Hezkuntza

Ikasle etorkinak eta eskola, elkarrekin hazten

Badira hogei urte Espainiaz haragoko ikasle atzerritarrak Hegoaldeko eskoletan ugaritzen hasi zirela. Amelia Barquinen esanetan, hezkuntza sistema gai izan da erronkari erantzuteko, baina badago zer hobetua: «Etorkinen seme-alabak ikastetxe batzuetan metatzea haien eskubideen kontrako ekintza da».

Ikasleak ikasgelan, Nafarroako ikastetxe batean, artxiboko irudi batean. JESUS DIGES / EFE.
Irati Urdalleta Lete.
2022ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Fenomeno berria izan zen, inork espero ez zuena eta gizartea eta irakaskuntza sistema prestatu gabe harrapatu zituena. Hala laburtu du Amelia Barquin Mondragon Unibertsitateko irakasleak hogei urte atzera egin eta Hego Euskal Herriko ikastetxeetara Espainiaz haragoko ikasle etorkinak iristen hasi ziren garaia. Geroztik, esku bete lan izan du hezkuntza sistemak: integrazioa sustatu, ikasleak euskaldundu... Erronkari erantzun diotela uste du: «Hezkuntza sistema gauza izan da espero ez zen fenomeno hori kudeatzeko». Zehaztu egin du, ordea: «Hezkuntza sistema bere osotasunean ez: ikastetxe batzuk».

Ikusi gehiago. Hafsa Fenehara, ikaslea: «Beloa eramanda, sumatzen dituzu irakasleen aurreiritziak»

Datuek erakusten dute fenomeno esanguratsua izan dela migrazioarena. Espainiako Gobernuko Hezkuntza Ministerioaren arabera, duela hogei ikasturte, 2001-2002an, 7.739 ikasle atzerritar —espainiar nazionalitatea ez zutenak— zeuden Hegoaldeko eskoletan, eta 2020-2021eko ikasturtean, 43.615. Beste modu batean esanda: Nafarroan, ikasleen %4,3 ziren duela hogei urte, eta %9,6 dira egun; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, %1,4 ziren lehen, eta %8,7 dira orain.

Urduritasun pixka bat eta zalantza. Barquinen irudiko, horixe zen nagusi duela bi hamarkada jatorri atzerritarreko ikasleak hartzen hasi ziren eskoletan. Haien soslaia «desberdina» zela azaldu du, eta laster sumatu zituztela ikasle horiek artatzeko aparteko zailtasunak: «Konplexutasuna ikusten hasi zen, eta konplexutasunak lan gehiago ematen duela eta baliabide gehiago behar dituela». Ordea, bitartekoak falta zituzten: «Urte askotan hezkuntza administrazioak ez dio erantzun horri».

Baldintza horietan, oro har, ikasleek lortu al dute ikastetxeetan eta gizartean integratzea? Argi-ilunak izan ditu bideak. Harrera prozesuak, esaterako, hobetu direla uste du: «Beti jaso dira ikastetxeetan ondo, kariñoz, baina orain jakintza gehiago dago».

Ikusi gehiago. Jaione Garai, rakasle eta zuzendari ohia: «Euskalduntzen ahalegin handia egiten da; lortzen dira emaitzak»

Ikastetxeen lanarekin batera, integraziorako erronka eta bidelagun izan dute euskara ere. Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, 2017-2018ko ikasturtean, Lehen Hezkuntzan, atzerrian jaiotako ikasleen %63,6 D ereduan —euskara hutsezkoa— eskolatuta zeuden; %27, B ereduan —erdia gazteleraz eta erdia euskaraz—; eta %8,7, A ereduan —gaztelera hutsezkoa—. Gainera, euskara hutsean ikasten zutenen kopurua handiagoa zen bertan jaio baina jatorri atzerritarra zutenen artean: %71. Bigarren Hezkuntzan, gutxiagok egiten zuten euskararen aldeko hautua: atzerrian jaiotakoen %43k. Nafarroako Gobernuak ez dauka horrelako azterketarik eginda. Barquinen esanetan, zenbaki horiek ikusita, Araban, Bizkain eta Gipuzkoan behintzat hizkuntza ereduen auzia bideratuta dago.

Orain, euskalduntzearen erronka dago aurrean, baina ez ikasle etorkinekin soilik: euskaraz ez dakiten familia autoktonoen seme-alabekin ere bai. «Batzuek ondo ikasi dute, eta beste batzuek, ez hain ondo», azaldu du Barquinek. Tartean faktore asko sartzen direla nabarmendu du: atzerritik zein adinetan etorri diren, baldintza sozioekonomikoak, ingurune euskaldunean bizi diren ala ez... Baliabideak behar dituzte: «Erronka bat da, eta estrategiak ari dira bilatzen eta eskaintzen horretarako; segur aski gehiago beharko dira». Erronka horri erantzun beharra dagoela esan du, «zeozer» badagoelako jokoan: «Ez dut esango euskararen etorkizuna etorkinen seme-alaben eskuetan dagoela, baina beste faktore bat da, garrantzitsua».

Zeregin ugari

Integraziorako bidean, badaude itzalak ere, hobetzeko arloak eta egitekoak. Barquinen irudiko, haien baldintza sozioekonomikoei, ikasketetan aurrera egiteko dituzten zailtasunei eta eskola segregazioari erreparatu behar zaie. Irmo mintzo da: «Etorkinen seme-alabek zer moduz egiten duten bainoago, uste dut hasi behar dugula analizatzen sistematik ea zer baldintza eta aukera ematen zaizkien».

Esaterako, zailtasunak dituzte eskola ibilbidean mailaz maila aurrera jarraitzeko: «Iruditzen zaigu etorkinen seme-alabak ez direla ari iristen Batxilergora eta unibertsitatera; ez dut esango inor ez dela iristen, baina gutxiago dira». Datuek berresten dituzte Barquinen hitzak: Nafarroan, LHn, ikasleen %10,2 dira atzerritarrak; Batxilergoan, berriz, %5,8. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, antzera: %9,4 dira LHn, eta %4,3 Batxilergoan. Hainbat arrazoi daudela iruditzen zaio Barquini. Esate baterako, baldintza ekonomikoak: eskola partikularretara joateko zailtasunak, txirotasun energetikoa...: «Ikasleen emaitza akademikoek erlazioa daukate familien egoera sozioekonomikoarekin, eta ez soilik etorkinen seme-alabei dagokienez: ikasle guztiengan da hala».

Segregazioaren korapiloa

Integrazioa eta ikasle horien eskola arrakasta oztopatzen dituen beste baldintza bat ere badago: eskola segregazioa. Honatx argazkia: Hego Euskal Herrian, ikasle atzerritarren %72k sare publikoan ikasten dute. Eskola segregazioa badagoela erakusten duten datu xeheagoak daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: 2019an, LHko 527 ikastetxetatik 117tan —ikastetxeen %22,2— ez zeukaten atzerritar jatorriko ikaslerik; aldiz, 107tan (%20,3) ikasleen %20 baino gehiago ziren.

Segregatzeko joera jada duela hogei urtetik ikusten dela esan du Barquinek. Orain, egoera «larria» dela irizten dio: «Egiten diren ikerketek erakusten dute segregazioa gure sistemaren ezaugarri bat dela, areagotzen ari dena eta bereziki larria dena». Barquinek argi du zerk huts egin duen: «Administraziotik ez da neurririk hartu. Esku hartzerik ez dagoenean, esku hartze bat dago: korronte nagusiak agintzen du». Erremedio batzuk ere proposatu ditu: esaterako, doakotasuna bermatzea, matrikulazio prozesuak kudeatzeko udal bulegoak sortzea eta «premia sozialei erantzuten ez dieten eskolak» ez finantzatzea.

Hala egin ezean, zein ondorio uzten ditu eta utziko ditu segregazioak? Barquinek esan duenez, «ugari» izango dira, eta «denak negatiboak». Arlo akademikoan eragiten duela aipatu du: «Emaitza hobeak lortuko lituzkete ikastetxe heterogeneoetan, eta beste ikasleei ez lieke kalte egingo». Kohesiorako eta ikasle horiek euskalduntzeko ere zailtasunak eragiten ditu: «Nola erakarri ikasle horiek euskarara, zeharkako mezua hau bada: 'Bigarren mailako herritarrak zarete, eta ez zarete ikasle deseatuak, baina euskara ikasi, ze guri komeni baitzaigu». Finean, eskubideak urratzen zaizkiela nabarmendu du: «Pobreak eta etorkinen seme-alabak ikastetxe batzuetan metatzea haien eskubideen kontrako ekintza bat da; diskriminazioa da. Ez dago modurik hori justifikatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.