Albistea entzun

Baskoiekin zuten zorra kitatu dute

Patxi Aldunate eskultorearen 'Populus Baskonia' monumentua inauguratuko dute igandean Luzaiden. Orreagako gudua gogoratzen du eskulturak. 778. urteko gertakariak gogoratzeko ekitaldiak eginen dituzte etzi hasi eta abuztuaren 15era bitarte.
Patxi Aldunatek sortutako <em>Populus</em> <em>Baskonia </em>monumentuaren zati bat, Luzaiden.
Patxi Aldunatek sortutako Populus Baskonia monumentuaren zati bat, Luzaiden. JAGOBA MANTEROLA / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iker Tubia -

2023ko abuztuak 9 - Iruñea

Historia garaileek kontatzen dutela esan ohi da; bertsio ofizialetan ez dagoela galtzaileentzako lekurik. Baina batzuetan paradoxak izaten dira, eta bada halakorik Nafarroan; bada galtzailea garaile izan den gertakari historiko bat. Galtzailea ohoratu da mendez mende, eta garailea ahantzi: 778. urteko Orreagako gudua (Nafarroa), hain zuzen ere. Baskoiek Karlomagnoren gudarosteari eraso egin zioten, baita irabazi ere. Errolanen heriotzaren oroimenezko monumentu bat dago Ibañetan, baina baskoien erreferentziarik ez inguruetan. Orain arte. Luzaiden (Nafarroa) paratu duten Populus Baskonia (Baskoniako jendea) monumentuak gogoratzen ditu bataila hartako garaileak. Patxi Aldunatek sortu du, eta igandean eginen dute inaugurazio ekitaldia.

«Oso inportantea da. Erreparazioa lortu dugu gure antzinako arbasoentzat», adierazi du Koldo Amatria Orreaga fundazioko presidenteak. Haren fundazioak sustatu du monumentuaren afera, eta haiek jo zuten Aldunaterengana. «Gure menderatzaile izan zenaren eskultura bat izatea, eta gure arbasoen eskultura bat ez izatea erru bat zen, konpondu beharrekoa. Orain gutxienez badago gertatu zenaren lekukotza bat», gaineratu du eskultoreak.

Aldunatek eskulturaren nondik norakoak kontatu ditu. Enkargua gogo onez hartu zuen: «Edozein euskal artistarentzat opari bat da enkargu hau», kontatu du artistak. «Hasieran Ibañetan kokatu behar zen, baina gero Luzaidera eraman zuten. Azkenean kontent gelditu nintzen emaitzarekin».

Eskultura Corten altzairuz egindako xafla bat da; sei metro garai da, eta bi zentimetro zabal. Nahita bilatu zuen bolumenik ez izatea: «Bataila hori irudikatzen nuen zuhaitzen artean, itzalak balira bezala. Horregatik da laua eskultura. Karlomagnoren armadak itzalak besterik ez zituela ikusiko uste dut». Hiru pieza ditu eskulturak: «Lehenbizikoak, bailarako jendea irudikatzen du; bigarrenak, inguruko jendea; eta hirugarrenak, Euskal Herriko jendea». Albo batean inskripzio bat ageri da, Eginhardo Karlomagnoren kronikagileak Vita Karoli Magni-n (Karlomagnoren bizitza) idatzitako esaldi bat: Vascones in summit montis vertice surgentes (Baskoiak mendien goialdetik irteten).

Ongi begiratuz gero, erdian aurpegi bat ikusi daiteke zizelkaturik. Haur baten aurpegia da, buruan gandorra duela. «Ume bat da, eta buruan eguzkiaren sinboloa du», azaldu du eskultoreak. «Garai hartan Iruñeko erresuma sortzen ari zen, eta hori da umearen esanahia. Eguzkiak esanahi erlijiosoa du, euskaldunak beti ekiari begira izan direlako».

Eskultura paratuta dago iazko irailaz geroztik, eta herritar gehienak «pozik» daudela esan du Orreaga fundazioko presidenteak. Bitxikeria bat ere kontatu du: «Handik pasatzen den jendea gelditzen da monumentua ikustera. Batzuek uste zuten Donejakue bideari lotutako zerbait zela, beraz, testuak jarri genituen Orreagako guduari lotua zela kontatzeko; baita QR kode bat ere, guduaren informazioa eskuratzeko».

Inaugurazio ekitaldia

Eskultura paratu bai, baina oraindik ez dute inaugurazio ofizialik egin. Orreagako gudua abuztu erdialdean izan zen, eta horregatik nahi zuten egun horietan egiten diren ekitaldietako bat inaugurazioa izatea. Ekitaldi «xumea» izanen dela esan du Amatriak, baina jende askok parte hartuko du: Luzaideko bolantak, Sagarra txalapartariak, Baigorriko gaitariak, Mikel Alzuart eta Bittor Elizagoien bertsolariak, Orreaga abesbatza eta Kantuz egitasmoko partaideak. Ondotik, herri bazkaria eginen dute.

Ekitaldi nagusia bi egun geroago eginen dute, Ibañetan. Han dago Errolanen omenezko oroitarria. Amatria zuzen mintzatu da: «Hurrengo helburua Ibañetakoa kentzea izanen da».

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Patxi Angulo. ©Gorka Rubio, Foku

«Badauzkat 5.000 urte dauzkaten jokoak»

Unai Zubeldia, Gipuzkoako Hitza

Irakaslea da ofizioz Patxi Angulo, baina munduko joko klasikoak biltzea du afizio. Londresera egindako bidaia batean hasi zen ideia gorpuzten, eta Jokoenea, munduko jokoen museoa sortu zuen 2018an. Bost urte bete ditu.

Iruñeko San Fermin Txikiko umeak, gozokien esperoan. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Bestak kalea berenganatuz

Itsaso Jauregi

Udalbatza txikiak txupinazoa botata hasi dira Iruñeko San Fermin Txiki bestak. Jendetza bildu da Alde Zaharreko kaleetan, eta gazteenak gozokien bila aritu dira.
Aitor Etxeandia Otalarreako teknikaria, sagastiko sagarrak eskuetan dituela. ©GORKA RUBIO / FOKU

Sagarrak badu garrantzia

Amaia Jimenez Larrea

Villabonako Otalarrea sagasti esperimentalean sagargileentzako baliagarriak izan daitezkeen tekniken eta elementuen inguruan ikertzen dute. Gainera, Euskal Herriko ia sagar mota guztien sagarrondoak dituzte, haien bilduma bat egiten ari baitira.
Salda da <em>ramen</em> zoparen lehengai garrantzitsuena, eta askotarikoa izan daiteke. ©CC0

Zapore eta tradizio zopa

Unai Etxenausia

Japoniako plater tradizionaletako bat da 'ramen' zopa, eta mundura zabaldu da. Txinako sukaldaritzatik heredatu, eta moldatu egin zuten, duela ehun urte inguru.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iker Tubia

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.