria» gainditzea. Balorazio «ona» egin dute.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...